Antzerkiaren ateak ixtean, zer?

Basauriko antzerki eskolak bere ateak itxi ditu. Eta ez da ezer gertatu. Eusko Jaurlaritzak «Antzerti» antzerki eskola eta dokumentazio gunea itxi zuen eta ez zen gertatu ezer. Izan ere, nori axola zaizkio halako berriak? Orduko itxiera hark ez zuen inongo oihartzunik izan, nahiz eta Euskal Autonomia Erkidegoak zuen antzerki egitura ofizial bakarra izan. Euskal kulturako zenbat eragile arduratu ziren horretaz? Euskal antzerkiaren osasuna nori axola? Dena dela paradoxa bat ematen da azken urteotan. Euskal Herrian egiten den antzerkiak inoiz ezagutu gabeko arrakasta eta errekonozimendua du egun, gure mugen barruan zein kanpoan. Euskal aktore batzuek hedabideetan agerpen ugari egiten dute, Madrilen ( Oh, la, la, la, Madril!) gure talentuak arrakasta jaso ondoren, jakina. Arriagako sarien izpirituaren eskutik glamourra ere heldu da euskal antzerkira. Inork ez diezadala gaizki ulertu, nik primeran ikusten dut gure antzerki ekoizpenak zein aktoreen lana gero eta ezagunagoak izatea, izan ere ez baitago gauza makurragorik zurekin inor ez gogoratzea baino, baina aldi berean gure antzerkiaren gaineko gogoetaren eskasia sumatzen dut.

Gogoeta horietako bat antzerki eskolen gainekoa da, hau da antzerki hezkuntzaz. Basauriko antzerki eskola itxi arren beste askok martxan jarraitzen dute, era guztikoak eta lan txukunak egiten. Aktore izateko bideak zabaldu dira. Heziketa hori, dena dela, zein irizpideen arabera egiten da? Eskola bakoitzak berea izango du eta hori ez da arazoa, arazoa da ea planifikazio orokor bat ote dagoen antzerki heziketaren gainean. Ezezko borobila baino ez dut aurkitzen. Antzerkiaren gainean ez badago nola egongo da antzerki eskolekin? Honen arrazoi nagusiena instituzioek eta politikoek antzerkiaren gainean duten ezjakintasun lotsagabean ikusten dut.
Adibidetxo bat jarriko dizuet, nahiko lokala bada ere, nire herrian gertatutakoa baita, uste dut orokorrean instituzioek antzerkiarekiko erakusten duten jarreraren seinale dela. Nire herriko Niessen fabrika zaharreko eraikinean hainbat kultur jardun egiten ziren, antzerkia horien artean, baldintza eskasetan baino okerrago, baina bide interesgarriak erakutsiz. Antzerki talde batzuk egoitza gisa erabiltzen zuten eraikin hori, euren lanak prestatzeko besteak beste. Horietako bat Ur antzerki taldea zen, Espainiako antzerki sari nazionala jasotakoa eta nazioartean arrakasta handia lortutakoa. Bertan antzerki eskola martxan jarri zuen eta honekin batera antzerki egitarau polita. Egitaraua lehenengo eta eskola ondoren, biak bertan behera gelditu ziren, arrazoi nagusiena udalaren interes eza izan zela, laguntzak baino oztopoak jartzen zituela bidean. Baina hemen amaitu izan balitz dena gaitzerdi. Eraikin zahar horretan kultur gune berria egin behar zutela eta, udaleko politiko azkarrei ez zaie beste gauzarik bururatzen urtetan bertan lan egindako antzerki taldeak bertatik botatzea baino, Ur taldea eta Trapu Zaharrak egoitzarik gabe utziz beste alternatibarik eman gabe. Eta kito. Orain antzerki egitaraua egiteko ahaleginetan dabiltza, antzerkia suspertu herrian eta hau eta beste. Antzerkizaleen ekimenek jasotzen dituzten traben beste adibide bat besterik ez. Adibide honek antzerkiaren egoera nola dagoen erakusten digu, izan ere beste leku askotan ez dut uste asko aldatuko denik. Kultura eta antzerkia hitzak aldarrikatzen dira instituzioen, agintarien aldetik baina hutsaren parekoak dira, inolako mamirik ez dute, kontsigna bat besterik ez dira.

HALAKO egoerei aurre egiteko antzerkigintzaren gainean gogoeta gutxi egiten dela iruditzen zait. Egun, Euskal Herrian nagusitu den bidea antzerki ekoizpen etxeena da, aktorearen indibidualtasuna eta komertzialtasuna. Jakina komertzialtasuna behar dela ekoizpenek aurrera egin dezaten, baina balantza alde batera erori dela iruditzen zait. Euskal antzerkiak, orokorrean, ez dio ezer berririk eskaintzen euskal kulturari. Euskal eszenatokietan ez dugu ikusten bertakoa bezala identifika dezakegun antzerki bat, eta ez naiz ari folkloreaz edo antzekoaz. Euskal antzerkiari bere bide propioa egitea falta zaio. Zaila da antzerki proposamen berritzaileak aurkitzea. Zaila da topatzea euskal antzokietan gogoetarako bidea ematen duten lanak, bertatik sortutako proposamen estetiko zein dramatikoak. Antzerki amateurra, hau da antzerkiaren harrobia eta ezinbesteko eskola, kobazuloetan dago. Antzerki idazleak azken urte arte ez ziren kontuan hartzen instituzioen aldetik, lehiaketetan ez bazen. Agian ezkorregia irudituko zaizue nire jarduna, baina aurrerapausoak eman badira ere, batez ere ekoizpenei dagokionez, oraindik euskal antzerkiak badu zer hausnartu. Benetan antzerkigintzan bide berriak eta interesgarriak jorratu nahi baditugu, gure nortasuna bilatu beharko dugu. Hori antzerkigintzan dabilen jendeari dagokio. Instituzioek, egungo antzerki eta, orohar, kultur enpresariek, lagundu beharko

lukete honetan, baina barruko hausnarketa garrantzitsuagoa da beste ezer baino.
Basauriko antzerki eskolak ateak itxi ditu. Ez ditzagun ate gehiago itxi l


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude