Joy Bangla! Alegia: Gora Bengala Askatuta. Horixe da Awami-Elkartearen gudu-deia, aurten Pakistanen harmada sartu aurretik Ekialdeko Banglan maiz entzuna eta egun hauetantxe genozidio betean itoarazia. (...) Ba genekigun jakin, 1947an Bretaña Nagusiak Indiako inperioa gaitza uzterakoan, bertako etsaigoak pizturik utzi zuela. Gandhiren kontra "divide ut vinces" jokabidea gidaritzat harturik britaindarrek goritu zituzten hindutarren eta mahomatarren arteko herriak; eta, jakina denez, horretara sortu zen Pakistan erresuma artifiziala. Erlijio-gudua hasi zen, eta Gandhik berak ordaindu behar izan zuen bere biziaz gudu-sari hitsa. Pakistan sortuta, laster, horrela, haren erresuma mahomatar "fededunismoa"n barrena abiatu zen: mahomatartasuna Erresumako oinarri, hindutarren zanpaketa, eta abar. (...) Pakistandarrek kolonia gisa jokatu dute Ekialdeko Banglari dagokionez; eta oso zorrozki. Bangla erosle-eskualdetzat hartu dute. Banglatar burgesia "nazional" bat sor dedin bildurrez, Pakistanen politika hau izan da hitz gutxitan: Banglatar herria agintari klaserik gabe uztea: ez burgesiarik, ez teknikorik, ez inolako bururik. (...) Banglako nazio-nahia indartzen ari da. Eta nazio pizkunde horren neurri ona izan da Awami-Elkarte abertzalearen arrakasta harrigarria: 1949an sortu, 1970eko hauteskundeetan 162 parlamentu-postutarik 151 irabazi ditu! Pakistanen erantzuna oso demokratiko eta sozialista izan da: Ayub Khan jeneralari,Yahya Khan jenerala nagusitu zaio; eta honek Lege Martziala jarri du Banglan. Geroztik 400.000 banglatar garbitu ditu, eta bospasei milioi iritxi dira ihesi Indiaren menpeko Banglara (...) (1971-VI-20)