«MAITEMINA EMOZIO GUZTIEN NAHASMENDU LEHERGARRIA DA»


2001eko ekainaren 24an
Eleberriak funtsezkoak dira Laura Mintegiren ibilbide literarioan. Saiakerek ere berebiziko lekua dute. Psikologiaren doktoretzarako «Subjektibitatea euskal nobelagintzan»: Stephen Craneren «The Red Badge of Courage», -1999an argitaratua-, «Sisifo maite minez» eleberriaren gauzapenean berebiziko saiakera eta lana izan da.

Hasteko eta behin, zergatik Sisifo?
Jainkoek ezarritako zigorra jaso zuen Sisifok. Hau da, harritzarra hartuta mendira behin eta berriz igotzearen zigorra. Hamabost urte nituela harrapatu ninduen Sisifok; Albert Camusen «El mito de Sisifo» liburua irakurrita. Burua eta bihotzaren barnean gelditu zitzaidan nonbait. Nobelarako titulu baten bila ari nin-tzela, maitemintzea azken finean harria bera hartzea eta behin eta berriz gora eramatea dela ohartu nintzen. Hau da, jakinik maitasunak berriz ere ihes egingo digula, ez diogu maitasunari uko egiten. Hala ere, maitasuna ez dut zigortzat har-tzen. Erabakia da balio duena, hau da, maitasuna -edo harria- hartuta mendira igotzea eta gero haren bila berriz jaistea.

Nobela fikziozkoa eta aldi berean egiazkoa dela adierazi izan duzu.
Izan ere, ez ditut bereizten egia eta fikzioa. Eta ez naiz zoratzen ari, ez guztiz behinik behin. Ez ditut bereizten, fikzioa bizi egiten dudalako, nire imajinarioan. Bizi egiten dudan momentutik erreala da. Hor dagoen guztia egiazkoa da. Hau da, fikzioa ez da gezurra, ez da simulakroa, ez da nigandik aparte dagoen zerbait, nire buruari eta gogoari lotuta dago guztiz.

Maitasun eta maitemin kasuak agertu dituzu liburuan. Zer da maitemina?
Maitemina emozio guztien nahasmendu lehergarria da. Pertsona bat maitemindurik ikusten dugunean kanpokoentzat pertsona horrek zoroa ematen du, ez du jaten ez lorik egiten, eta kapaz da hamar ordutan euripean egoteko leiho bati begira. Zoramenetik hurbil dago kanpoan dagoenarentzat, kanpotik begiratzen dionarentzat. Barruan dagoenarentzat, ordea, sentimendu kontrolaezina da. Bere senean daudenek inoiz baldin badute zoramen puntua, eskizofrenia moduko bat, maitemintze prozesuetan izaten da.

Zein neurrian laguntzen digu literaturak sentimenduak ezagutzen?
Sentimenduak non hasten eta non amaitzen diren ez dakigu, baina literaturak laguntzen digu hori ulertzen, neurri handi batean behintzat. Bestela ez dago ulertzerik nola identifikatzen garen honenbeste nobeletako pertsonaiekin. Gure bizitzaz ez badihardu eta gure familiako kide ez bada, ez da erraz ulertzen nola identifikatu gaitezkeen fikziozko per-tsonaiekin, beraiekin batera negar eta barre egiteraino.

Fikzioa eta errealitatea. Nobelako protagonistak eta narratzaileak daramate nobelaren kontakizunaren haria. Zein neurrian zaude zu narratzailearen baitan?
Batetik narratzailea orojakile gisa agertu dut, egia da. Nobelan agertzen den psikiatraren «alter ego»a ematen du narra-tzaileak, psikiatra bera dela ematen du. Baina ez dut psikiatraren paperean mugatu nahi izan. Hirugarren pertsonaren rol urruna hartu dut, ahots hori sartu eta ateratzen da berak nahi duen moduan. Tranpa da. Edo bestera esanda, nire bururako hartu izan dudan lizentzia literarioa.

Politika, zientzia, artea eta maitasuna dira pertsonen bizitzako berealdiko arloak. Zein da gakoa?
Maitasuna gakoa da bizitzan, zalan-tzarik gabe. Tesia gauzatzeko irakurri nituen egileen arabera, lau arlo horiek berebizikoak dira subjektua aurkitzeko. Neronek, nire apaltasunean eta maisu handien kontra joan nahi izan gabe, ezetz uste dut. Maitasuna, aurretik, geroztik eta guztiaren gainetik dagoela uste dut. Beste guztiaren elementu ekidinezina dela. Hiru arlo horietan -zientzia, artea edo politika arloan- azken muturreraino joateko, maitasuna funtsezkoa baita.

Liburuaren sarreran Blaise Pascalen aipu hau ipini duzu. «Le coeur a ses raisons, que la raison ne connaît point: on le sait en mille choses».
Alegia, bihotzak baditu arrazoiak buruak ezagutzen ez dituenak. Hala da, horren esperientzia guztiok dugu. Gauza da, erabakitzeko gaudenean arrazionalki mila argudio ipini ditzakegula alde edo kontra, baina azkenean bihotzak agindutakoa egiten dugu.

Iragana gakoa da pertsonaren bilakabidean. Nobelan ere bai, ezta?
Nobelan bertan esaten da iragana beldurgarria dela, batez ere, aldaezina delako, eta horrek egiten du ikaragarri, aldatzerik ez dagoela. Oraina eta geroa gure esku daude nolabait eta, egitear daudenez, aldatu daitezke. Iragana ezin da aldatu. Mozorrotu daiteke, bizitza haren gainean fantasiaz antolatu, disimulatu… baina aldatu, ez. Psikoanalisian ere, batez ere lehen garaietako psikoanalisian, iraganaren garrantzia funtsezkoa eta erabatekoa da. Hala ere, eta subjektibitatearen ikuspuntutik, gizaki guztiok daukagu horren gainean oraina egiteko ahalmena. Orainean, nork bere erabakiak har ditzake. Beraz, psikologoek diotena egia izanik ere, filosofoek diotenari eutsiko nioke.

Burutu duzun ahalegin afektiboak itzela ematen du.
Eta arriskutsua eta beharrezkoa ... Niretzat ezinbestekoa da, onerako edo txarrerako. Hausnarketarako joera dut, ez naiz konformatzen gauza sinpleekin. Gainera, liburu bat sinesgarri egin nahi baduzu, norberak sinetsi behar du aurretik. Oso exijentea naiz idazten dudanarekin. Denbora pasa ondo dago, baina ni ez nago horretarako.

Maitasuna gakoa da bizitzan. Berarekin batera malenkonia agertzen da. Malenkonia berriz bakardadean.
Bakardadea zeharka agertzen da nobelan, baina horri buruz hausnarketa gehiago egin behar dut. Bakardadea aho biko ezpata da, komunikatzeko oso zaila. Hitzez transmitiezina da eta, gainera, berataz hitz eginez ezin da uxatu. Izan ere, malenkonia dakar, literarioki emankorra eta goxoa den sentimendua, baina sentimendu antzua da finean. Malenkoniak ez du ezer sortzen, ez du ezer aldatzen, ezer iraultzeko ez du balio. Norberaren fluidoetan ito egiten du gizakia. Niri, aldiz, beste bakardade mota bat gustatzen zait, norberaren burua kuestionatzeko balio duen bakardadea, interpelazioa egiten duena. Erantzuna norberaren baitan baitago beti. Bakardadeak erantzunak bilatzeko baliabidea izan behar du.

«Elbarri emozionalak gara» finean?
Denok gara elbarri emozionalak. Azken finean maitasun mota gehienak gabezia edo karentzia batetik datoz. Indigente edo txiro afektiboak gara denok, maitasuna behar dugu lehenik eta gero ipintzen diogu aurpegia, begiak, sudurrak, baina lehenago maitatu behar dugu. Nerabeek «maite zaitut» esaten dutenean ez dute objekturik. Ez dakite nori esaten dioten, behar duten bakarra da «maite zaitut» esatea. Hainbat kantutan entzuten dugu «maite zaitut» objekturik gabe. Lehenengo eta behin afektibitate hori behar dugu, behar dugu sentitu, maitatu. Askotan ez dago inguruan objekturik, ezerk ez digu atentziorik deitzen, hori gerora dator. Indigentzia edo txirotasun afektiboa agertzen da lehenik, horregatik, maitasun mota gehienak nahiko pobreak dira, gosetiak dira, gabeziatik sortzen dira. Bestelako maitasuna da interesgarria, ordea. Hau da, ez gabeziatik sortutakoa baizik poztasun batetik sortu dena, emaitza batetik. Maitasunak bizipoza eta bizinahia izan behar du, eta hori gutxitan ikusten da l

«Burua, tripa eta bihotzarekin idazten dut, idaztean nire baitako ze rbait uzten dut, strip-tease emozionala da»
Zure ibilbide literarioari begira «Ilusioaren ordaina» (1983) lehen liburuan erreparatu dugu. «Sisifo maite minez» ilusioaren ordaina ote?

Teorian bi lanen artean ez dago zer ikusirik, baina funtsean biziminaz, ilusioaz eta maiteminaz aritu naiz beti. Gai la-tzak izan arren elementu positiboak bezala landu ditut. Finean gizakiaz ari naiz, eta gizaki horiek ezbeharren kontra edota oldeen gainetik aurrera egiten ahalegintzen dira.

Maitemina eta maitasuna. Maitasunez edo maiteminez idatzi al duzu nobela hau?
Maitasuna eta maitemina bereizi beharra dago. Maitemin-tzea une batez obsesioa bihurtu den zerbait da. Oso puntuala da, 18 hilabetez irauten duen pasioa, «adituen» ustez. Pasioa, sukarra edo kalentura bezalakoa da, ezin da denbora luzez mantendu. Nik, nolabait, maitemintzeari buruzko jakinmina asetu egin dut nobela honekin. Maitasuna hori baino gehiago da, maitasuna motorra da, egiten dugun guztiaren azpian dagoena, ez da ulertzen ekintza bat maitasuna ez badago. Berdin da, familian, militantzian edo lanean izan.

Nobela baten gauzatze bidean lanketa dago. Zer dago nobela honen atzean?
Nobela baten atzean tempus asko dago. Idazketaren tempusa, narrazioaren tempusa, eta batez ere norberaren esperientzia, curriculum afektiboa dago nobela baten atzean. Horregatik egiten zaizkit gero eta interesgarriagoak idazle helduen lanak. Zenbat eta nagusiago izan hainbat eta curriculum sendoagoa dute. Gainera, exijenteak badira, eta egin dutena berriz egiteko prest ez badaude, are eta interesgarriago. Nobela bat bizitzan zehar sortzen dela konturatzen naiz, eta hau ere halaxe sortu da.

Nobela ernatze luze baten erditze moduko-tzat jo behar da, orduan.
Jakina. Nik ez dut ulertzen idazkera automatikoa. Ez dut planteamendu hotza egiten, beti badago antolamendu bat, hari bat. Nobela idaztean zer egin nahi duzun badakizu, baina idaztaldi bakoitzean zehatz-mehatz zer aterako den ez dakizu. Nik honela ulertzen dut idaztea. Burua, tripa eta bihotzarekin idazten dut, idaztean nire baitako zerbait uzten dut, strip-tease emozionala da. Jakina, gauza puntualak, gertaera zehatzak eta nortasunak aldatu egiten dira, ni ez naiz nire pertsonaia, eta ez dut izan nahi gainera. Baina egia da, hor dauden sentimendu guztiak sentitu izan ditudala, errealitatean edo fikzioan.

Lortu duzu nahi zenuena idaztea?
Nobela honek hainbat irakurketa ditu, eta bi modutara irakurri daiteke: maitasun istorio bat bezala eta maitasunezko istorio bat baino gehiago ikusiz. Anekdotetan gelditu gabe hausnarketarako beta ematen du. Lortu dut nahi nuena, bai. Hau da, irakurlea gelditu egiten bada une batean sabaiari edo zerura begira, berak nahi duelako izango da, bere buruaz mintzatzeko, ez irakurketak oztopatu egin duelako.

«Jakin aditza jokatu ezina da maitasunean» esaldia agertzen da liburuan. Esaldi gakoa al da?
Joxerra Garziak oso ondo jakin zuen esaldia aukeratzen. Joxerrak nobelaren ibilbidea ezagutu du hasieratik bukaera arte, eta nobelaren aurkezpen polita egin zuen. Maitasuna ez dago jakiterik, sentitzea bakarrik dago. Aitortu behar dut, eta hau da esaten dudan lehen aldia, itzelezko beldurra nioela nobela argitaratzeari, ez nekielako nola aurkeztu jendearen aurrean. Nire beldurra zen jendeak pentsatzea nobela hau maitasunezko nobela hutsa zela, Corin Tellado hutsa; «emakume bat maitasunaz idazten!». Zorionez, nobela hori baino gehiago dela transmititzea lortu dugu, bai aurkezpena egin zuten Gari Berasaluze eta Joxerra Garziak, bai nik, eta baita zuek ere, kazetariek.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude