Maiatzaren 13ko hauteskundeek egoera berria erakarri ote diguten galdetuz gero, bi erantzun nagusi suma ditzakegu, erabat kontrajarriak gainera: bai eta ez. Baina, kontrajarriak izan arren, biak dira egia, arazoa zein ikuspegitatik aztertu nahi denaren arabera.
Azken bi mendeotako gatazka historikoari dagokiokeenez, seguru gero egoera ez dela inondik ere berria, maia-tzaren 12an genituen arazo berberak bai baititugu maiatzaren 14tik aurrera ere. Gainera, berririk eza ez da ezustekoa, mezu berberauxe izan baita edozenbat hilabete luzez Ibarretxe lehendakariak PP eta PSE alderdiei behin eta berriz luzatu izan dien leloa, hau da: gure oinarrizko arazoa ez zutela hauteskundeek konponduko eta hauteskunde ostean ere elkarrekin konpondu beharreko auzi berdintsuak izango genituela aurrez aurre. Beraz, zentzu honetan behintzat, ezer berririk ez. Baina, aldi berean, hau guztia egia izan arren, egia ere bada epe labur eta ertainerako egoera politikoa dexente aldatu dela hauteskundeen ondotik, inor gutxik itxaro baizituen maiatzaren 13ko ilunabarreko emaitzak eta are guxiago, hain zuzen ere, legez beharreko ez ziren bozak eragiteko ahalegin berezia egin izan zutenek, PP-PSEk eta ETA-EHk alegia.
AZKEN hauteskundeek erakarri dizkiguten Eusko Legebil-tzarraren aldaketak nabarmenak dira. Batetik, aurreko legealdian ez bezala, EAJ-EA alderdien legebiltzarkide kopurua PP-PSE bikotearena baino handiagoa da. Bestetik, aurreko legealdian ez bezala, EHk ez du ezelango giltzik izango. Beraz, Eusko Jaurlaritzak gutxieneko baldintza orekatuak izango ditu lau urtez Administrazio Publikoaren kudeaketa buruhauste handiegirik gabe bideratu ahal izateko. Seguru gero ETA-HB-EH munduan makinatxo batek pentsatuko duela eguneroko administrazioaren gestioa hutsaren hurrengo dela eta Euskal Herriak bizi duen kinka larrian kontu horiek lore-jokoak baino ez direla baina, hain zuzen ere, ETAren ingurumari politikoak besterik uste arren, euskal gizartearen nahikundea guztiz bestelakoa da. Azken hauteskundeetan euskal abertzalegoak ezer frogatu baldin badu zera izan da, biziki baloratzen dituela orain arteko lorpenak, ez dituela lortutakoak hankaz gora bota nahi, ez dela PP eta PSEren administrazioaz fio, eta aurrera jarraitu nahi duela urratsez urrats eta bakez bake. ETAren doktrina hil ala bizikoa, iraultzaile eta hausturazale baldin bada ere, euskal abertzalerik gehienak gradualistak dira, lantzean behingo balizko loteriaren itxaropenetan ari diren menturazale ausartak baino, egunero irabazi eta gorde beharreko aurrezkietan sinesten duten langile kementsuak.
Eusko Legebiltzarrak izango duen oreka berriaz, EHk benetako politikagintzari ekin beharko dio ostendu nahi ez badu, oraingo honetan bukatu baitzaizkio itxura hutsezko jarrerak eta ume-mokoen mehatxuak. Era berean, PSOE-PSE-EEk ere bere bidea egin beharko du, hobe berandu sekula baino, bestela PPren altzopean alferrik galduko da-eta. Batak eta besteak barne-arazo larriak dituzte, noizbait azaleratuko direnak. Ezker abertzaleak ezin du jokoz kanpo luzaro iraun, batere ekimenik gabe, eta ezker espainiarrak, Katalunian eta kasu, nekez jarrai dezake PPren eskutik. Politika egiteko ordua da, inoren argimutilik gabe plazaratzeko ordua.
ZER esanik ez gero, ETA eta PPri ez zaiela politikagin-tzarik komeni. Batak zein besteak muzin egin nahi diote elkarrizketaren aldeko aldarrika- penari; bata zein bestea ahaleginduko dira Elkarriren Bake Konferentzia eragozten; bata zein bestea saiatuko dira informazioa baldintzapetzen eta kazetariak elkarren kontra jartzen; batak zein besteak mortalak eta bi egingo dituzte euskal hiritarren arteko zubiak hausteko eta Ibarretxe lehendakariaren lana zailtzeko. Baina bati zein besteri hauteslegoak aldez aurretiko hauteskundeetan erantzun die eta, harrezkero, aspaldiko partez argi dago euskal gizartearen bake-nahiak nondik nora abiatu nahi duen. Zenbat eta lehenago PSE eta EH honetaz jabetu eta, nork bere aldetik, PP eta ETAri aurre egin, hainbat eta azkarrago helduko da konponbidea