INDUSTRIAK ERAIKITAKO HIRI POSTINDUSTRIALA

  • Duela zazpi mende fundatua, gaur egungo Bilbo XIX. mende amaiera eta XX. mende hasierako iraultza industrialaren emaitza da. Horrek garapen itzela ekarri zuen, dirua, ospea eta dotorezia, baina baita gaur egun gainetik kentzen ari den kutsadura eta itxura grisa. XXI. mendeari begira, berriz, Bilbok alde pozgarriari eutsi eta aurpegi iluna garbitzeari ekin dio, irudi berria hartuz.

2001eko maiatzaren 20an
Bilbo ongi bisitatu ostean (atal honetan bertako bigarren zatia duzue irakurgai), bertatik ateratzeko bide bat baino gehiago badago ere, guretzat egokiena Santanderrerako autopista izan daiteke. Berau 9 bat kilometro beranduago utziko dugu, Trapagaran-Max Center Zentru Komertziala irteeratik.

Ezkerraldeko meatzatze gunea
Hortik aurrera, Trapagaran norabidean jarraituko dugu, lehenbizi ezkerrera eta 200 metrora eskuinera. Horrela, segituan herrian sartu, eta pixka bat beranduago Trapagarango zentruan egongo gara. Triano meatze mendiaren magalean dagoen herri honen erdialdean Udaletxea, parrokia (XV. mendea) eta XVIII. mendeko (XIX. mendean berritua) Olaso jauregia aipa ditzakegu.
Herria zeharkatu osteko bidegurutzean ezkerrera joko dugu, La Arboleda jartzen duen norabidean. Gorako bide berbera 200 metrotara aurkituko duzuen funikularrean egin dezakezue. Kotxea aukeratu baduzue, bihurgune ugari eta handiak dituen errepidea duzue zain. Hori bai, tarteka Nerbioi itsasadarraren inguruko paraje industriala behatzeko aukera izango duzue, eta arraroa badirudi ere, kanpotik ikusirik ez du inpresio txarrik egiten (hurbiletik jada beste gauza bat da).
6,5 kilometro igo ondoren Larraineta auzora iritsiko gara, Trianorako sarrera. Triano mendigunea Bizkaiko industrializazioaren garrantzizko faktorea izan zen, bertatik lantegietan erabiltzen zuten burdina ateratzen zelako.
Aktibitate horren ondorioz, Triano azala kendu dioten mendia da, erraiak agerian utzi dizkioten mendi harrigarria, forma harrigarriz zipriztindutako parajea. Gizakiak suntsitu duena naturak berriz ere edertu egin dezakeela frogatzeko, beste kilometro bat egin eta errepidearen ezkerraldean dituzuen lakutxo harrigarriak behatu besterik ez dugu egin behar. Urak ederki betetako zulo horiek, bere garaian Europako burdin meatzerik aberatsenetakoak izan ziren. Mendiari bere altxorra atera ostean, naturak berak zauriak konpondu eta paisaia harrigarria sortzen jakin izan du.
Ondo-ondoan, Zugaztieta (La Arboleda) dugu, auzoaren hasieran eta ezkerrera aurrekoen moduko beste uharka bat ikusiko dugu. Meatzarien artean herri historikoa, eliza eta etxe ederren artean langile hauen bizimoduaren aztarna bat baino gehiago topatuko dugu (kantinak, kooperatibak...).
Zugaztietara iritsi bezain laster eskuinera egingo dugu, Triano auzorantz, mapa askotan agertzen ez den eta seinalizaturik ez dagoen errepidetxo batetik. Beraz, meatze mendia zeharkatzen duen bide honetan arretaz gidatu beharko duzue (gainera txarto asfaltatua dago). Bidearen lehen zatia Carmen meategia zenaren ondotik doa eta tarteka bere ustiaketak utzitako itxura bitxiak ikusiko dituzue.

BILBO

Alde Zaharra
Hiriko sorlekua ez da jadanik bere gune ekonomiko-administratiboa, baina bere arima izaten jarraitzen du askorentzat. Gainera, historiari eta arteari begiratuz hiriko eremurik aberatsena da, eta bertako Zazpi Kaleetako denda gunea probintzia osoan ospetsua da.
Ibilbidea Areatzan hasiko dugu, Arriaga antzokiaren parean. Hau Pariseko Operan inspiraturiko eraikin neobarrokoa dugu. 1890ean inauguratu zen, "La Gioconda" operarekin, eta bitxikeri gisa, bertaratu zirenek lana telefonoz entzuteko aukera izan zuten. Plazaren ezkerraldean XVIII. mendeko San Nikolas Barikoa itsasgizonen zaindariaren omenezko eliza barrokoa dago. Elizaren alboan 1839ko Plaza Barri neoklasikoa dago; arkudun plaza itxia da (sartu ezik ez dugu ikusiko). Berau zeharkatuz eta ezkerrera, Miguel de Unamuno plaza dugu, idazlearen bustoa hor dago, bere jaiotetxetik (Erronda kalean) hurbil.
Ezkerrean gorantz hasten den Mallonako Bidarria eta gero bidegurutzean eskuinera joz Bilboko zaindari den Begoñako basilikara iritsiko gara. Basilika gotikoa XVI. mendean altxatu zuten, Ama Birjina agertu omen zen antzinako ermita baten gainean. Bide beretik itzuli eta ezkerrera joz, Euskal Museo Arkeologiko, Etnografiko eta Historikoa aurrean dugu, Gurutze kalearen 4. zenbakian. Ordutegia: Asteartetik larunbatera 10:30etatik 13:30etara arte eta 16:00etatik 19:00etara (igandetan goizez). Sarrera dohainik. Alboan Joan Santuen eliza geratzen da, jesuitek XVII. mendean berreraikia.
Pixka bat aurrerago, Alde Zaharreko bihotzean Santiagoko katedrala dugu, Bizkaiko gotikoaren eraikinik garrantzitsuenetakoa. Antzinako tenplua hiria bera baino zaharragoa da, eta gaur egungoa XIV. mendean hasi zuten. Aurrealdea neoklasikoa da, baina elementu zaharragoak ditu. Alboko Aingeruaren ataldea, isabeldar estilokoa, oso ederra da. Barrualdean erretaula neoklasikoa nabarmenduko dugu. Apostoluari eskainitako katedralaren plazan bertan, Carlos III.aren garaiko iturri barrokoa dago.
Katedraletik irten eta Zazpi Kaleetatik edozein hartuta itsasadarrean amaituko dugu. Hauek (Somera, Artekale, Tenderia, Belostikale, Carniceria Vieja, Barrenkale eta Barrenkale Barrena) Alde Zaharraren sorlekua osatzen dute eta San Antongo zubia eta katedralaren artean paraleloki antolaturik daude, denda eta taberna sare bitxia sortuz.
Somera amaitzean eskuinera Atxuriko azoka geratzen zaigu, itsasadarraren gaineko itsasontzi itxurarekin (horretaz hobeto ohartuko zarete ibaiaren bestaldetik). Ezkerrean aldiz, San Antongo eliza eta zubia. Tenplua XIV. mendearen azkenetan hasi zen, hiriko harresiak amaitzen ziren lekuan. Eliza gotikoa ia karratua da eta txikia, hiru barneluzegok eta triforioak osatua. Fatxada Berpizkundekoa, dorrea barrokoa eta erretaula platereskoa da. Zubia ez da Bilboko eta Athleticeko armarri zaharretan ageri dena, (hori elizaren aurrean zegoelako eta 1882an desagertu zelako), Gerra Zibilaren ostean eginiko beste bat baizik.
Zubia igaro eta eskuinera eginez, hurrengo zubiaren (Erriberakoa) aurreko kalean (Mirasol Kondea) Arte-Erreprodukzioen Museoa dugu. Hemen Artearen Historiako lanik ospetsuenetakoak ikus ditzakegu, eskaiolaz eginiko tamaina errealeko kopien bitartez. Ordutegia: Astelehenetik ostiralera 9:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 19:00etara (sarrera 200 pezeta). Igandetan 11:00etatik 14:00tara (dohainik).

Ibaiaren eskuinaldea
Erriberako zubia igaro eta ezkerretik, ibai ondoko Erribera kalean zehar Udaletxerantz abiatuko gara, tartean Arriaga berriz zeharkatu eta itsasadarraren alde bietako etxe politak ikusiz. Udaletxea XIX. mendekoa da, eklektiar estilokoa. Barrualdean saloi arabiar exotikoa nabarmentzen da. Zubizuri biribilaren eta Salbeko zubien ondotik igaroz.
Guggenheim-Bilbao Museoa
Frank Ghery-k diseinaturiko eraikin ezin ikusgarriago batean (batez ere ibaiaren beste aldetik behatzen badugu), 24.000 m2tan zehar gaur egungo artearen bilduma pribaturik garrantzitsuena ikusteko parada izango dugu (New York eta Veneziako museoekin batera). Arte mota hau ez ulertuz gero ere, eraikina bera bisitatzea merezi du, barrutik zein kanpotik zeharo harrigarria delako. Zergatik?
Kanpoaldetik titaniozko estalki disdiratsu eta irregularrak eraikinari hondartutako itsasontziaren itxura ematen dio eta barrutik, argi zein espazioen jokoek eta forma biribilek ez dute zerikusirik beste museoekin. Ordutegia: Asteartetik igandera 10:00etatik 20:00ak arte. Astelehenetan itxita. Sarrera: Helduak 1.200 pezeta, jubilatu-ikasleak 600 pezeta eta 12 urtetik beherako umeak (heldu batek lagunduta) dohainik.

Zabalgunea
Museoa igarota, Deustuko Unibertsitate prestijiotsuaren egoitza neoklasikoa dugu, eta Deustuko zubia zeharkatu ostean, eskuinera lehenbizi Casilda Iturrizar Parke handi eta atsegina dugu, ahateak eta iturri zibernetikoa barne.
Parkearen hasieran Arte Ederretako Museoa aurkituko dugu, Europako onenetarikoa. Bilduma iraunkorretan El Greco, Goya, Van Dyck, Tapies, Zuloaga... eta beste askoren lanak azpimarra ditzakegu. Ordutegia: Asteartetik larunbatera 10:00etatik 13:30etara eta 16:00etatik 19:30etara (igandetan 10:00etatik 14:00ak arte). Sarrera: Helduak 400 pezeta. Ikasle, langabetu eta jubilatuak 200 pezeta. Parkea eta Gurutze Sakratuaren monumentua pasatu ostean Euskalduna zubi okertutik hurbil, Erruki etxearen lorategia, Bilboko Athletic-en San Mames futbol zelaia eta atzean Erakustazoka ditugu.
Gurutze Sakratuan bertan, hiriko arteria nagusia hasten da, Gran Via de Don Diego Lopez de Haro, "Gran Via" gisa ezaguna. Plaza biribilean bukatzen da, Areatzatik hurbil, eta bertan (eta kale perpendikularretan) Bilboko eraikin zibil ikusgarrienetako asko daude. Gora begira ibiliz, fatxada ikusgarriko etxe asko ikusiko ditugu. Esaterako, Gran Viaren erdialdean, Moyua plaza biribil ikusgarrian, Txabarri jauregia (Gobernu Zibila; leiho multzo guztiak ezberdinak ditu), Carlton hotela (lehen Eusko Jaurlaritzaren egoitza), Estatuko Ogasunaren eraikina edo Aurora Polar-en eraikin arrazionalista nabarmen ditzakegu.
Kalean aurrerago Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza eklektikoa, BBVArena (goian Mercurioren estatuarekin) edota Espainiako Bankuarena. Azkenik, Plaza biribilean dagoen Lopez de Haroren monumentua BBVAren egoitza modernoko kristalen aurrean ikusi ostean, Atxukarroren Bilbo-Santander tren geltoki modernista berdexka eta ikusgarria dugu, eta alboan, Sociedad Bilbaina ingeles estiloko egoitza kulturala eta Burtsaren eraikina. Hemen edonor sar daiteke.
Bestelako monumentu eta etxe interesgarriak honako hauexek dira: Albiako lorategietako plaza atseginean Justizia jauregia, Iruña Kafetetxe neomudejar ospetsua, Sabino Aranaren jaiotetxea izandakoaren gaineko Sabin Etxea (EAJren egoitza), eta San Bizente Martiri eliza euskal-gotikoa. Mazarredo kalean Athletic-en egoitza den Ibaigane jauregia. Bertendona kalean Campos Eliseos antzoki ikusgarria, bilbotar "Art Noveau" estiloaren erakusgarri. Azkenik, Elkanon zehar ere etxe dotoreak aurkituko ditugu.
INFORMAZIO PRAKTIKOA
BILBO

Bilbao Ekimen Turistikoak:
Arenal pasealekua. 94- 479 57 60.

Udaletxea:
Ernesto Erkoreka Plaza. 94- 420 42 00.

Ertzaintza:
Maria Diaz de Haro 3. 94- 444 14 44

Udaltzaingoa:
Luis Briñas. 092 / 94- 420 50 00.

SOS Deiak (Larrialdiak):
112.

Osakidetza (Larrialdiak):
94- 410 00 00.

Postetxea:
Urkijo Zumardia 15.

Telefono publikoak (mintzatokia):
San Frantzisko 47.

Galdutako gauzak (bulegoa):
94- 445 03 00.

Bankuak:
Hiri osoan zehar, adibidez Gran Vian eta inguruetan ugari daude.

Kotxe-tailerra:
Talleres Sarriko Motor- Kanariar Irlak 4 (San Inazio) 94- 475 94 14.
Udal Garabia: 94- 420 50 98.

Kotxeak alokatzea:
A-Rental- Perez Galdos 22-24. 94- 427 07 81.
Avis- Dr. Areilza 34. % 94- 427 57 60.

Oroigarriak:
Jota (opariak)- Areilza Doktorea 4.
Biartea (artisautza)- Hurt. Amezaga 27.
Etxeandia (artisautza)- Bilbo Zaharra 12.
Basandere (artisautza)- Iparragirre 4.

Jatorduan:
Ama Lurre Jatetxea (sukaldaritza fina)- Maximo Agirre 1.
Gorrotxa Jatetxea (sukaldaritza fina)- Urkijo Zumardia 30.
Atlanta Jatetxea (sukaldaritza sortzailea)- Gran Via 63.
Zortziko Jatetxea (sukaldaritza sortzailea)- Mazarredo Zumardia 17.
Casa Rufo Jatetxea (delicatessen)- Hurtado de Amezaga 5.
Asador Guetaria (erretegia)- Colon de Larreategi 12.
Asador Oteiza (erretegia)- Licenciado Poza 27.
Guria Jatetxea (ohiko sukaldaritza)- Gran Via 66.
Nicolas Jatetxea (ohikoa)- Ledesma 10.
Casa Vasca Jatetxea (ohikoa)- Lehendakari Agirre 13-15.
Euskalduna Jatetxea (ohikoa)- Euskalduna 4.
Metro Moyua Jatetxea (ohikoa)- Gran Via 40.
Goizeko kabi Jatetxea (ohikoa)- Particular de Estraunza 4-6.
Iruña Kafe-Jatetxea- Albia Lorategiak.
La Granja Kafetegi-Jatetxea- Plaza Biribila.
Ají Colorado Jatetxe peruarra- Barrenkale 5.
Aljaima Jatetxe arabiarra- Maria Diez de Haro 41.
Vegetariano Jatetxea- Urkijo Zumard. 33.

Jan eta lo egiteko:
*****Hotel Lopez de Haro- Obispo Orueta 2.
94- 423 55 00. Logela bikoitza 32.450 pezeta.
*****Hotel Carlton- Moyua plaza 2. 94- 416 22 00. Logela bikoitza 16.000-26.500 pzta.
***Hotel Aranzazu- Rodriguez Arias 66. 94- 441 31 00. Logela bikoitza 17.400 pzta.
***Hotel Nervion- Campo Volantin 11. 94- 445 77 00. Logela bikoitza 13.000-18.000 pzta.
Lo egiteko:
**Hotel Zabalburu- Martinez Artola 8. 94- 443 71 00. Logela bikoitza 9.000 pzta.
*Hotel Arriaga- Ribera 3. 94- 479 00 01. Logela bikoitza 7.500-8.000 pzta.
*Hotel Ripa- Ripa 3. 94- 423 96 77. Logela bikoitza 8.000 pzta.
***Hostal San Mames- Luis Briñas 15. 94- 441 79 00. Logela bikoitza 7.500 pzta.
**Hostal Gurea- Bidebarrieta 14. 94- 416 32 99. Logela bikoitza 3.850-4.500 pzta.
**Hostal Roquefer- Loteria 2. 94- 415 07 55. Logela bikoitza 4.500-6.000 pzta.
*Hostal-Egoitza Jofra- Elkano 34. 94- 421 29 49. Logela bikoitza 3.700 pzta.
**Iturriena Ostatua- Santa Maria 14. 94- 416 15 00. Logela bikoitza 6.000-7.000.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude