Ipar Euskal Herriak biltzen dituen milioi laurden biztanleen artean, soilik hirutik bat da bertoko hizkuntzan aritzeko gai, eta are okerrago, hamarkadaz hamarkada kopuru hauek urritzen doaz, euskal hiztunen bataz besteko adina zahartzen doan bezalaxe. Iparraldeko euskaldun gehienek 50 urtetik gora dituzte, eta argi dago haur eta gazteek erabiltzen ez duten hizkuntza bat kondenatua dagoela. Horra hor, beraz, beste askoren artean Seaskaren lanaren beharra.
Gaur egun Ipar Euskal Herriko sei ikasletik batek euskaraz ikasten du; zehatzago esatearren, Seaskaren ikastolek bakarrik 1.858 ikasle biltzen dituzte, 23 ikastetxe, hiru kolegio eta lizeo batean, baina oraindik kopuruok handitzeko lan handia egiteke dago. Orain, Seaskako arduradunen kezka nagusia garapena da: "Horrekin loturik eraikuntzak daude, bizpahiru kolegio eraikitzeko ditugu-eta, gehi lauzpabost ikastola, eta horregatik botere publikoekin negoziatzen ari gara, guk zerbitzu publiko bat eskaintzen dugulako; baina ez hori bakarrik, gure helburua ez delako eraikin mordo bat izatea, klaseak ematea baizik" dio Mixel Etxeberrik.
Baina noski, beren ekimen guztiak aurrera eraman ahal izateko botere publikoen borondateaz gain herriaren laguntza pertsonala eta ekonomikoa behar dituzte, eta honetan garrantzi handikoa izan ohi da Seaskaren urteroko jaia, Herri Urratsen alegia, bildutako pertsona eta sos kopuruak. Esaterako, iazko edizioan jaiaren mozkinak milioi bat liberara (25 milioi pezeta) iritsi ziren, eta aurten kopuru hori gainditu nahi dute. Aipatutako milioi liberatik 400.000 libera (10 milioi pezeta) aurtengo irudi eta harreman publiko kanpaina zabalean gastatu dituzte, beste 200.000 (5 milioi pezeta) Seaskaren funtzionamendurako bideratu dira eta gainontzekoa hainbat ikastetxeren mantenu eta segurtasun arauak betetzeko erabili da. Maiatzaren 6 honetan aterako duten diruaz, berriz, oraindik ez dute zehatz-mehatz erabaki zer egingo duten, horrelakorik Seaskaren Ikastola Kontseilu Nagusiaren aurrean aurkeztuko diren proposamenen artean erabakiko baita, baina aurreratu digutenez normalena zati bat Seaskaren funtzionamendurako, beste bat eraikuntza eta mantenu gastuetarako eta azkenekoa ekimen zehatzetarako erabiltzea litzateke. Seaskako zuzendariaren hitzetan, "hori guztia biltzen den diruaren arabera. Guk iaz baino gehiago jaso nahiko genuke, noski, baina hori ez dago gure esku".