argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
LANDAREZ SENDATU LANDAREAK
  • Produktu kimiko eta kutsatzaile arruntak erabili ordez, fitoterapiaz baliatu gaitezke landareak sendatzeko, hau da, zenbait landarerekin prantatutako urak erabili ditzakegu.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Landare batzuek bizitzen dituzten arazoei aurre egiteko botika eta produktu kimiko kutsatzaile arruntak erabili nahi ez dituenak landare batzuekin prantatutako urak erabili ditzake.
Langintza honi fitoterapia deitzen zaio. Ur hauek landareak elikatzeko, indartzeko eta hazkundea bizitzeko, intsektu eta animalia kaltegarriak uxatzeko, gaitzei aurrea hartu eta saihesteko eta abarretarako erabiltzen dira.
Landare-urak prantatzeko era asko dago. Landare berde edo lehorrak euri uretan jarri eta hartzitzen hasi aurretik kenduta estraktua izango dugu, hartzitzen utziz gero purina egiten da. Landareen gainera ur irakina boteaz infusioa eta uretan egosi ere egin daitezke.
Baratzuria, intsusa, azeri-buztana, garo edo ira, osina, urki hostoak, tipula azala, milorria, zolda-belarra, mota-belarra, arabarba, errefau zuria, haritz orbela eta azala, asentsio-belarra eta abar dira botika natural hauen lehengaiak. Adibidez, gaitzei aurrea hartu, elikadura hobetu eta hazkundea sustatzeko osin eta azeri-buztan infusioa ederra da. Bost litro uretan bost minutuz egosi atzaparkada bat osin eta beste erdi bat azeri-buztan. Hamabost litro ur gehiagorekin hoztu eta irazi. Hiru golde tratatzeko adina nahikoa da. Astean bitan ere erabili daiteke baratze eta lorategiko landareei laguntzeko .