EZKERRAREN BILA

Trantsizioa baino lehen, ezker abertzaleak doktrina propioa ondu zuen, nazionalismoa eta iraultza soziala lotuz. Geroztik, eta batez ere 1980tik aurrera, gauzak aldatu dira. Hasteko, iraultzaren ideiak berak prestigio filosofikoa eta inpaktu soziala galdu ditu eta, nabarmen, iraultza soziala helburu duen estrategia garbirik ez dago. Badira kapitalismoaren aurkako alternatiba utopiko eta ideologikoak, baina gihartze politikorik gabe. Bestalde, autodeterminazioaren eskubidea ere beste modu batez ikusten da; antikolonialismo eta sozialismoaren urteak joan dira, estatuen batasunari ematen zaio lehentasuna, eta autonomia da demokraziaren barnean minorien eskubideak errespetatzeko gehien aipatzen den bidea: Mendebaldeko Europan behintzat, estatu berrien independentzia iraultzaileak ez du gaurkotasunik.
Askatasuna eta justiziaren arazoak ikertzeko bada filosofia politiko berri bat, eta helburua ez da iraultzaren bidez berdintasuna sortzea. Orain, humanitatea kudeatzeko bide hoberena demokrazia liberala omen da, eta oinarrian daukan desberdintasunaren printzipioa errespetatu behar da: ondorio gogorrak baditu, kudeantza humanistaren bidez gozatuko dira. Erradikalismo ezkertiarra desfasatua dago eta zanbuluka dabil nihilismo eta utopiaren artean: zuhurrenak sozialdemokraziara konbertitu dira, mediatikoenak aktibismo humanistara eta kaskagogorrenak nostalgiara.
Aspaldian, militante konprometituen erreferentzia nagusia marxismoa izan zen: gure sozietateko mugimendu langilearen eta ekialdeko estatuen indarrean finkatua, metodo zientifikoa zen, etorkizunaren promesa eta estrategiaren sortzaile. Sozialismoa eta antikolonialismoa elkarrekin eramaten ahal zirela ere esaten zen, eta batasun horren gainean sortu ziren esperientzia aberats eta progresista asko. Baina marxismo sobietarraren nagusitza autoritario eta zurrunak kutsatu eta endekatu zuen mugimendu osoa. Militante askok, alderdi nagusiaren eginkizunean sinestaturik, independentzia eta demokraziaren zentzua galdu zuten, eta, bide laburretatik lehenbailehen garaitzeko, diktadura armatua onartu, bai eta kausa handiaren zerbitzuko justifikatu balore moralen zanpaketa.
Modelo horren hutsegite estrategikoak eta hondamendi moralak ekarri dute krisia, eta ezker osoa dago krisian, zeren eta diktadura komunisten salatzeak iraultzaren ideia osoari kendu baitio legitimitatea. Totalitarismoaren logikan, omen, estatu komunisten desmasiak ez dira errakuntza autoritarioaren azpi-produktuak, baizik eta utopia askatzaile guztien ondorio beharrezkoak. Hots, askatasunaren etsaiak omen dira berdintasuna ekartzeko entsegu iraultzaile guztiak... Egoera larriagotzeko, azken estatu komunistek ekonomia kapitalista onartu dute eta komunismotik atxiki duten ezaugarri bakarra alderdiaren diktadura izan da; gehiago dena, Mendebaldeko alderdi proletarioak hondatu dira, eta ondoan ageri diren mugimendu sozialak ahulak dira, etorkizun dudakorrekoak. Alternatiba iraultzaile antiautoritariorik ez da oraindik sortu eta ezker erradikaleko militanteak euskarririk gabe eta umezurtz gelditu dira.
Batzuek arin erreziklatu dira: estatu proletarioari ematen zioten konfiantza osoa, estatu liberalaren zerbitzutan ezarri dute. Beti boterearen alde, eta beti etorri handiko argudioekin. Diotenez, multinazionalen aurka estatu nazionala da jende xehearen defentsa hoberena. Batez ere nazionala delako... Eta errespetatu behar diren askatasunak, askatasun demokratikoak dira, eskubide sozialen galtzea marginatuei lagunduz kudeatzen baita.
Jende eskubideen errespetuari ere lotu dira estatuen zinismo "errealista" salatu nahi dutenak, eta sozialdemokratak baino urrunago joan dira. Kontzeptu berriak ere ageri dira, hala nola, eskubide horiek zanpatzen dituzten estatuen aurka interbenitzeko eskubidea, edo mendebaldeko nazio-estatuen barneko marginatuen mugimendu politikoagoak. Oro har, jende eskubideen militanteak oso lotuak dira Gobernuz Kanpoko Erakundeekin (GKE). Iraultza egiteko estrategiaren eskasian, baita kapitalismo liberalari alternatiba gauzagarria definitu gabe daukagunean, oso ulergarriak dira jokaera horiek. Nahikoa desastre izan da azken urteotan: Indotxina, Etiopia, Afganistan, Miskito edo Yanomani indioak, Kurdistan laurkitua, Liberia, Bosnia,Kosovo... Eta paperik gabeko etorkinak, lanik gabeko zokoratuak, miserian bizi den portzentaia kenezin hori... Hots, bazen eta bada zer egin, eta batzuek garrantzi gehiago eman diote zaurien sendatzeari salaketa ideologikoari baino.
Paleo-komunistek eta superezkertiarrek bortizki salatu dituzte GKEak eta interbentzionismo humanitarioa, inperialismoaren morroiak eta sistemaren sostenguak balira. Kritika desegokia da: estatuen hipokresia eta indarraren domeinua borrokatzen dituzte. Eskasiak ere badituzte. Interbentzio humanitarioak noiz, non eta nola egiten diren ez da GKEen salaketa mediatikoen ondorioa, baizik eta estatuen interes geo-politikoen arabera. Zergatik Kosovon bai eta Tibeten edo Turkian ez? Indar-harremanak direla eta, salaketa humanistak bilakatzen dira kontrola ezinezko interes ekonomiko eta militarren estakuru. Eta, oro har, GKE-en interbentzioek miseriak arintzen badituzte ere ez dute oinarrizko arazoak konpontzeko eraginkortasunik eta ez dituzte zapalkuntzaren harremanak aldatzen.
Ezkerrari aurkezten zaion galdera hauxe da: zer eduki emanen diogu egite kritikoari kapitalismoaren ordezko alternatiba argirik ez dugun bitartean? Horra politikaren zailtasuna eta horra militanteen lana, alternatiba horren bilatzeko erreboltatuen esperientzietan finkatu behar baitira etengabeki.
krazia, elkarlaguntza eta komunitarismoa balore iraunkorrak dira; ekologiaren exigentziak ere gaineratu behar zaizkie. Hemen, estrategiaren eskasiaz ari gara. Sozial-demokraziak pretenditu du balore horien egokitzea mundu liberal, globalizatu eta kapitalistari, baina "hirugarren bidea" zapalkuntzan integratua da. Atzo bezala, pentsaera iraultzaileak bilatu behar du oraingo sistema nondik hautsi. Erreferentzia desberdin askoren artean, kritika hori antiautoritarioa izan beharko da, eta garrantzi handia eman indibiduoek eta elkarte txikiek egiten dituzten autonomiaren entseguei. Hots, politika hurbilaren kudeaketa ekologiko eta demokratikoarekin lotu, globalizazioak sortu gurpil eroari uko egiteko. Badira horrelako esperientziak eta agian zerbait aterako da. Horren zain, eguneroko borroketan zorrozten dira kritikaren armak.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude