argia.eus
INPRIMATU
TEKNOLOGIA BERRIEN GARAIAN ZER DA ARTEA?
2001eko otsailaren 11
Artelekuko zuzendari Santi Erasok garbi dauka azken bi urteetan ezagutu duten krisia teknologia berrien eraginaren ondorioa dela. Erasoren aburuz, "teknologia berriek azken belaunaldien jokaeran eragin ia hondatzailea izan dute, gaur egungo sormenari dagokionez".
Artelekuko buruaren gogoetari jarraituz, teknologiak objektuan baino gehiago proiektuan lan egitea ahalbidetzen du. Orain ez da hainbeste pentsatzen objetua bukatzeaz, proiektua aurrera ateratzeaz baizik. Era horretara, jada objektu artistikoa ez da amaitzen harik eta berau errepresentatzeko leku bat aurkitu arte.
"Jendeak gordetze sistema desberdinekin lan egiten du, lan prozesu desberdinekin, jarrera desberdinekin eta aurrekontu desberdinekin", dio Erasok. Guzti horren eraginez, artea oro har aldatu egin da, nahiz eta egoera anitza izaten jarraitu. Orain artista batzuek Internetek ematen dituen kodeetan bakarrik egiten dute lan ; beste batzuek berriz, kode akademikoetan eta badira beste zenbaitzuk kode bateratu batzuetan lan egiten dutenak. Erasok bigarren multzoan Zumeta, Goenaga edo Vicente Ameztoy bezalako artistak aipatzen ditu eta azken taldean berriz, Manu Muniategi, Jose Ramon Amundarain... Egoera honek zenbait ondorio ekarri ditu, "mugikortasun eta nomadismo handia, artistaren banakotasunari eta bikaintasunari uko egitea eta ondorioz kolektibismo gehiago".
Urtarrilaren 25, 26 eta 27an egin zen artisten Superkongresoan egon zen aukerarik egoera berriaren ildoak nondik-nora dabiltzan sumatzeko.