LUMIERE VERSUS MELIES?


2001eko otsailaren 04an
Zinemaren sorreratik, hau da, Lumiere anaiek "Langileak Lumiére lantegitik irteten" eta "Trena geltokira iristen" errodatu zituztenetik, zazpigarren artearen bidez errealitatea islatu nahi bide zuten, filmaketak "bestelako errealitate bat" sortzeko ematen zituen ahalmenak kontuan hartu gabe.
Hala ere, eta gezurra badirudi ere, Frantzian bertan, eta George Melièsen eskutik, zinemak abenturaren bidea hartu zuen. "Ilargira bidaia" (1902) filmaren egileak errealitatearen itxura aldatu nahi izan zuen, truku eta dekoratuetaz baliatuz, poesia eta irudimenaren munduan murgilduz.
Hau izan zen hasiera batetik zinemak hartu zuen bide bikoitza: errealitatearen ispilu edo isla izatea alde batetik, eta geroztik munduan zehar nagusitu dena, fikzioarena alegia, bestetik.


PENTSA zitekeen dokumentala eta fikzioaren ibilbideak parekatuta joango zirela eta antzeko oihartzun eta eragina lortuko zutela, euskarri bera erabiltzen baitute, baina, jakina denez, ez da inoiz horrelakorik gertatu izan. Egun, esate baterako, oso gutxi dira pantaila handietan estreinatzen diren dokumentalak. Gehienak, gainera, musikarekin lotuta agertzen zaizkigu, hala nola, New Orleanseko jazza jotzen duen Woody Allenen taldeak Europan zehar eginiko bira jasotzen zuen Barbara Koppleren "Wild Man Blues", latin jazzean nabarmendu diren musikarien interpretazio batzuk jasotzen dituen Fernando Truebaren "Calle 54", Wim Wendersen "Buena Vista Social Club" aski ezaguna eta Neil Youngek berarekin daraman "Crazy Horse" izeneko rock taldeari buruzko "Year of the Horse" filma. Maila konprometituago batean bi baino ez ditugu aurkitu: Javier Corcuerak burututako "La espalda del mundo", non bere familia laguntzeko lan egiten duen ume bat, Estatu Batuetako kartzela batean exekutatuko duten gizon bat, eta kurdoen prolematika islatzen duen espetxeratutako emakume bat genituen protagonistak eta Auschwitzeko sarraskigunetik bizirik atera ziren bost juduen gorabeherak jasotzen dituen James Mollek osatutako "The last days" delakoa.
Gezurra badirudi ere, dokumentalak madarikazio bat darama berarekin. Ikusleok oso gutxitan gaude prest 750 pezeta ordaintzeko gure errealitatetik ihes egiten laguntzen ez digun filma ikusteagatik. Merkatuaren arauari jarraituz, sailkapena gureganatuta dugu aspalditik: zine aretoen helburu nagusi eta bakarra fikzioa da, dokumentalak ikusteko aukera telebistak eskaintzen baitigu.
Ikusleok pantaila handian bilatzen duguna gure errealitatea ahazten lagunduko digun ametsa da. Dokumentalek, berriz, errealitate hori gure begi aurrean jartzen dutenez, zokoratzeko tentaldian erortzen gara etengabe. Gainera, askotan, eta materiala nahikoa egon arren, gertatutakoaz lan egin beharrean, errealitatea fikzio bilakatzen da, ikusleak filmaren pertsonaiekin bat etor gaitezen, istorioaren tentsioan murgilduz. Zinema historikoa eta Ken Loachen lehen dokudramak esandakoaren argibide garbiak dira.
Egun, kontraesankorra badirudi ere, errealitatea ezagutzeko eta aztertzeko orduan ukaezina da fikzioak garrantzi handia duela. Film bakoitza bere garaikoa den neurrian, garai bakoitza ulertzeko ezinbestekoa gertatzen zaigu. Une bakoitzean gizarte bakoitzak defendatzen dituen balioak, sortzen dituen modak, sustatzen dituen helburuak edota eredutzat hartzen dituen sexuen arteko harremanak ezagutu nahi baditugu, fikzioak aztertzea nahitaezkoa zaigu, baina horrek ez ditu film hauek dokumental bihurtzen, dokumentu baizik, irizpide kritiko batetik hartuz gero historiarentzako erabilgarriak direnak.


EZIN ditugu orrialde honetan euskal zinemaren arazoak aztertu eta gainera aski ezagunak ditugu. Horregatik, euskal luzemetrai bat pantaila handian ikustea amets bat iruditzen bazaigu, gure errealitatea (historia, artea, folklorea, eta abar) ezagutarazteko asmoz burututako dokumental bat ekoiztea amesgaizto bat bihur daiteke. Are gehiago, gaurko bereizketa politikoa kontuan hartzen badugu. Hala ere, "Ama Lur" eta "Ikuska" sailak jorratutako bideari jarraituz, ETB izan zitekeen gure errealitateari buruzko interpretazioa landuko lukeen esparrurik aproposena. Dagoeneko zenbait lan eskaini badigu ere, ETBk garbi eduki behar du ez dela sortu Tamararen kanta buruz ikas dezagun, gure herriaren identitateari eusteko eta egunero garatzen dugun nortasunaren lekuko izateko baizik. Gurea bezalako herriek beren kultura sortzeko eta hedatzeko dituzten baliabideak lehentasunez garatu behar dituzte, kultura lan-eremu estrategikoa bihurtzeko. Eta horretan, fikzioa eta dokumentala, pantaila handia nahiz txikia, beharrezkoak ditugu, besteek gure historia idatz ez dezaten.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude