Pintura espainiarraren inguruko erakusketa bat Espainiako Estatuan zabaltzeak ez dirudi, printzipioz, berrikuntza handirik dakarrenik. "Goyatik Zuloagara. XIX. eta XX. mendeetako Espainiako pintura Hispanic Society of American" erakusketak, ordea, badu berezitasunik. Hilaren amaiera bitartean Bilboko BBVA aretoan ikusgai diren 68 mihisetatik gutxi batzuk izan dira inoiz ikusgai Espainiako Estatuan. New Yorkeko Hispanic Society of Americako museoko lanak dira, Archer M. Huntingtonek XX. mendearen lehen erdian bilduak gehienak.
1904an Hispanic Society sortu zenetik eta hurrengo hiru hamarkadatan Huntingtonek helburu nagusi batekin bildu zituen artelanak: berak maite zuen Espainiaren erakusleak estatubatuarrei eramatea. Nekazari zonalde lehorretan topa zitekeen Espainia autentikoa bere ustez -98ko belaunaldikoentzat bezalaxe- eta esentzia hori islatzen zuten margolariak zituen gogoko. Zuloaga eibartarrari zera idatzi zion behin: "Niretzat zu zara Espainia, hiltzen ari den Espainia zahar hori salbatuko duzulako".
Kulturalki eta ekonomikoki familia probilegiatu batean hazia, 1882an Londresen, hamar urte besterik ez zituela, erosi zituen bere lehen piezak -txanpon hispaniko batzuk- eta bi urte beranduago, zurezko kaxekin eta aldizkarietatik moztutako koadroen erreprodukzioekin bere lehen museoa osatu zuen. Hemeretzi urterekin erabaki zuen "museo espainiar" bat egitea. Hiru urte beranduago, 1892an bisitatu zuen lehen aldiz Espainia eta aurretik hartutako erabakiak indar gehiago hartu zuen orduan. "Nik Espainia den bezalakoa ezagutu nahi dut eta museo batean islatuta utzi" idatzi zion amari. Bizi guztian mantenduko zuen printzipio bat ere orduan ezarri zuen: artelan espainiarrak lortuko zituen, baina Espainiako mugetatik kanpoko iturrien bitartez. Ez zion Espainiari bere ondare artistikoa ukatu nahi.
ZULOAGA ETA SOROLLA.
Hispanic Society sortu zenetik bere biltze lana areagotu egin zen eta 1909an lehen erakusketaren ateak zabaldu ziren bere bi lagun handiren lanekin: Joaquin Sorolla valentziarra eta Ignacio Zuloaga eibartarra. Obra garaikideak ziren, mendeko lehen urte horietan eginiko lanak izaki, baina une horretan Pariseko abangoardiaren lehen lerroetan zeuden espainiarrei
-Picasso, Rusiñol...- muzin eginez, horrelakoek ez baitzuten bere interesik pizten. Horregatik atzera ere jo zuen eta XIX. mendeko lan ugari bildu zuen XX. mendeko lehen hamarkadatan. Goya, Domingo y Marqués, Raimundo de Madrazo edo Salaren lanak, Beruete, Viladrich, Graner, Ricardo de Madrazo, Casas, Alvarez de Sotomayor, Lopez Mezquita edo Zubiaurre bizkaitarraren lan berriagoekin batera bildu zituen. Sorolla eta Zuloagarekin zuen harreman estuak ere emaitzak ematen jarraitu zuen.
Archer M. Huntington 1955ean hil zen, baina handik aurrera berak hasitako bildumak hazten jarraitu zuen, donazioei esker batez ere.
Modu honetan, eta BBVAko erakusketan ikus daitekeen moduan, Huntingtonen bildumak Espainia tradizional eta sakonena zuen gai nagusitzat. Toreroak, mantilak, erlijioa, ohiturak... dira ikusgai mihisetan. Erretratuak ere ugariak eta bikainak dira Bilboko erakusketako aleen artean bederen, eta, nola ez, pertsonaia espainiar tipikoak -eta topikoak- dira erretratatuak.