Mariano Izetaren heriotza eta Nafarroako Gobernuaren azken erabakiak euskararen inguruan bat etorri dira denboran, baina ez dakit kasualitateak eraman dituen hortara ala bigarrenak ekarri duen lehena. Izan zitekeen. Nafar euskaltzale batentzat benetan digestio gaitzekoak izan baitira Sanzek nafar euskaltzaletasunaren aurka egindako gehiegikeriak, batez ere azkenak. Ikusiak ikusita, bestalde, ez dakit handienak ikusita ditugun. Del Burgo eta Aizpun datozkit burura. Gaitzerdi haiek, Francok utzitako demokrazian gizendu eta oinordekotutako kumeena kontuan hartua.
Norbaitzuek esan dute egunotan Nafarroako PPk, hau da, UPNk, bere aginte esparruan egindakoa espero behar dela Euskal Herriko beste gune autonomikoan ere. Konklusio prebisible eta erraza izanik ez da ordea errealismorik gabea. Hurkoaren bizarra mozten ari dira, zalantzarik gabe.
Euskal Herriko egoera jarraitzen duen Alemaniako profesiokide batekin hizketan oraintsu, PPren ofentsiba ideologikoaren sorburua ETAren su-etenaren bukaeran eta ondorio gisa ezartzen zuen. Begiak zabal-zabal egin zitzaizkion datu zehatzak jarraituta erakutsi nionean ofentsiba horren garapena behintzat su-eten garaian, bete-betean, gorpuztu dela.
GARAPENAREN ildo nagusiak, hala ere, aurretik jarrita zeuden. Gogoan izan "Egin" egunkariak filtratutako txosten hura, non jasotzen zen Aznarren alderdiko buruzagiek Donostian izandako bilkura baten berri. Hitzez-hitz bete dira hartan iragarritakoak: hezkuntza planak, historia, geografia, izen-abizenekin aipatutako intelektual zenbaiten papera... Txostenean falta zen aurrikuspen bakarra PSOEren morrontza zen. PSOEren babes makurrik gabe -bagenekien hortaz zerbait, baina hainbesterakoa izango zenik?- ezina zukeen PP garaile honek ekarritako egoera.
Erasoa omen da defentsarik onena eta Fragaren alderdikoek oraingoan asmatu egin dute eta orainarte gai izan dira. Zeren aurka defendatzeko eraso duten? Euskal abertzaletasunak distentsio giro batean landu zezakeen ofentsibaren aurka. Gero, gainera, azken hau ez da bide erdira ere iritsi, bide laurdenera agian eta bertan geratu da blokatuta, desaktibatuta. PPrenak ordea bere bidea jarraitzen du eta lehia desorekatu honetan nabarmenagoa da orainarte irabazle dabilenaren aldea.
Indarrak parera ekarri edota indar korrelazioa alda-tzerik ba al dago? Euskal abertzaletasunaren barruan ba al dago aukerarik intxaurrondoa astindu eta intxaurrak jasotzerakoan orduan osagarritasuna lantzeko? Eta hori gabe, ba al dago irteerarik?
OSAGARRITASUN horrekin irteera posible batzuk bururatzen zaizkit. Hori gabe, eta oraingoz, bat ere ez.
Osagarritasun horretara nola iritsi. Hortan dago, bada, gakoa. Baina bidea ezin daiteke bakarra izan. Orainartekoak bere mugak adierazi baditu, beste batzuk bilatu beharko dira.
Inmobilismoa hausteko gaitasunean dago giltzarria. Orainarte autonomismotik soberanismora igarotzeko borondateak astindu du esklerotizatutako guztia. Bil bitez horren inguruan konbikziorik borobilena dutenak eta horrek erakarriko edo behartuko ditu epelagoak diren beste batzuk. Baina egin bedi zerbait lehenbailehen.
Inmobilismoa hausten hasi da demokraziaren kontzeptuaren inguruan alderdien artean ez ohiko hurbilketarik eman direnean ere. Eta honetan ez dugu ikusi ikus zitekeen guztia. PP eta ezker abertzalearen arteko hurbilketa ikusteko adina ez dit ematen irudimenak oraingoz. Baina PSOE eta ezker abertzalearen artekoa, tartekoekin edo tartekorik gabe, ez zait ezina egiten. Katalunia aldera begiratuz gero batipat.
Ez da egia bide bakarra dagoenik. Ez da egia otzare bakarra dagoenik sagarrak jartzeko. Ez da egia jokaldia karta bakarrera mugatzen denik. Horrela esploratzaile txarrek, prebisio kaxkarrek eta jokalari desesperatuek bakarrik jarduten dute.