Aritzak kantari laukotea, Iker Robles-Arangiz eta bere hiru seme-alabek (Gorka, Naia eta Koldo) osatua da. Robles-Arangiztarrak bizkaitarrak dira jatorriz, eta seme-alaben kasuan Lapurdiko Bezkoiztarrak. Aritzak orain hamabost urte plazaratu zen. Laukote honek autore ugariren kantuak interpretatzen ditu, ahotsa duela tresna nagusi. Bost disko argitaratu ditu dagoneko. Robles-Arangiztarren azken emaitza "Mixel Labeguerie'ren kantak" da. Hogeita bi kantu bildu dituzte bi CDtan.
MIXELEN LAGUNA.
1980ko uztailaren 28an zendu zen Mixel Labeguerie. Mende erdi honetako euskal musikari, kultur egile, eragile eta politiko esanguratsuena Ipar Euskal Herrian. Hogeigarren urtemuga kari, asko izan dira haren gorazarrez eginiko ekitaldiak. Aritzak taldea da, berriz, Labeguerieren musika altxorra bilatu, landu eta bildu duena. Ikerrek eman digu ekimen honen berri: "Mixel Labeguerie Arboti herrian ezagutu nuen duela 40 urte. Nahiz bere kantu zenbait ezagunak diren, banekien berak etxeko magnetofoi batean grabatuak utzi zituen kantuak bazirela, ezezagunak edo inork kantatu edo grabatu gabeak bazirela alegia". Iraganerako jauzi egin dugu baitezpadan, 1960ko irailaren 1ean, Nafarroa Behereko Arbotin Euskaltzaleen Biltzarra ospatu zen egunera. Labeguerie erakunde honetako lehendakaria zen orduan. Soroak izeneko laukote bizkaitarrak abestu zuen jai hartan. Txabi Sorozabal gitarrajoleak eta Alatz, Ugutz eta Iker Robles-Arangiztarrak osatua. "Bilbotik etorri ginen. Gu, anartean, Bizkaian baino ez ginen ezagutuak. 300 pertsonen aitzinean kantatu genuen, bazkarian. Berehala eztabaida hasi zen. Zenbaitek 'Gure kantuek euskal kantuen eraberritze bat ekartzen zutela' zioten. Mixelek 'Soroak ez, zuek sorroak zirezte, hots, bibelarrak. Kantu berriak ekartzen baitituzue' erran zuen jende guztiaren aitzinean".
Bertako agerkarietan aipatuak izan ziren biharamunean. Batzuk beren kantu moldearen alde agertzen ziren arren, beste batzuek "Soroak herexeak dira"edo "euskal kantuaren lurperatzaileak" bezalakoak idatzi zituzten. Honela diosku Ikerrek: "Euskal kantua salbatuko bazen gitarraz kantatu behar zela pentsatzen genuen. Pentsa zein garai zen! Mixelek garai hartan ez zuen gitarra jotzen, pianojolea zen. Geroago emango zituen gitarraz abestutako kantu mitiko haiek".
Frankrismo garai gogorrena etorri zen gero. Soroak-eko kideren batek erbesterako bidea hartu zuen eta taldea desagertu zen. Aldian-aldian igo dira eszenatokira. Joan den urriaren 15ean, Kanbon, Mixel Labeguerieri eginiko omenaldi eguna kari, azken aldikotz.
GRUNDING ZAHAR BATEAN.
Orainera itzuli gara. Iazko urte hondarrean kaleratu zuen Aritzak-ek lehen CDa. Ordura arte, ikerketa eta kudeaketa lan franko burutu zuten taldekidek: "Peyo Labeguerierekin mintzatu nintzen eta erran nion
"Eneko zure anaiak edo beste inork egiten du lan bilduma hau, edo bestela, guk -Aritzak-ek, alegia- gustura bilduko genuke zure aitaren obra guztia". Baietz erran zigun Peyok. Mixelek Grunding handi batean, zinta handietan, utzi zituen kantak entzun genituen", dio Ikerrek.
Mixelek bostpasei aldiz grabatu zuen kantu bakoitza, ordea"Mixelen ahotsa entzun bitartean hitz guztiak kopiatu nituen. Anartean, Mixel Itzainak Labeguerieren liburua egina zuela-eta inprentara eramateko unean bera ikustera joan nintzen. Itzainak agertu hitzak eta nireak ea berdinak ziren egiaztatu genuen. Berak ezagutzen ez zituen kantu pare baten hitzak sartu zituen liburuan. Bilduma osatua dago eta kontent gaude".
Laukotearen hasierako asmoa, CD bikoitza euskarri bakar batean osatzea eta Mixelen heriotzaren urtemugarako karrikaratzea zen. Gauzak txukun egitekotan lan gehiegi zela ohartu ziren eta bi aletan bildu dituzte kantuak: iaz lehen bilduma eta Mixel Labeguerieri egin omenaldi egunerako bigarrena. Mixelen musika errepertorioa osatua eta finkatua utzi dute: "Baiki. Bestela jendeak bai hi-tzak bai doinuak bere gustura ematen ditu. Horrela, Mixelen kantu eta hitzen bilduma osatua geratu da. Guk, melodia aldetik, bere musika errespetatu dugu hala ere. Labegueriek kantu herrikoiak egin zituen, oso poeta ona zen gainera. Eguneroko hitz xumeekin bertso politak utzi zituen. Bakarrik kantatzen zuenez, neurri batzuk luzatzen zituen, horregatik bere musika landu behar izan dugu".
Hogeita bat dira Aritzak-ek ondu dituen kantuak. Lehen CDan, Ezpeletako Ezpela abesbatzak parte hartzen du "Haurtxo haurtxoa" kantu ezagunean. Peyo Labegueriek "Bortz iturri" -istripuz zendu zen Beñat anaia zaharrari eskainia- kantua abesten du. "Maritxu" izenekoan, Mixel Labeguerieren beraren ahotsa eta Ari-tzak laukotearenak elkarrekin emanak dira. Bigarren CDan, Mixelen kantu mitikoenean, "Gazteri berria"n, Etxamendi eta Larralde, Anje Duhalde, Pantxoa Carrere eta Maialen Errotabehere kantarien laguntza izan du Aritzak-ek: "Mixelen kantuak bere garaiko kantariek abestu zutela, hurrengo belaunaldiek eta oraingo gazteek ere kantatzen dutela erakutsi nahi izan dugu. "Loa, loa" kantua oso polita geratu da. "Maketo" izenekoa ezezaguna da, bere ahotsari beha atera dugu melodia. Elizako erretoreen inguruan idatzitako kantua da eta doinua halakoxea du. Mixelek musika espirituala maite eta landu zuen. 'Bortz iturri' kantua Mixelen semea -Peyo- kantatzera animatu genuen. Koldok eta Gorkak lagundu diote ahotsetan. "Maritxu" kantu ezezagunean Mixelen ahotsa sartzea berezitasun bat izan da. Mixelen ahotsa hartara betiko geratu delarik".
beste kolore batez. Laukotea oso pozik geratu da errepertorioa osatu izanarekin: "Duela 40 urte, Mixelekin gertatu ginenean bezala, orain bere omenaldian, Soroak taldeak berriz ere abestean, garai hartan egiten genituen akorde disonanteak errepikatu ditugu. Mixelen kantuak errespetatu ditugu, baina lau ahotsetan egitean, ezin izan ditugu berdin egiten ahal. Mario Gasisen konponketak funtsezkoak izan dira beste kolore bat emateko, kantu bakoitzari kolore bat eman baitio berak. Haren melodia errespetatuz betiere, jakina".
ILDO ETA MOLDE BEREAN.
Duela 15 urte abiatu bidean jarraitzen du Aritzak-ek, hots Euskal Herriaren alde kantuz. Alta, lan hau burutzeko bidean oztopoak aurkitu dituzte, antza. Lehen CDan, lagundu dietenei eskaini "eskertzeko" hitzak irakurtzea baino ez dago. Bestalde, badago dioena Aritzak-ek lantzen duen kantu mota sobera modernoa dena. Ez dela benetako euskal kantua, landuegia dela hots. Naiak honela dio: "Aitak duela 40 urte gauza bera entzun zuen, eta egun berdintsu gabiltza. Lana hasi genuenean Mixelen musika ez zela inoren interesekoa erran ziguten batzuek. Omenaldi egunean han zeuden horiek denak lehen lerroan".
Naia bere proiektua ari da lantzen, martxoaren 10ean Hazparnen taularatuko duena. Hitz berriak eta aire irlandarrak tarteko: "Bizitzaren zikloa biltzen duen ekitaldi bat da. Sortzetik hasita, bizialdi oso baten garapena agertzen duena. Nihaurek landuriko hamabost kantu emanen ditut agerraldian zazpi musikarirekin, Edu Murumendiaraz eta Eli Alberdi dantzariak tarteko. 30 urterekin bakarlari gisa emanaldi berezi bat eman nahia sentitu dut". Heldu den urtean 20 urte beteko dira Naia taulen gainean ari dela kantari.