SALINGERREN TRIBUA


2000ko azaroaren 19an
Esan ohi da komunikabideetan azaltzen ez dena ez dela existitzen. Ekonomikoki munta handiena duen Espainiako literatur sariaren irabazle edo finalista azken urteotan komunikabideekin lotutako norbait izatea ez da kasualitatea: proiekzio publikoa duen idazle bat saritzea salmentak ziurtatzeko era bat da. Hiztun kopuru handia duten hizkuntzetako argitaletxeek izan duten garapena ikusita, argi dago enpresaren kontzeptu estandarrera gero eta lerratuago daudela, ahalik eta gehien saltzea dela helburu bakarra, eta gutxi direla liburu on bat argitaratu edo ziurtasun osoz "best-seller" bat izanen den liburua argitaratzearen artean lehena aukeratuko luketen editoreak. Euskal literaturan argitaletxeak gero eta profesionalago bihurtuagatik, eta derrigorrez merkatu kontzeptuari jartzen zaion arreta ere handiagoa izan arren, ausartuko nintzateke esatera editoreek "zintzoago" jokatzen dutela, editore bakoitzak bere ikuspegi literario eta gustu propioak izanagatik, ez dela oraino poemario on bat argitaratu gabe geratzen, nahiz eta aurrez dakien argitaratzaileak liburu horrek ez duela dirurik emanen. Eta zintzoago jokatze hori ez dut uste editorearen literatura onarekiko konpromezu suhar bati zor zaionik, baizik eta xinpleki, kontrara jokatuz gero lortuko lukeen etekina ikaragarri handiagoa izango ez litzatekeela jakiteari. Honenbestez, satisfakzio pertsonalaren eta lukro minimoaren artean, lehena hautatzen du editoreak. Karamelua ez dela hiztun askoko hizkuntzetan bezain gozoa, alegia.


HONEKIN lotuta, idazlea ere gero eta kontzienteago da promozioak bere liburuaren salmentan duen eraginaz, eta elkarrizketa nahiz aurkezpenak gogoko ez dituenak ere, bere lanaren beste zati bat jotzen du liburua promozionatzea. Gure liburudendak etengabe gainezkatzen dituzten produktuen artean "ni naiz, hemen nago!" esateko egin daitekeen gutxiena da. Alta, egunkarietan zutabeak idatzi eta irrati nahiz telebistan agertzea, komunikabideetako animalia izatea, lagungarri al da idazlea promozionatzeko? Bai eta ez. Ukaezina da, ia dena bezala, sedukzio kontua dela hau ere, eta irakurle baten arreta erakar dezakeela zutabe batek, leiho horrek eraman dezakeela irakurlea zure etxera sartu eta zure liburu bat irakurtzera. Kontrakoa egiten duenik ere bada ordea: idazle baten zutabeak astero irakurtzen dituenez, eskura duenez idazle horren dosia, zertarako erosi bere liburu bat? Komunikabideetan azaldu beharra dago salmenta kopuru bat ziurtatzeko, baina gurean komunikabideetan agertzeak ez du salmenta kopuru duin bat ziurtatzen (eta literatura handietan ziur aski bai). Erran gabe doa, zenbait idazleren kasuan komunikabideetan azaltzea, irakurlegoa uxatzeko erarik onena ere izan daitekeela... Gero, jakina, Euskal Herrian gazteleraz edo frantsesez funtzionatzen duten komunikabideen zereginaz mintzatu behar genuke, hauek, izatekotan, -orotariko-gaietarako-euskal-kuota bat baitute (gaur liburu baten aurkezpenari buruzko erreportaia, bihar taloaren onurei buruzko artikulua) eta kultura nahiz elkarrizketa "serioen" ataletara apenas irits daitekeen euskal idazle talo artera kondenatua.


BADIRA beren borondatez parafernalia hauetatik guztietatik, zutabegintza eta hitzaldi zirkuitoetatik beren burua at kokatu duten idazleak: Jokin Muñoz edo Pello Lizarralderen izenak dira burura datozkidan lehenak. Maila handiko liburuak idatziagatik, ez dira behar bezain ezagun eta estimatuak. Javier Mariasek bere azken liburuetako batean ez aurkeztea erabili zuen estrategiatzat eta inoiz baino oihartzun handiagoa lortu zuen. Komunikabideetan agertu nahi ez izatea estrategia komertzial bat dela leporatuko liokete Marias edo Salingerri, eta gainera, halaxe funtziona lezake haien kasuan. Ordea euskaraz idatzita, ez jarrera bat eta ez bestea izanen lirateke komertzialki oso aintzakotzat hartuak. Gure borondatearen kontra agian, baina herri honetako biztanleen %95arentzat beti izanen gara Salinger.
Orain berak bezala idaztea bakarrik falta zaigu.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude