Gerraz ari gara, gerra zibilaz; atzo lehertu balute bezala sentitzen dut oraindik krimenaren lehen zantzua. Amarekin nengoen balkoian; uda beteko arratsalde isil batez; hala gogoratzen baititut gerra hasieraren itxogite mutu haiek. Aitaren zain.
Baigenekien arerioaren esperoan geundela. Jakin, bagenekien inguratuta geundela, baina nondik zetozen ez, nola jantzita, zenbat kanoiekin, ez. Herriaren barruan bertan bagenituen karlista ezagun batzuk gordeak, batzuk, geok ezkutatuak.
Eta gu balkoian, mutu, aita inguruko mendiak arakatzen zebilen bitartean.
Halako batean tranbiaren zentraleko tutua jarri zuen norbaitek martxan: Billabonatik deitu zutela telefonoz kotxea zetorrela norbaitekin, besterik gabe; herriko jendea, eskopetez armatuak batzuk, pistoladunak ere baziren, haurrak eta futbolak desagertu ziren, merkantzia tranbe bat jarri zuten zeharka kamio erdian, ordena garrasi batzuk irten ziren eta... han dator kotxe beltz bat tap-tap tap tap... mantso oso, dozen erdi bat gizon alboetatik guardiatzen baletoz bezala... ama eta ni, hitzik gabe, kotxe gainean zer zetorren deskubritu nahiean... oinak ankutzik neuk ikusi nizkion... hildako bat!... txoferrak esan zuen jende pilo baten marmarrari erantzuten bezala: "Mikolax Kastro! duk"...
"Ai!"...lehertu ziren negarrak, eta "gora Euskadi"... Eta amatxok ondoan negarrari eman zion... eta neuk ezagutu nuen Batzokiko listetan entzuna: "Mikolax Agirre, 'Kaxtro'".
Andoaingo lehen heriotza gerra horren hasieran. Eta betirako geratu zitzaidan "Kaxtro"ren erretratua, gaur ahaztuxea...