LITERATURA EMEZ JANZTEN DENEAN


2000ko urriaren 15an
Urriaren amaiera aldera historikoa izango den liburua emango da argitara. Historikoa, euskal literaturgintzan sekula ez delako ezagutu idazleen artean horren emakume kopuru handia; eta egon diren apurrek, inoiz ez dutelako amankumeko lanik egin, talde gisa aritu alegia, kopuru txikiak aukerarik eskaintzen ez zuelako, besteak beste.
Aurkeztu den proiektu hau Euskal Emakume Idazleen Lantaldearen emaitza izango da, eta titulua,"Gutiziak" da.

POZTEKOA ETA ARDURATZEKOA. Hau bezalako liburua ateratzen denean lehen errakzioa poza da, batez ere hainbat aurpegi berri eta izen ezezagun lehenengoz ikustean. Bigarren erreakzioa, ordea, ardura da. Zergatik sentitu dute emakume hauek elkarrekin argitaratzeko beharra? Zerk batzen ditu? Zein da plazaratu nahi duten mezua?
Liburu bat elkar lanean burutzen denean, zerbaitek batzen ditu lanak, edo egileek amankomunean duten zerbaitek (estiloa, adina, ideologia), edo egile ezberdinek gai baten inguruan aritzeak. Liburu honen ardatza, aldiz, ez da izan ez estiloa (nork bere estiloa du), ez belaunaldia (adin ezberdinetakoak dira) ez ideologia (norberak berea dauka), ezta liburuaren gaia ere ("gutiziak", idazteko aitzakia izan da). Egile hauek, bestalde, ez dute proiekturik amankomunean (liburua koiunturala da, iraupenik gabekoa, antza).
Beraz, zerk batu ditu idazlan hauek? Egileen sexuak! Eta hori da arduratzekoa. Hau da, sexu batekoak izateagatik aldarrikapen bateratua egiteko beharra sentitu dute, nonbait. Gutxiagotasunezko egoera batetik abiatu da proiektua.

EMAKUME LITERATURARIK OTE DAGOEN. Luze eztabaidatu da (eta eztabaidatuko da) diskriminazio positiboaz. "Positiboa" adjetiboa ipintzean, aldeko ekimena burutu nahi dela adierazten da, baina sustantiboak bere horretan dirau: diskriminazioa. Eta galdera da, diskriminazioa bultzatu behar dugu, positiboa bada ere? Ez dakit egia esan.
Emakume idazle bati galdetu egiten zaionean (eta beti galdetzen zaio, alajaina!) ea emakume literatura egiten duen, erantzuna sarritan izaten da "ez da existitzen emakume ala gizon literatura, literatura ona ala txarra baizik". Eta erantzunak ez dio gaiari heltzen. Haurdun dagoen emakumeari galdetzen diotenean ea zer nahiago duen, neskatoa ala mutikoa, eta berak erantzuten duenean "garrantzitsuena ondo etortzea da" ez dio galderari erantzuten. Jakina, ondo etortzea da amari gehien axola diona, baina zer nahiago duen galderari ez dio erantzun. Eta aurreko galderari ere ez zaio erantzuten soilik "literatura ona eta txarra" dagoela esanez. Literatura onaren aldeko aldarrikapena egitean, eta emakume literatura ukatu nahi izatean, zeharka, literatura txarra eta emakumeena identifikatu egiten ditu erantzunak. Baina, ona edo txarra, ba al dago emakume literaturarik? Eta baldin badago, nolakoa da?
Urrian aurkeztuko den liburuak ez dio galderari erantzungo, berez. Norbaitek hartu, aztertu eta ondorioak atera beharko ditu. Eta komenigarria litzateke ohiko topikoetatik (gai intimistak, lengoaia samurra, ekintza eza, protagonista femeninoak) haruntzago joango balitz bere azterketan.
Gutariko batzuk batzuetan erantzun behar izan diogu galdera horri, ez afizioz ezta ofizioz ere, baizik eta sexuaren morrontzaren gisa, euskaldun guztiek Euskal Herritik kanpo beti beren euskalduntasunaz mintzatzera behartuta egoten diren moduan, edo beltzak beren belztasunaz aritu behar izaten diren bezalaxe. Hau da, norberaren egiteari baino, bere izaerari erantzun behar izaten dio idazleak, estandarra ez bada (gizona, zuria, hizkuntza nagusiaren hiztuna).
Beraz, liburu honen kaleratzeaz, ez litzateke makala izango bi helburu lortzea: lehena, emakume askok egiten dutenaren berri ematea, eta, bigarrena, emakumeak izanagatik ere, idazle bakoitza mundu bat dela adieraztea, nork bere ezaugarri bereziak dituela. Eta ezaugarri amankomunik baleude (eta baliteke egotea) azterketa sakona egin dezatela behingoz, diskriminazio irizpiderik erabili gabe.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude