Etxebizitza erosteko asmoa duten gehienek nolabaiteko hipoteka mailegua behar dute. Eskatu aurretik oso garrantzitsua da hainbat alderdi kontuan hartzea, ez badugu "laprast" egin nahi. Maileguz ematen den kopurua eta hilero ordaindu beharrekoa, gehienetan, honako baldintzetan oinarritzen dira: etxebizitza zein preziotan tasatzen den, eskatzailearen diru sarrerak, mailegua itzultzeko epea eta ezarritako interes tasa.
- Etxebizitzaren balioaren %80ko maileguak eman ohi dira. Nolanahi ere finantza erakunde batzuk %100era ere iristen dira, baina 30 urtetik beherako eskatzaileen kasuan bakarrik.
Bankuek eta Kutxek, gehienetan, ordaindu beharreko kuota, hipoteka mailegua eskatzen dutenen hileko diru sarreren %35-40 baino gehiago ez izatera behartzen dute.
- Maileguak baditu bestelako gastuak ere: irekitze komisioa (maileguaren kopuruaren %0,25 ingurukoa), tasatze gastuak (etxebizitzaren balioaren %0,1), notaritzaren eta erregistratzailearen gastuak eta Ekintza Juridiko Dokumentatuen zerga (aldakorra, maileguaren kopuruaren arabera).
- Interes tasa aldakorra duten maileguetan, kontuz ibili behar da, lehen urteko tasa oso txikiarekin itsutu gabe. Ondorengo urteetan zenbat ordaindu beharko den galdetu behar da.
- Mailegua aldatzeko, galdetu beharra dago indarrean dagoen mailegua aldez aurretik kitatzeagatik eta berria egiteagatik zer gastu sortuko diren. Interes finkoko maileguetan kitapenerako komisioa nahiko handia izan ohi da (%4ra artekoa), eta interesa aldakorra denean, berriz, legearen aginduz, gehienez, ordaintzeko geratzen den zorraren %1ekoa izango da. Lortzen den aurrezkiak merezi baldin badu, entitate berria arduratuko da subrogazioa (mailegua entitatez aldatzeko eragiketa) bideratzeaz. Halaber, interesgarria izan daiteke entitate berberean mailegu aldaketa bat egitea (interes finkotik aldakorrera edo alderantziz). Eragiketa horri aldaberriketa deitzen zaio, eta prozedura antzekoa du: informazioa eskatu, kontuak egin eta erabaki