argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
AHANZTURAREN ONURAK
  • Oilarana toki freskoetan bizi ohi da beste zuhaitz batzuren artean. Lau bat metroko zuhaixka da berau eta ematen dituen gerezitxo beltzak eta zura usaintsua ere baliagarriak dira.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21
Kanpoarekin lotzen gaituen hedea estu korapilatuta eutsi nahi dugunok kopetilun begiratzen diogu, alferrik galtze aldera gara garatzen duen tipulari bezala, kultura eta are azkarrago kultura ezak daramaten bideari. Hedabideetan ari garenongandik hasita nabarmena da garai bateko jakintzen galera hizkuntzan. Maspila, garba, mailukia, oilarana eta abar aipatzea baino merkeagoa da, kemenez behinik behin, ingelesez aritzea.
Gereziondo baxakaren tankerakoa den Prunus mahalebi ingelesez ez dakit nola deitzen dioten, baina euskaraz izen dotorea du, oilarana. Karearrizko mendietan toki freskoetan bizi da, hurritz, haritz, urki eta abarren artean bakan. Berexia da bai oilarana eta landare gutxik bezala, ondo gustukoak ditu klima mediterraniarra eta atlantiarra nahasten diren lurraldeak. Lau bat metroko zuhaiska honen lore zuri usaintsuek ematen dituzten zentimetro bat baino txikiagoko gerezitxo beltzak baino mikatzagorik aurkitzen zaila izango duzu. Kolorante gisa erabili izan dira, artilea horitzeko batik bat.
Beta arrosa-gorrizta deigarriko zura, zurgin finenen altxorra, usaintsua da eta pipa kirtenak egiteko erabili izan da. Oilarana, bada, ahanzturaren zaku handitik ateratzeko izena eta landarea