argia.eus
INPRIMATU
TXANPONA
BASERRITARRAK
Daniel Udalaitz 2000ko maiatzaren 28a
Euskal nekazari eta abeltzainak protagonista izan ziren pasa den astean, Europako Batasunean sartuz geroztik bizi duten egoera gero eta larriagoa dela kausa. EHNEko abeltzainek Donostian egin zuten manifestazioa, eta Iparlaten Urnietako lantegiaren blokeoa abiatu zuten, esnearentzat prezio duin bat lortu asmoz. Prezio horrek urtez urte okertzen joan den baserritarron geroan eragiten du. Duela lau urte arte 6.000 euskal abeltzain bizi zen esne ekoizpenari esker; gaur 2.400 baino ez. EHNEk beste datu batzuk jakinarazi ditu: EBn sartuz geroztik, Hego Euskal Herriko baserritarren kopurua 30.000tik 15.800era pasa da. Eta EAEn bereziki larria da egoera, Administrazioak apenas inbertitzen baitu gazteek bizibide hau hauta dezaten; Nafarroakoak askoz gehiago egiten du (1994-1999 artean EAEn 100 gazte, Nafarroan 1.400). Sektore hau hilzorian dago, eta etorkizuna beltza da oso. Hau ekiditea denon erantzukizuna da, baina batez ere Administrazio publikoena: gobernu eta diputazioena. Gazteengan inbertitzea, etorkizuna bermatzea da