argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
URTEROKO ERRETOLIKA
  • Fruituetako haziak pipittetan dituzten fruta arbolak su-gorrinaren beldur izaten dira urte sasoi honetan. Honek kalteak sortzen ditu mahairako eta sagardorako sagar ekoizpenean.
Jakoba Errekondo 2017ko azaroaren 28a
Madariondoena eta irasagarrondoena ia ahaztua ditugun honetan sagarrondoen lorealdia pasa berria da. Pipitta duten fruta arbolen lore-egutegia osatzeko elorri zuria, mizpirondoa, otsolizarra, maspila eta hostozuria hortxe ari dira, lorea zabaltze eta zimeltze tarte horretan.
Hezurra duten fruta arbolak ez bezala fruituetako haziak pipittetan ematen dituztenek gaitz izugarri baten erasoaren beldur bizi direla aipatu beharra dago sasoi honetan. Zergatik orain? Lorea irekia den bitartean zabaldu eta kutsatzen baita, batik bat, su-gorrina deitzen den gaitz suntsitzailea. Suntsitzailea, berari aurre egiteko inolako aukerarik gabe jo eta bertan hiltzen baititu arbola gazte eta zaharrak. Fruta arbolen puja muturrak erre, itxura hartu eta makurtzen ote diren jagon. Kalte ikaragarriak dakarzki honek batez ere mahairako eta sagardotarako sagar ekoizpenean. Sagardi osoak erre dira dagoeneko eta etorkizunean ere antzera jokatu beharko dugu baldin eta gaitzaren eraso bortitzenak sahiestuz berarekin armonian baino harmonian bizitzen ikasteko zer egin behar den jakiteko ikerkuntza zorrotz eta serio bat sustatzen ez bada administrazioko erakunde guztietatik. Noiz arte sasoi honetako urteroko erretolika?