EUSKAL DIASPORA PARISEN

  • Parisko eskualdean 30.000 euskaldun edo euskaldunen ondorengoak bizi dira. Mende honetako bigarren hamarkadan abiatu ziren -multzo handitan- lehen euskaldunak Parisera. Eskualduna elkartea izan zen bertan eraturiko lehen giza-multzoa; 1928. urte aldean. Haren arioan hasi zen eratzen Eskual Etxea 1953. urtean. Anartean, Hegoaldeko euskal erbesteratuak eta lan bila joandakoak euskal diaspora osatzera pasa ziren. 1980az geroztik Paris aldatzen hasi zen, baita euskaldunen bizimodua ere. Hiru euskal belaunaldi ezagutzen dira Parisen. Bigarren belaunaldiaren seme-alabek beste gisa batez begiratzen diote geroari. Eskual Etxea izan da historikoki euskaldunen bilgune eta erreferente nagusia. Oraindik ere 3.000 lagun mugitzen dira bere inguruan. Alta, bada, Eskual Etxea bidegurutze batean dago, berritze proiektu batean murgilduta. Hasi berri dugun hamarkada hau oso erabakiorra izanen da Eskual Etxeak mende honetan zutik iraunen badu.

2000ko apirilaren 16an
Parisko euskal diasporaren erreferente historiko nagusia Eskual Etxea da. Iparraldean "euskaldunari eskualduna" esan izan zaio. Etxeak, hartaz, Eskual du izena. Eskual Etxetik landa, komunzki, bertako euskaldunak pilota frontoietan eta euskal jatetxeetan bildu ohi dira. Ez dute inoiz erkidegorik auzo konkretu batean osatu. Egun, aitzitik, Paris eta bere eskualdean bizi dira; arras sakabanatuak. 1953an antolatzen hasi zenez geroztik, kultur eta giza elkarteak bildu izan dira Eskual Etxean. Egun, berriz, Eskual Etxeak norabide berri baten beharra dauka.


Eskualduna.

Jean-Pierre Cachau mauletarra Eskualduna elkartean sortzailetariko bat da; 1928an sortua. Elkarteko kide historiko honek honela argitu dizkigu Parisko euskal diasporaren lehen urratsak: "1920ko urteetan Pariserat heldu nintzen lehenetariko bat naiz. Eskualduna elkartean zuberotarrak, baxenafartarrak eta lapurtarrak bildu izan gara historikoki:% 60 zuberotarrak, % 30 baxenafartarrak, eta lapurtarrak gaineratikoak".
Parisen bizi ziren euskaldunen semealabak Euskal Herrira oporrak pasatzera eramateaz okupatzen zen Eskualduna. Eguberriko, Bazko eta Udaldiko bakantzetan bidaiatzeko trena edo autobusak muntatzeaz arduratzen zen: "Autobusak eta tren-bagoiak alokatzen genituen bidaia-txartelak merkeago egiteko. Seme-alabak etxeratzea zen gure ekimen garrantzitsuena. Gurasook urtean behin baino ez ginen sortetxerat joaiten".
1950eko urteetan, Ipar Euskal Herritik Parisera joaten zirenei lana eta etxebizitza bilatzen laguntzen zieten elkartekideek, baita Eskual Etxearen antolaketan aritu ere. Jean-Pierre Cachauk honela ikusten ditu Parisko egungo euskaldunak: "Arrazoiak arrazoi, Parisko eskualdunak ez dira beste herrialdeetako eskualdunak bezala garatu, ez dute elkarrekin bizitzeko behar handia sentitu nonbait".


XVI. DISTRITUA.

Parisera joandako lehen belaunaldiak burgesiaren etxeetan lan egin zuen: emakumeak neskame lanetan, eta gizonak ofizio arruntetan. XVI. distrituan eta Boulogne aldean kokatu ziren gehienak. Bigarren belaunaldikoak administrazioaren funtzionarioak izan dira, eta horietako asko -Eskualduna elkartean biltzen direnak- jatetxeen jabeak bilakatu dira. Baionako Gure Irratiko Agus Hernan zuzendaria Parisen bizi izandakoa da: "Bi mundu dira Parisko euskaldunen artean; jatetxe ospetsuen jabeak (120 bat) eta Eskual Etxearen inguruan mugitzen direnak".
Agus Hernan irundarrak honela dio Parisko euskal diasporaz:"Historian gora-beherak izan dira Hegoaldeko euskaldunekin; 70eko hamarkadan errefuxiatu asko bildu zen Parisen eta arazoak izan ziren. Normala da hori. Bestalde, Eskual Etxea Iparraldeko herri txiki baten espresioa da, joera guztiak biltzen dira bertan, horregatik beragatik arazoak izan dira; arras normala da hori ere bai. Iparraldean ere hiru lurralde historikoetako euskaldunen artean ezberdintasunak dira".
Eskual Etxea -Agus Hernanen iritziz- azken hogei urteotan asko zabaldu da Hegoaldeko euskaldunekiko. Eusko Jaurlaritzaren arduradunen bitartez lan egin ondoren batez ere; diru laguntza jasotzen baitu Eskual Etxeak. Errazago hartzen dituzte hegoaldiarrak orain.


PARIS BASAMORTUA.

Euskal funtzionario guztiek Paristik pasa behar dute ezinbestez. Posta eta EDFko langileek (Frantziako Elektrizitate Konpainia) Euskal Herrira itzultzeko basamortuaren ibilbidea egin behar dute; 10 urte egin behar dituzte Parisen. Belaunaldi honen gurasoek bizitza osoa eman zuten Parisen. Udan baino ez ziren etortzen Euskal Herrira. Eskual Etxeak indarra hartu zuen orduan. Bigarren belaunaldiak, berriz, ez du bere lekua aurkitu Parisen.
Jean-Battita Coyos zuberotarra, Parisen bizi izana da luzez. Paueko Kontseilu Nagusiko hizkuntza gutxituen saileko burua da orain. Parisko euskal diasporaz honela dio:"Ene ustez euskaldunak galduak dira Parisen. % 20 besterik ez dira joaten Eskual Etxera. Euskal Herriaren gustua galdu dute. Hori erranik ere, bada lan baliosa egiten duen jendea. Nik euskara batua bertan ikasi nuen. Gutti mintzatzen da euskaraz maleruski. Hegoaldetik gero eta estudiante gehiago etortzen dira Pariserat eta euskarazko irakasle gisa engaiatzen dira".
Mixel eta Mayi Irigoien bikotea Parisen eta Baiona artean bizi dira egun: Mixel hendaiarra da eta Mayi baionesa. Mixel Seaskako Lizeoan ari da Hezkunde Nazionalerako Parisen lan egin ondoren. Mayi matematika irakaslea da Parisko Unibertsitatean. Biziki engaiatuak bizi izan dira Eskual Etxeko ekintzetan. Mayi Irigoien Eskual Etxearen batzordeko kidea da. Mixel Baionan lanean ari da, eta Mayi Parisen. 20 urte inguruko semea dute; Parisen ikasten ari dena. Beraz, familiak hanka bat Parisen eta beste bat Baionan ditu. Egunero telefonatzen diote elkarri: "AHT edo TGV euskal diasporaren metroa da, edo gure metroa behintzat. Anitz jende bizi gara asteburuetan joan-etorrian". Mixel eta Mayi 60ko urteetan finkatu ziren Parisen: "60ko hamarkadan Hegoaldeko ikasle asko ibili zen Parisen, giza-zientziak ikasten zituzten bereziki. Egun ez dago halakorik. Badaude ikastaroak egitera datozenak, denbora batez ikasketak osatzera. Gaur egun diren ikasle gutxiak arte alorrean ari dira ".
Mixelek honela ikusten du euskal diaspoaren bilakabidea mende honen bigarren erdian: "Azken hogei urteetan, euskal seme-alaba franko Parisera joan da, eta Eskual Etxearen bitartez hartu du euskaldun kontzientzia. Antzina, alta, han sortu zen bigarren belaunaldiak ez zuen euskara bildu. Euskaldunen fenomenoa etorkinen soziologiari atxikia da, oro har. Garai batean, euskaldunak joaten ziren behin betiko Parisera. Ez zuten joan-etorri bidaia-txartela hartzen, egun, jendea joaten da joan-etorriko tiketa sakelean. Joanaldia behin-behinekoa da".
Irigoientarrek oso hurbiletik ezagutu zituzten frankismoaren erbesteratuak. Gaur, ordea, inor gutxi: "Erbesteratuekiko harremana zeharo aldatu da. Errefuxiatu berriak anonimatoan bizi dira".Eskual Etxearen geroa pixka bat zalantzan ikusten dute: "Eskual Etxea ez da lehenago bezala tradiziori lotua bakarrik, edo ez luke egon behar bederen. Norabide berrietan finkatu behar du bere geroa, dinamika eta proiekzio berri batean zuzendu behar ditu bere urratsak. Iparraldea eta Hegoaldean ari diren enpresa eta instituzioen laguntzaz, hauekin harremanetan garatu beharko lituzke bere pausoak".
Irakasleak diren aldetik horrela ikusten dituzte oraingo ikasle gazteak: "Oraingo irakaskuntzan ari diren ikasle eta irakaslearen arteko ikusmoldea bitan banatua da; bi joera dira. Batzuek nahi dute arras atxiki Euskal Herriari, hemen sustatu eta lurrari errotu. Besteek, berriz, kanpora joan nahi dute abtsulutuki. Naski, abertzalea denak hemen gelditu nahi du eta kanpora bortxaz eraman izanaren aurka erreakzionatzen du. Iparraldeko gazte batzuek bertan nahi dute egon, ez dute Parisera joan nahi. Hori ere ez da zuzena. Norabait joatekotan hobe Parisera joanik eta ez barreiaturik egon Frantziako hamaika hirietan. Euskaldunok zabaldu behar dugu. Gauza bat da behartuta joaitea, eta beste bat gure burua arras ixtea" diote Irigoientarrek.


ELKAR EZAGUTU EZ.

Garbiñe Eraso Versaillesen sortu zen orain hogeita bost urte. Parisen bizi izan da martxora arte. Bere gurasoak (Nafarroa Garaikoak) Parisera joan ziren lehen belaunaldikoak dira. Soziologia politikoan lizentziatua da eta Baionan bizitzera etorri da: "Euskara txikitan ikasi eta gaztetan galdu nuen. Eskual Etxean kurtsoak hartu eta berriz berreskuratu dut. Gurasoak Parisen utzi ditut, Iparraldera etorri naiz lan bila. Beste bizimolde bat egin nahi dut" . Orain arte, oporretan etorri izan da Donostiara edota Nafarroara; gurasoen etxera. Txalaparta Irratiko esatari gisa aritu da urte luzez: "Txalapartaren bidez ezagutu dut Iparraldea, ikasle bizitzan eta Koordinaketa elkartearen jendearekin. Bestela ez nuen Iparraldea ezagutuko".
Parisko euskal gazteen bizimoduaz honela mintzatu zaigu: "Gazteentzako ez da erraza Parisko bizimoldea; ez da batere erraza jendea ezagutzea, ezta jendeak zer egiten duen jakitea. Irratia da uneon lotura eta harremanetarako bitarteko ona. Eskual Etxeak galdu du harremanetarako zuen indarra. Batzuk alokairuan bizi dira bertan, baina ez da ezer egiten. Ez dago borondate edo dinamikarik. Ez dago gure printzipio historikoetan aritzeko gogorik, ez soilik molde politiko batetik ikusia. Gazteen elkarbizitza sustatzeko nahirik ez dago, elkar ezagutzeko eta gure kezkak elkarrekin konpartitu ditzagun. Garai batean izango zen, baina gaur egun ez dago horretarako girorik".
Horrela mintzatu izanagatik, Eskual Etxeko dinamikari lotua izan da Garbiñe Eraso: "Zabaltzen taldea muntatu genuen giroa berpizteko. Elkarte honek hartu zuen jai eta gizarte giroa sustatzeko ardura. Helburuak jaiak eta kultura sustatzea zen. Oraingoz jaiak dira aurrera eramaten, denborarekin agian egingo da beste zerbait. Kontzientzia falta da; folkloreaz haratago joan behar da ".
Hegoaldeko eta Iparraldeko euskaldunen arteko harremana honela bizi izan du Garbiñek: "Konfiantza falta atzeman izan dut, mesfidantza bat izan da beti. Nire gurasoak 1960tik bizi dira Parisen, eta Iparralde eta Hegoaldekoen artean ez da izan harremanik sekulan. Ez dute elkar ezagutzen. Berdin Eskual Etxean egonik ere".Hala ere, egoera aldatu da bere ustez: "Azken belaunaldiko euskaldunen arteko harremana aldatu da. Eskual Etxean, edo euskal giroan ibilitako gurasoen seme-alabak harritzen dira, beren gurasoek ez dutelako elkar ezagutzen". Garbiñeren gurasoak ez omen dira sekulan Iparraldeko jendearekin ibili. Orain, berriz, hauen seme-alaben bitartez hasi dira elkar ezagutzen, eta euskaraz ere hitz egiten dute. Garbiñek Iparraldean nahi du bere bizitza antolatu orain. Itxaropentsua da etorkizunari begira. Iparrralde nahiz Hegoaldeko gazte abertzaleen artean harreman ona dago. Jatorria ez da hain markatua, euskaldunak dira, besterik ez. Batzuk Parisko diasporan kontzientzia harturiko euskaldun berriak.


EKITALDI ETA TXOKOAK.

Aste Santuko oporraldia Pariserako asmotan ari denak zenbait inguru eta jai ekitaldiren berri aurkituko du jarraian. Apirilaren 15ean, larunbata, Hizkuntza Gutxituen batzarra burutzen da UNESCOren egoitzan. Hil honen 23an, Lokarria taldeak Aberri Egunaren jaia antolatua du Eskual Etxean. Maiatzaren 31n, berriz, Herri Urrats burutuko da Parisen Lokarria eta Sustraiak-Erroak taldeak antolatua. Festa hau Senpereko Herri Urrats ospatu ondoren burutuko da. Parisen, bestalde, euskal jabeen 10 bat ostatu edota jatetxe ezagun daude. Euskaraz galdeturik apairu ederra aurki daiteke hiru jatetxe hauetan: La Mijean; Xan Pagueguy hazpandarra da nagusia. Malar karrikaren 27an dago. Tl: 01 47 058689. L'Étoile; Etxenike da jabea. Tl: 01 47 83 56 33. La Taverne Basque; Alkorta da nagusia. Tl: 01 42 225107. Eskual Etxea, Duban karrikaren 10.ean dago. Tl: 01 42249887

LARRAMENDI: "SPRI ETA EVE PROIEKTUAK ZABALTZEA XEDEA DU INSTITUTUAK"
France-Euskadi institutua 1997an sortu zen. Frantses egitura juridikoa duen elkartea da. Institutu honetako presidentea Jean-Phillipe Larramendi da. Lau pertsona ari dira lanean Parisko Friedland etorbideko karrikaren 14. atarian.
1995 urtean, Jose Antonio Ardanza lehendakariak lehen aldikotz hitz egin zuen Frantziako Senatuan. Bidaia eta aurkezpen haren antolatzaileen artean Jacques Saint-Martin izan zen. Baionako Merkataritza Ganberako zuzendaria. Jose Maria Muñoa, Eusko Jaurlaritzako kanpo harremanetako ordezkaria, protokoloaren antolaketaz arduratu zen ere bai.
Artean, ez zegoen Euskadi eta Frantzia lot zezakeen egitura instituzionalik. Ekitaldi haren ondotik Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak egitura sendo bat eraiki beharraz jabetu ziren. Hartara, Euskal Herria Frantzian eta Parisen bereziki agertzeko sortu zen France-Euskadi institutua.
"Gure institutuak hitzarmen bat sinatua du Euskal Jaurlaritzaren kanpo idazkaritzarekin. Hitzarmen hauen barnean bi egitasmo garatzen ari gara. SPRIrekin bat (Industri Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua), eta EVErekin bestea (Energiaren Euskal Erakundea). Bi egitasmo hauen karietara urtero berritzen ditugu gure akordioak" adierazi digu Jean-Phillipe Larrramendik.
Euskal Jaurlaritzaren kanpo idazkaritza EAEko berezitasunak aurkezteko asmoz ari da Frantzian; klase politikoaren aitzinean bereziki. EAEko erakundea oso gutxi ezagutua da Frantziako Estatuan eta oso beharrezkoa da bere sustapena: "Frantzia oso herrialde zentralizatua eta jakobinoa da. Gure betebeharretako bat EAEko Kontzertu Ekonomikoa eta Gernika Estatutuaren funtzioak azaltzea da. Euskal Autonomia Erkidegoaren eskuduntzak azaltzen ditugu. Mintzakideak bilatzen ditugu eta Euskal Herriarekiko harremanak zabaltzen ditugu haien bitartez".
Euskal Herriko egoera soziopolitikoa ahalik eta era egokienean agertzen saiatzen da France-Euskadi institutua. Jose Mari Muñoak zuzentzen duen taldearekin harreman estuak izaki: "SPRI eta EVE ren proiektuak Frantziako sindikatuei eta patronalari azaldu dizkiegu. Hegoalde eta Iparraldeko enpresen arteko harremanak bideratzen laguntzen ditugu, bi aldeetako industriarien inbertsioa sustatzeko; Hegoaldekoena Iparraldean eta alderantziz", segitzen du Larramendik. France-Euskadi institutua turismo alorrean ari da lanean ere bai. Guggenheim museoaren sustapen kanpainak burutu izan dituzte Frantziako Turismo Azoketan

1.046 PILOTARI LIZENTZIADUNAK DAUDE PARISEN
Parisen Frantziako Ileko Liga elkartea arduratzen da pilotaren antolatekaz. Chiquito de Cambo frontoian dauka bere egoitza Pilotaren Ligak. Saint Exupery kaiako 8.ean (Tl: 01 42 88 94 99). Jean-Pierre Goihenetxe da presidentea.
1999-2000. denboraldian 1.046 pilotarik hartu zuten beren lizentzia Parisen. 3.000 lagunek jokatzen dute pilota modalitate ezberdinetan. Chiquito de Cambo Plaza eta Trinketea dira Parisko pilotaren bilgune nagusiak. Parisko izenez ezaguturiko trintekete historikoa 1988an berreraikia izan zen eta Chiquito de Cambo izendatua. Berri-berria da. Eskuineko pareta berinazkoa du, eta 700 ikusle bildu ditzake harmailetan.
Parisen funtzionamenduan diren beste bi trinketeak dira La Cavalerie Trinketea, izen bereko karrikan dagoena (Eiffel dorrearen ondoan); 1932. urtean eraikia. Saint Brice Trinketea iparraldeko aldirian dago, berriz. Oso dira bisitatuak.
Ezker paretak "Palatino Paris 13" eta (Malmaisons karrika 11.ean) eta "Levallois" dira (Levallois auzoan). Frontoiak ugari dira ere bai. Hauek dira, hurrenez hurren, beren arduradunen izenak alboan jarriak:
- Charles Moreu, Edison ibiltokian, 17. (Etcheberri eta Boudier dira arduradunak).
- Massy, Quartier Villaines (Massy); (Sarrosquy).
- Savigny/Orge, Coubertin plazan (Savigny); (Perraudeau).
- Croix de Berny, Tenine Doktorearen karrika 11; (Bernadicou).
- Chatillon, C.Pereire ibiltokian, 35; (Lobile).
- L'Onera frontoia. Vertugandins karrika (Meduon); (Billet).
Aurtengo martxoaren 17 eta 18an, lehen aldikotz, Euskal Pilotaren Nazioarteko 2. Open Txapelketa jokatu da Parisen. Frantziako Federazioaren pilotariekin batera, Espainia, Uruguai eta Argentinako Federazioen ordezkariak aritu dira. Ruiz eta Mendizabal hegoaldiarrak izan dira emakumezkoetan txapeldunak. Parisko pilotaren inguruan, tamalez, euskalduntasuna oso behera etorrita dago euskaltzaleek diotenez

TXALAPARTA IRRATIA
Radio Pays Parisko irrati bat da. Maiztasun-modulazioan emititzen da (93.1 FM). (Tl: 0148 592212). Frantziako herri gutxituen militanteak elgarretaratzen dira bertan: euskaldunak, kortsikarrak, bretoiak, altsaziarrak, katalanak, okzitandarrak eta flandiarrak. 350 lagunek sustengatua da Radio Pays. Frantziako estatuak 1981. urtean (François Mitterand presidente izatera iritsi zelarik) indarrean jarri zuen lege berri baten arabera funtzionatzen du irrati honek. Duela hamar urte hasi zen emititzen Parisen eta bere eskualdean. Herri bakoitzak bere emankizun propioak hedatzen ditu. Irrati bakoitzarekin herri bakoitzeko elkarteek kolaboratzen dute gisa berean. Orotara 60 bat lagun mugitzen dira egoitzan. Herri gutxitu bakoitzak berezko izena daraman irratia kudeatzen du. Txalaparta Irratia euskaldunen irratia da. Euskarak leku zabala hartzen du. Bi emankizun nagusi burutzen dituzte astero. Asteartean, 21:00etatik 24:00ak arte. Asteazkenean, 12:00etatik 17:00etara. Txalapartak Parisko berriak ematen ditu, bereziki euskal presoei buruzkoak. Leongo auziari buruzko segimendu berezia egin du Txalaparta Irratiak. Iparraldeko Koordinaketa taldearekin harreman zuzenak ditu. Eskual Etxearen inguruko berriak zabaldu ohi ditu ere bai


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude