argia.eus
INPRIMATU
NAFARROAK ERE KALITATEZKO PRODUKTU GARRANTZITSUAK DITU
2000ko martxoaren 26a
Nafarroak ere, ardoaz gainera, kalitatezko elikagai garrantzitsuak ditu. Hala aitortzen diote erakunde eskudunek beren jatorrizko izendapena ematean. EAEn ematen den Labelaren antzeko zerbait bezala har genezake jatorrizko izendapen hau. Nafarroako izendapen berri horiek 1980az geroztikoak dira eta honela banatzen dira: lehengo jatorrizko izendapenak -Erronkari eta Idiazabalgo gazta (Nafarroan ere egiten baita), Lodosako pikillo piperrak eta ardoa-, berariazko izendapenak -zainzuriak eta patxarana- eta kalitatezko izendapenak -Tuterako alkatxofak eta Nafarroako abelgorri okela-.
Erronkari bailaran egiten den gaztak 1981ean bereganatu zuen Espainiako Estatuan ardoa ez zen gai bati ematen zitzaion lehenengo jatorrizko izendapena. 1998an jatorrizko izendapena izan zuten 2.900 tona litro esne baino gehiagok, eta horiekin, izena emana duten bost gaztandegiren artean, 466.330 kilo gazta egin ziren. Urte ona izan zen, gehienetan ez baita 400 tonatara heltzen. Nonbait, 1999an kanpaina ez da hobea izan, eta urteko ekoizpena 400 tona horien azpitik ibili dela uste da.
Idiazabalgo gaztaren jatorrizko izendapena Nafarroak EAErekin batera erabiltzen du. 1998an, izendapen horretan sartzen diren 23 gaztagileen artean, 342.000 kilo gazta inguru egin zituzten izendapena jaso zuten 2.000 tona litro ingururekin. Kontuan izan behar da Idiazabalgo gaztaren heren bat Nafarroan egiten dela, eta esnearen heren bat baino zertxobait gehiago ere Nafarroakoa dela.
Nafarroako zainzuriak berariazko izendapena du. 1999ko kanpainaren arabera, eta Nasersaren Nekazal Elikagaien Zerbitzuak emandako datuen arabera, izendapen horren barruan 3.851 nekazari daude sarturik. Nekazari hauek Nafarroako eta Errioxa eta Aragoiko muga inguruko 195 herritakoak dira. Horietako 3.086 Nafarroako herrietakoak dira eta ekoizpenaren %90 biltzen dute. Aurten 7.400 tona zainzurik izan du izendapena, eta horietatik, enpresa ezberdinetan (57 lantegitan) landu ondoren, 5.590 tona atera ziren etiketaturik. 1999ko kanpaina txartzat jo dute, eguraldiak kalte egin baitio, eta ohiko baldintzetan 7.000 tona inguru etiketatuko ziren.
Lodosako pikilloa, dagokion jatorrizko izendapenarekin, Nafarroako 8 herritan lantzen da. 1998ko kanpainan -ez dugu 1999ko daturik- 358 nekazarik zuten izena emanda eta 341 hektarea zituzten. Produkzioa 1.674 tonakoa izan zen, eta prestatu eta etiketatu ondoren 1.100 tonatan geratu zen. 1999ko kanpaina aurrekoa baino hobea izan zela uste da.Tuterako alkatxofari dagokionez, berriz, esan behar da orain artean freskoak bakarrik saltzen direla eta ez dagoela produkzio kopuru finkorik. Une honetan, ekoizpen horretan erabiltzen den ingurunearen aldaketa aztertzen ari dira, eta baita kontserban prestatzearen aukera ere. Sektoreko arduradunek diotenez, baliteke hurrengo kanpainarako babestutako gune geografikoaren aipamenaren barruan egotea.
Nafarroako okelak 1994an lortu zuen jatorrizko izendapena. Izendapen horrek abeltzain-tza ustiategientzako, hornitzaileentzako eta harategientzako erregistro batzuk ditu zabalik. Aldizka, azterketarako ikuskapen bat egiten du izena emana duten ustiategi guztietan, hazkuntzarako prozedurak egiaztatuz eta laginak jasoz. Izendapenak Piriniar, Blonde, Alpetako Arrea eta Charolais arrazetako abelgorriaren okela babesten du. 1998an, izendapenaren barruan 16.109 behi hazama sartzen ziren. Izena emana duten hiru hiltegien artean 6.138 zekor hil ziren, aurreko urtean baino ia mila gehiago. Hil zituzten animali guztien artean 1.849.182 kilotara iritsi ziren. Izendapen honen barruan izena emana duten 153 harategietan 1.522.820 kilo merkaturatu ziren