LEONGO AFERA

LEONGO TIROKETAREN AUZIA EDO LAU MILITANTEEN OHOREA

  • Leongo afera gertakari ilun gisara pasako da gure herriaren historiara maleruski. Egun hauetan Parisko asiseetako gortetan Euskal Herriaren alde borrokaturiko hiru militanteen kemena eta ohorea dago auzian. Popo Larre desagertuarekiko gorazarre duina, bestalde.
Mikel Asurmendi @masurmendi
2000ko martxoaren 26a
Leongo tiroketa 1983ko abuztuaren 7an gertatu zen Landetako Leon (Lyon) herriko kanpinleku batean. Tiroketaren ondorioz, jendarme bat hila eta beste bat arinki zaurituak izan ziren. Gertakariaren ondotik Jean Louis Larre "Popo" desagertu zen. 17 urte eta gero, Frantziako justiziak Filipe Bidart, Gabi Mouesca eta Ttotte Etxebeste Parisko asisetako gortera deitu ditu; Iparretarrak-eko (IK) militante bezala ekarriak. Auzia hil honen 22an hasi da. Landetako tiroketaren kariz burutzen ari den epaiketa honen inguruan galdera franko jalgitzen da. Lehendabizikoa hauxe: Non da Popo? Bigarrena: Zergatik ez da auzia ebatzi legeak agintzen duen epean? Leongo auzi iluna argitu aldera eginiko erreportajea da hau.


LEHEN MILITANTE ETA POLIZIAK HILAK.

1980. urtean Baionako Justizia jauregiaren (Palace de Justice) aitzinean IK-ko Txomin Olhagarai eta Ramuntxo Arruiz militanteak zerabilten lehergailuaren eztandak eraginda hil ziren. Geroago, IK erakundeak burutu bide zuen banku lapurreta baten arrastoan, poliziak Xabier Manterola hendaiarra atxilotu zuen eta Filipe Bidart baigorriarra klandestinitatera pasa zen. 1982. urtean, berriz, CRSko (Segurtasun Konpainia Errepublikarrak) bi polizien hilketa izan zen Baigorrin. IK-k ukatu zuen hilketa haien ardura. (Batallón Vasco Españolek hartu zuen bere gain, ordea. Orduan, errefuxiatuen aurkako atentatuak abiatu zituen GALek, bestalde). Filipe Bidart ordea -IK-ko buruzagi gisa ekarria- poliziaren begietara militante jazarriena, pe-txero izatera pasa zen. Urte batzuk geroago atxilotua izan ondotik, hilketa haiengatik betiko kondenatu zuen Frantziako justiziak.


LAU MILITANTE SASITAR.

Leongo tiroketa gertatu zenean lau ziren Frantziako poliziak buru-belarri bilatutako euskal militante sasitarrak: Filipe Bidart, Gabi Mouesca, Ttote Etxebeste eta Popo Larre. Abuztuaren lehenbiziko egunetan Ipar Euskal Herriko kostaldea nahiz Landetakoa, turistez gainezka zeuden. Azkainen, eraikin bat erre zuten eta haren ikerketaren ariora IK-ko Jean Paul Hiribarren militante itsasuarra atxilotu zuen poliziak. Honi aurkitutako zenbait daturen bitartez Landetako Leon herrira iritsi ziren poliziaren zantzuak. Tiroketa izan zen egunaren bezperan, bertako kanpinleku bateko gerentea bisitatu omen zuen Jendarmeriak, eta agindu hau eman ere:

"Euskal talde baten susmorik izanez gero polizia jakinaren gainean jartzeko".

PATRUILA TXIKI BAT.

Jendarmeriak auto baten erreferentziak eman zizkion ezagutzera gerenteari. Biharamunean, gerenteak, jendarmeen susmoa baieztatu ondoren, hauei deitu zien. Leongo Jendarmeriaren patruila txiki bat baino ez zen kanpinlekura hurbildu. Une hartan, gerenteak jendarmeei ohartarazi zien (susmagarriak ziren gazte haietako bat; Jean Louis Larre) goiz aldean berekin egona zela zorrak kitatzeko, eta beren kanpin-denda ari zirela desmuntatzen. Jendarmeak, kanpinlekuaren sarkian zeudela, bilatzen ari ziren Renault 4-L zuriaren barruan zihoazen lagun batzuk kanpinlekua uztekotan zirela ohartu ziren.
Jendarmeek ez ikusiarena egin zuten; auto barruan zihoazenen beldur; beraiek baino gehiago zirelako beldur, antza. Jendarmeek beren 4-L urdinean igo eta segika joan zitzaizkien. Ustezko militanteek Jendarmeriaren kasernara bidea hartu zuten bitartean, jendarmeek errefortzuak eskatu bide zituzten. Militanteek okerreko bidea hartu zutela nonbait oharturik, bat-batean itzuli eta kontrako norabidea hartu zuten. Jendarmeek haiei jarraitu zieten zer nahi gisaz ere. Kanpinlekuko ate nagusiaren aitzinera iristean, ordea, auto ilara batek blokeatuta gelditu ziren militanteen nahiz polizien autoak. Jendarmeen autoa hamabost bat metro atzera geratu zen. Bi jendarmeak orduan, autotik atera eta armak eskuetan hurbildu zitzaizkien.


BERTSIO UGARI TIROKETAZ.

Militanteak egoeraz jabeturik (aitzinetik eta gibeletik autoak zituzten) 4-L zuritik irten ziren. Orduan gertatu zenari buruzko hamaika bertsio eman zuten lekukoek. Poliziak gertatu zenari buruzko ikerketa egin zuen eta bildu zituen lekukotasunak ez dira egundo ezagutu. Lekukoek ez zuten sekula militante bat identifikatu funtsaz eta ganoraz. Deskripzio anitz eman zuten, baina denak kontrajarriak dirudienez. Denak bat zetozen hau esatean:

"Autoa gidatzen zuenak ihes egin zuela oihanean barrena, eta hura 'Popo' Larre zela baieztatu ere".
Epaitutakoen defentsa daramaten abokatuen bertsioa hurrengo hau da:

"Tiroketa bi jendarmeen aldetik hasi zen. Militanteek erasoari erantzun zioten eta haietako bat zerraldo erori zen. Beste jendarmeak zuhaitz baten kontra tiroka jardun zuen eta esku batean zauritua izan zen. Militanteek hura kontrolpean izan zutelarik hilarengana hurbildu ziren. Armak kendu zizkieten jendarmeei eta euren 4-L urdinean ihes egin zuten"
, adierazi digu Yolanda Molina Ugartek. Egun, fiskalak gertakaria hilketa gisa aurkeztu nahi badu ere, hura ez zela atentatua izan frogatu nahi du defentsak.
Jendarmeria jakinaren gainean zegoen eta berehala agertu zen gertakariaren tokira; bilaketa operazio itzela montatu zuen segidan, eta pertsekuziorako plan berezia zabaldu ere bai. Jendarmeriaren eta poliziaren talde bereziek baliabide ugari erabili zuten ihes egindakoen zantzuen gibelean; helikoptero baten laguntza eta guzti. Ihes egin zuten militanteek jendarmeen 4-La kilometro batzutara utzi eta Simca bat lapurtu zuten. Ordu batzuk geroago, poliziaren hedapen azkarren ondorioz, Simca aurkitu omen zuten abarrez kukutua. Ordurako militanteak urrun zeuden. Ulertezina eta susmagarria, alabaina, oinez ihes egin zuen Popo poliziak harrapatu ez izana da. Poporen arrastoa galdu zen betiko.


FILIPE HOBENDUN.

Poliziak ikerketarekin segitu zuen egun berean. Gerentea galdezkatua izan zen, eta kanpinlekuko harrera-lekura ordaintzera joan zena Popo zela baieztatu zuen. Militanteen autoan, Poporen gida-baimena eta nortasun agiria aurkitu zituen poliziak. Filipe Bidart bilatzen zuten bereziki, eta autoan bertan omen zegoen agenda batengatik Filipe Bidart jotzen dute jendarmeen hilketaren hobenduna edo egilea . Hurrengo egunetan, jendarme eta poliziek Popo nahiz Filiperen familien etxeak arakatu zituzten goitik behera. Filipe Bidart, Gabi Mouesca eta Ttotte Etxebeste, hurrengo urteetan izan ziren atxilotuak. Popo Larre, berriz, ez da egundo agertu. Poliziak hasieratik mal-tzurki jokatu du. Poporen gurasoei sinestarazi nahi izan zien Popo Parisen edo Ameriketan zegoela. Familia eta herriarengandik urrundu nahi izango zuela argudiatu zuen poliziak. "Popo"k, ordea, gertaeraren bezperan hitz egin zuen amarekin azken aldikotz. Bretainiako Kemperren zegoela adierazi zion.
Familiarekiko atxikipen osoa agertu zion amari, ordura arte bezalaxe. IK-k Popo garbitu izanaren esamesa barreiatu zuen poliziak. IKk jendarmeak akusatzen ditu Popo desagertzeaz. Iragan otsailean, euskal prentsara igorritako artikulu batean, Filipe Bidartek Popo Larrerekiko laudorioak izan zituen eta barkamena eskatu ere. Filipen esanetan, abertzaleek ez dute Poporen izena eta izana duintasunez atxikitzen jakin izan. Poporen familiak Baionako Auzitegian salaketa aurkeztu zuen segidan, baina ez du inolako eran-tzunik ukan. Popo ez da inkulpaturik epaiketan. Agidanez, Poporen desagertzea argitu gabe, Frantziako justiziak beste hiru militanteak, beste behin ere, gogor zigortzea du xede

GERTAKARI URRUN ETA ILUN BATEN ARGITZEKO ITZAL HANDIKO AUZIA
Leongo auzian inkulpatuak daudenen defentsa Yolanda Molina Ugarte, Alain Larrea, Anne-Marie Mendiburu abokatu euskaldunek eta izen handiko Chouck abokatu frantziarrak daramate. Prozesu honen inguruan itzal handiak daude bere hastapenetik. Gertaera 1983ko abuztuan izan zen arren, frantses justiziak ez zuen afera Asisetako Gorteetara (Auzitegi Nagusia) bideratu 1987ko abuztura arte. Gorteetako presidenteak informazio gehiago bildu bitartean hamar urte igaro zituen, eta 1997ko apirilaren 8ra arte ez zuen prozesua abian jarri.
Abokatuen arabera, prozesua orain bideratzea giza eskubideen konbentzioaren aurka doa. Ez da lehen aldia frantses justiziak legea hausten duela. Gabi Mouesca auziperatuaren kasua dugu adibide esanguratsuena. Estrasburgoko Europako Giza Eskubideen Batzordeak Frantziako Estatua kondenatua du, Gabi Mouesca inplikatua agertzen den auzia hau bera, legeak agintzen duen garaian burutu ez delako. Abokatuen hitzetan, Mouescak aske behar luke, baina preso atxikitzen dute, berriz ere zigortzeko.
Leongo prozesuaren sumarioa bost epaileen eskuetatik pasa da. Antza, zerbaitek traba egin du prozesua aitzinarazteko. Abokatuen ustez, traba hori Larreren desagertzea da. Izan ere, sumarioan zeuden 167 froga-datuetatik 130 desagertu dira. Bestalde, 17 urte iragan ostean zer argitu dezakete lekukoek? Abokatuek prozeduraren baliogabetasuna eskatu zuten arren, Auzitegi Nagusiaren arabera froga datuen desagertzeak ez du prozesuaren garapenerako eragozpenik sortzen.
Orain, berriz, fiskalak auzia bere aldera montatu du. Interesatzen zaizkion frogak eta lekukoak baino ez ditu ekarri epaiketara. Esate baterako, inoiz gertakariaz ardura berezirik ez zuten polizia garrantzitsuak deituak izan dira deklaratzera une honetan. Ordea, hasieratik ikerketak bideratu zituzten jendarmeak ez ditu fiskalak deitu; edo deitu dituztenak oso maila apalekoak dira. Fiskalak osatu duen zerrendak zur eta lur utzi ditu abokatuak. Baionako PJko (Polizia Judiziala) buruak epaiketan deklaratuko du IKren dosierrak segitzen dituelako, eta ez auzipetzen ari den kasua ezagutzen duelako. Berarekin Bordeleko PJko Albert Mouligne polizia funtzionarioa eta Baionako Gerard Fabrieres polizia daude.
Ihes egin zuten militante inkulpatuen arrastoan aritu zen Henri Mazeres koronela -Kortsikako Paillot aferan inplikatua- Leongo aferaren dosierran zegoen. Bera zen orduan Landetako Jendarmeriaren Komandantzia buru. Abokatuek deitu dute epaiketara, baina fiskalak ez. Militanteen arrastoan aritu zen Frederic Denis, Akizeko Jendarmeriaren Komandantzia burua, gertakarien ikerketa eta konstatazioak egin zituena, ez da deitua ere, bere ordezko bat, graduazio apaleko Freire jendarmea, deitua izan da.
Gertakarian partehartzea izan zuten guztiak deitu dituzte abokatuek, baina fiskalak ez ditu ekarri nahi. Denis Rue jendarmeak, zaurituta suertatu zen Plouzeau eta zendu zen Guimmarra jendarmeak bidali zituen. Fiskalak berriz, ez ditu ez Plouzeau jendarmea ez kanpinlekuaren gerente Phillipe Coyola deitu. Prozedura ahozkoa da, eta beraz, froga eta lekuko guztiak ekartzea ezinbestekoa da. Abokatuen aburuz, justiziak poliziaren tesien arabera jujatu nahi ditu euskal militanteak. Fiskalaren asmoa, Guimmarraren hilketa Filipe Bidarteri leporatzea da. Dosierra osatu zenean, lekukoek ez zuten Bidart ezagutu, ezta gerenteak berak ere. Alta, bera zen militante bilatuena orduan, Frantziaren lehenengo etsaia.
Filipe Bidart CRSeko bi polizien hilketengatik kondenatua dago. Molina Ugarte abokatuaren esanetan, epaia lotsagarria izan zen. Gertakaria izan zelarik euria burrustan ari zen; karrikan argirik ez zen ia. Hil-hurren geratu zen poliziak identifikatu zuen Filipe. Tiro egin zutenek aurpegia estalita zeramaten, poliziak, ordea, Bidarten begiak ezagutu omen zituen. Deklarazioa sinatu eta hil egin zen

POPO LARRE: HELETAKO BIHOTZ ONEKO GAZTE ALAIA ETA PRESTUA
Jean-Louis Larre "Popo"k 21 urte zituen desagertu zenean. Azken 17 urteetan, familiak nahiz lagunek kalbario luzea jasan dute. Larre sendiak izen bereko ostatu eta etxaldea dauka Nafarroa Behereko Heletako plazan. Ttotteren anaia eta bere ama Maddi bizi dira bertan. Poporen aita duela hamar urte zendu zen. Beste bi anaiak Parisen bizi dira, eta arreba bat Oloruen: "Euskal Herritik kanpo bizi bagina ez genuke Leongo aferaren berri izanen. Gu ez gaituzte deitu Pariserat joaiteko. Egia erran, azken hamar urteotan ahantziak izan gara abokatuen aldetik, eta Poporen lagunek ere ez gaituzte hastapenean bezala bisitatzen. Denok ahantziak izan gara", adierazi digu negar malkoetan Maddik. Popo desagertu ondoko urteetan borroka bizia eraman zuen bera aurkitzeko; semeak hainbeste maite zuen Euskal Herriaren aldeko mobilizazio ugarietan parte hartzen omen zuen. Zenbaitetan -Maddik kontatu bezala-, bere gartsutasuna tipitzen saiatzen ziren seme nagusiak. Popo zen haurride gazteena.
Gaur egun, berriz, etsitua bizi da. Leongo auzia berriro abiatu izanak durduzatu du arras. Maddik dioskunez, bere semea euskal militantea zen, baina ez zegoen klandestinitatean:

"Popo Baionan bizi zen, bere apartamendua zuen gainerat. Bere lana atxikitzen zuen. Baionako festen karietara hamabost eguneko bakantzak hartu zituen. Desagertu zen egunaren bezperan telefonoz deitu zidan Bretainiako Kemperretik. Gero jakin nuen ez zela han. Baina ez zen ere, egunkarietan eta sustengo taldeek emaniko informazioetan erraiten duten bezala, sasitarra bilakatua. Ene semea ez zen osoki engaiatua borroka armatuan".
Maddi Larrek atsekabe handiz hartu du Filipe Bidartek orain gutxi idatzi eta publikaturiko artikulua:

"Filipek 'barka Popo' erran du. 17 urteotan abertzaleek ere ez baitute jakin bere izena behar gisan atxikitzen. Enetako hunkigarria izan da. Nik ez dut -poliziak erran bezala- sinesten Popo bere lagunek desagertarazi zutenik, nehola ere. Baina, gauza bat erran nahi dautzut, nehork ez dezala ere poliziak hil zuenik erran. Hori erraiteko frogak behar dira. Bestenaz, isildu behar dute".

Maddik ez du uste bere semea azalduko denik. Baina, ama guztiak bezalaxe, ez du bere semea hila jotzen bere gorpua ikusi bitartean. Poporen aita hura gabe zendu zen, eta amak, fededuna izaki, mundu honetan ez bada, zeruan ikusiko duela erran digu:

"Egun guziz jaikitzean, Popo mundu honetan bizirik bada, laguntzeko eskatzen diot Jainkoari. Eta mundu honetan ez bada, bertze munduan ikus dezadan otoitz egiten diot. Popo mutiko izugarri gisakoa zen. Euskal Herria biziki maite zuen gaztea zen; ez zion nehorri minik egiten, eta harekin bilduko naiz zeruan"
, adierazi digu negarrez.
Popo politikoki engaiatu aitzin kultur munduan aritu zen: kirol, dantza nahiz antzerki taldeetan parte hartu zuen. Xirrixti-Mirrixti antzerki taldeko jokolari izan zen Popo:

"1982an eratu genuen Xirrixti-Mirrixti Baionan. 'Xirrixti-Mirrixti gerrenean plat' obrarako sei jokolari behar genituen, eta, antzerkia aritua eta aktore ona zenez, Popo hautatu genuen. Heletan ikusia nuen antzerkian, ona zen biziki, eta Baionan bizi zenez, aise lotu zen taldeari".
Gazte gisakoa eta sinpatikoa gogoratzen du Landartek:

"Mutiko gozoa, maitagarria eta bihotz onekoa zen. Bizia eta dena emateko prest"
. Peio Berhokoirigoin talde bereko antzezleak honela gogoratzen du:

"Antzerkide eta lagun maitatua zen. Oso antzezle ona zen, bere tripetatik ari zen jokolari bezala; biziki preziatua zen. Lagun bezala ere, biziki prestua; noiznahi irriarazten gintuen. Xirrixti-Mirrixtiko lagun guziek biziki maite genuen bihotz handiko mutikoa".
Menane Oxandabaratzek gaztetitak ezagutu zuen:

"Bizian nola tauletan maite zuen jokoa. Heletar seme on gisara, biziki maite zuen bere herriko feria eta ferietan ibiltzen zen jendearen eskarnio egitea.
Hari buruz dudan irudia oso koloretsua da. Ez zuen batere gatazkan aritzea maite, harremanak gozoan atxikitzen zituen beti ere".
Babi Bidartek, berriz, Hazparneko eskolan ezagutu zuen:

"Eskolaz landa, Baigorriko Arrola dantza taldean eta herriko rugby taldean ere ibili ginen; Baigorritik Heletara bitartean. Behin, Heletako Santa Katalina ferian ginela, 16 urte zituela, makiñon edo tratulari batek Popok bere zaldia saltzeko eskatu zion. Izugarri abila baitzen traturako. Jean Louis "Popo" izenez ezagutzen zuten baigorriarrek rugbyan eta dantzan. Gaur egun ere, abertzaleak eta ez abertzaleak oroitzen dira Popoz. Luzaz galdatu didate Popoz, eta orain, auzia dela-eta, bere burua agertzen duten afitxak denek errespetatu dituzte. Maitagarria zen Popo"
PASCAL DUMONTEN AFERA ETA LEONGO GERTAKARIAREN ARTEAN LOTURARIK OTE?
Leongo aferaren inguruan beste afera izugarria dago: Pascal Dumonten desagertzea. Aferek loturarik ote duten argitzeke dago. Alta, bien arteko loturarik frogatuko balitz, Poporen desagertzea argitzeko urrats berebizikoa litzateke.
Pascal Dumont Carbon-Blanceko 15 urteko gaztea, 1983ko abuztuaren 22an desagertu zen Lacanau-Ocean hondartzan; bi lagunekin kanpatzera joan zelarik. Eguzkia hartzen geratu zen, lagunak bainatzera joan zirenean. Uretatik bueltan Pascal ez zegoen hondarrean. Lagunek ez zuten Jendarmerian desagerpenaren berri hurrengo egunera arte eman. Familiak biharamunean jakin zuen.
Lau egun beranduago -abuztuak 27- Jendarmeriak gorpu bat aurkitu zuen Lacanautik 15 kilometrora; Porge herrian. Familia gorpu hura identifikatzera joan zenerako, jendarmeek Pascal Dumonten izena zeraman heriotz-txostena sinatzeko exijitu zion familiari; aparteko azalpenik eman gabe.
Pascalen amak -Yvonne- liburu bat idatzia du bere semearen desagertzearen inguruan. Familia xume hau erotzat hartua izan da, eta bere diru irabazpen guztiak xahutu izan ditu bere semea aurkitzeko. Honela dio liburuan:

"Nola daiteke guk gorpua ikusi aurretik Pascal Dumont izenarekin dossier bat ireki izana?".
Gorpua deskonposizio egoera aurreratuan zegoen; begirik gabe eta oso ilunduta. Drama ikaragarria hasi zen egun hartan Dumont familiarentzako. Autopsia eskatu zutenean hamaika trikimailu jasan zituzten. Yvonnek kontatzen duenez, familia jazartua izan zen. Senarrak biziriko ahulezia une batez baliatu ziren Jendarmeria eta Justizia, eta gorpu hura beren semea zela zioen txostena sinatu zuen. Germain Dumontek bota zuen sinadura mila bider madarikatu izan dute Dumontarrek. Estortsionatuak izan omen ziren.
Gerora egin zen beste autopsia batek gorpu hura hiru aste uretan egon zela agertu zuen. Hartara, gorpu hura, hiru aste lehenago desagertu zen Popo Larrerena izan zitekeela pentsatzeko susmoak daude. Gogoz kontra izanik ere, familiak gorpu hari lurra eman zion eta hilobian honela idatzia dago:

"Hemen datza, 1983ko abuztuaren 27an, Jendarmeriak, Poliziak, Justiziak eta mediku talde batek inposaturiko ezezagun bat".

Harrez gero, ahalegin askotxoren ondoren, kasua berriz ere irekitzea lortu zuten. Poitou izeneko detektibe bat kontratatu zuten ere bai. Honek, poliziak eta jendarmeriak eraiki txostena hankaz gora jarri zuen. Pascal bere egunean tratatu zuten dentisten eta sendagileen txostenak aurkeztu zituzten. Poitou eta kasua argitzeko aritu zirenek mehatxuak jaso zituzten. Tribunaletan irekitako prozedura berriek ezin izan zioten infernuko makinaria judizialari aurre egin. Kasuaren inguruan jardun duten guztiak presionatuak izan dira kasua bertan behera uzteko. Dumont familia bezala, erotzat hartuak izan dira.


PASCALEN DEIA.

1985ko martxoaren 15ean Pascalek etxera deitu zuen. Oso denbora laburrean aritu zen, negarrez. Familiak pentsatu bezala, Pascal bere nahiaren kontra bahitua eta prostituzio sare batean jarduteko behartua izan bide zen. Gurasoen susmoek funtsa hartu zuten, antza.
Parisko Joðl Weis hezitzailearekin harremanetan jarri zen familia. Weisek prostituzio sareetatik hainbat nerabe atera ditu. Pascalen arrastoan ibili ostean, Opera auzoan ikusi zuela adierazi zion familiari. Proxeneta batek behartua bizi zela, kirioak jota; beldurturik erabat. Poliziak eta justiziak Pascalen sosia edo berdina izango zela erantzun zioten. Hurrengo urtetan Frantziako hedabideetan agertu zuten kasua. Pascalen antzeko kasu ugari ematen dira Frantzian. Haur trafiko sareak oso zabalduta daude.
FR3 telebistaren "Au nom de l'amour" saioan atera zen familia. Bere semea ezagutu zuten zenbait ikusleren deia jaso zuten. Eric izeneko homosexual baten lekukotasunak ukan zituzten ere bai:

"Pascal, munduan barrena hedatzen den pederasta sare batean harrapatuta dago".
Urte asko iragan dira harrezkero. Familiak Pascal ezagutu omen du film pornografikoetan; fisikoki oso aldatua dagoen arren. Justiziak ez dio familiari sekula lagundu semea aurkitzen. Alderantziz, ahalik eta traba gehien jarri, eta burutik egotea egotzi dio familiari.
Popo Larreren kasuko abokatuek familia deitu dute auzira:

"Ez dakigu nor den hilobian, baina badago datu objektibo bat. Tiroketa gertatu eta hiru astera agertu zen gorpu hura. Dumont familia ez da gure mundukoa, ez du deus ikusterik abertzaleekin".
Abokatuak azkeneraino joateko prest daude eta Pascal Dumonten familiaren laguntzarekin kontatzen dute. Ahal izanez gero, gorpuzkinen ADNren froga egitea ere eskatuko dute

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Iparretarrak

Iparretarrak kanaletik interesatuko zaizu...
2018-08-07 | ARGIA
Duela 35 urte desagertu zen Popo Larre jendarmeekiko tiroketa batean

Gaur bezalako egun batez duela 35 urte, 1983ko abuztuaren 7an, desgertu zen Jean-Louis Larre, Popo ezizenez ezaguna, Landetako Leon herrian Frantziako poliziarekin izandako tiroketa baten ostean eta inoiz ez da haren berri gehiago izan. Haren adiskide eta burkideek uste dute poliziak atxilotu eta hil ondoren desagerrarazi egin zutela.


2017-05-03 | ARGIA
Mixel Bergouignan baigorriarra hil da, abertzale konprometitua

Osasun arazo baten eraginez hil egin da Mixel Bergouignan baigorriarra, Kazeta.info-k jakinarazi duenez.


Imanol Murua Uria
"ETAren berri mundura Madrilgo ikuspegitik iristen da"

Ekarri armak liburua kaleratu du Imanol Murua Uria kazetariak (Zarautz, 1966). ETAren borroka armatuaren amaiera kontatu du, oso modu garbi eta irakurgarrian. Berrogeitik gora elkarrizketa egiteaz gain, erakundeen barne dokumentuak eta kanpo erreferentziak erabili ditu.


2015-05-20 | ARGIA
Filipe Bidartek azalpenak eman ditu Amnistiari buruzko idatziaz

Filipe Bidart IK-ko kide ohiari elkarrizketa egin dio Ipar Euskal Herriko Hitzak. Bertan, hainbat preso eta iheslari ohik Amnistiaren inguruan argitaratutako idatzia du mintzagai besteak beste.


2014-11-23 | Xabier Letona
Naparra-ren desagertzea
NBEtik dator ukendua, 34 urteren ondoren

Komando Autonomoetako militante Jose Miguel Etxeberria Alvarez iruindarra 1980an desagertu zen Ziburun (Lapurdi). BVE talde parapolizial espainiarrak hartu zuen bere gain bahiketa eta hilketa. Harrez gero familiak dozenaka ate jo ditu eta, azkenean, NBEk onartu dio hain garrantzitsua zena: Naparra indarrez desagerrarazi zutela, gizateriaren aurkako krimena dela, delituak ez duela preskribatzen eta auzia argitu arte ikertzen jarraitu behar dela.  


IK-ko militanteak mintzo: Gnration des autonomistes basques

FR3 kate publiko frantsesak eskaini du dokumentala astelehen gauean: “Génération des autonomistes basques“.


2014-10-08 | Mikel Asurmendi
Herriak bizi behar du (IK)

Zirt eta zart, dokumentalak utzi didan hainbat aburu eta burutapen.


2014-09-28 | Sustrai Colina
Filipe Bidart
"Iragana ukatzea etsaiaren jokoa egitea da"

“Entzun dut ene baitan mendiaren deia...”.


2013-08-07 | ARGIA
Non da Popo? galderak ez du erantzunik 30 urteren buruan

30 urte bete dira gaur Jean-Louis “Popo” Larre bizirik azkeneko aldiz ikusi zutenetik. Iparretarrak (IK) talde armatuko zenbait kidek Jendarmeriako agenteekin izandako tiroketa baten ostean izan zen, 1983ko abuztuaren 7an.


2013-07-30
Ahoan bilorik gabe: Filipe Bidart
MULTIMEDIA - solasaldia

"Ahoan bilorik gabe" Iparraldeko euskal hedabideek proposatzen duten hilabeteroko hitzordua da. Herria astekariak, Euskal Irratiak, Hitzak, Kazeta.infok eta Kanaldudek galdekatu dute hainbat gairen inguruan Filipe Bidart IK erakundeko militante abertzale ohia ordu batez.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude