ESTATUA EGOERA HAU ETERNIZATZEN SAIATZEN ARI DA

  • 44 urteko itsasondoar kazetari hau 15 urte eskas zituela kanporatu zen Tolosako Sakramentinoetatik, saltsa politiko batzuen ondoren. Goiztiar hasi zen militantzian, eta lanean, berriz, bere alderdiaren erabakiz. Geroztik, klandestinitatea ezagutu zuen, kartzela (74an, 3 hilabetez), MC, EMK eta gerora ZUTIKen alderdi lanetan aritu da, itzulpengintzan, ikerketa kazetaritzan, "La Voz de Euskadi" eta "Zer egin?"en lehen, "Hika"n orain, eta kazetaritza politikoan 80ko hamarkadaz geroztik, ARGIA, "Egin", "Egunkaria", "Gara"n, euskal irratietan eta beste... Ikasle izateko bokazioa bizi den arterakoa duela dio, baina maisutza ere aitortu izan diote, Pepe Reik, besteak beste. GALen trapu zikinak aireratzen lehenbizikoetakoa izan zen. Besterik badirudi ere, hitanoan eta ETAk Buesa hil aurreko orduetan eginiko elkarrizketa izan da. 70eko eta 80ko hamarkadetako gertakizunen berri azaldu digu; langile mugimenduak, saltsa politikoa... bera tartean zen. Ondoren, PSOE eta GAL heldu ziren eta ikerketei esker jasotakoa mahaigaineratu du. Su-etena uda baino lehen hel daitekeela ere uste du.

2000ko martxoaren 26an
Tolosako Sakramentinoetan egin zenituen ikasketak. Ikasle garai horietara atzera gaitezen.
Tolosako Sakramentinoetan politika oso sartua zegoen, apaizen artean ere bai. Multikopista legala zuten, lan politiko askotarako erabiltzen zena. Tolosa eta Areatzan errotuta zeuden eta 60ko hamarkadan ETA inguruko zenbait mugimendu izan zen bietan. Sarasketa eta Arrizabalagaren epaiketetakoan sakramentinoek koordinatu zuten Tolosaldean Francori telegramak bidaltzeko mugimendua; 12-13 urtetakook ere aritu ginen. Hastapen goiztiarra izan genuen. ETAko liberatuak handik ibiltzea normala zen eta ikasleek bazuten harremanik. Gero, ordenaren barruan "estatu-kolpe" bat izan zen, badakit goiko esferatatik esan zutela gauzak urrutiegi joanak zirela-edo. Tolosako nagusia aldatu eta neurriak ezarri zizkiguten. Ez genuen onartu eta kanporatzea erabaki genuen. Ikaskide izan ginen askok jarraitu dugu politikan.

Nola bizi izan zenituzten politikan sartzeko urteak, Goierrin, 70ko hamarkadan...
72an CAFeko bi hilabeteko greba izan zen eta ikasleok grebako komitearekin harreman handiak izan genituen. Alderdikideek erabakita lanean hasi eta 3 hilabetetara erori nintzen ni. Hiru hilabete barruan eman eta berriro lanera sartu nintzen "tupamaro", kontratan alegia, guretzako langile-mugimenduak lehentasuna zeukalako. 74an 32 greba egun izan ziren Fabrika Handian, langile mugimendua goraka baitzihoan. 75ean Txiki Otaegi eta FRAPekoen heriotz zigorra etorri zen, bi eszepzio-egoera. Aro hori izango zen seguraski nire bizitzan abenturarik gehienekoa: batetik baldintzapeko askatasunean nengoen eta bestetik propaganda arduraduna nintzen Goierrin. Multikopista bat edukiz gero, politika egin zenezakeen. "Kategoria" bat ematen zuen. Goierrin mugimendua handia zen (Goierriko lanbide eskola tartean), pro- paganda-aparatoa bai baitzen. Frankismoa erortzen hasten da, bere kontrako propaganda kontrolaezina dela ikusten denean.

80ko hamarkadako gertaeren ikuspegi bat eman iezaguzu: ZEN plana martxan zen, "La Voz de Euskadi"n zinen lanean...
Hor erabakiorra, dudarik gabe, 81eko O-23a da. Konturatu ginen egoera nahiko ezegonkorrean geundela, erregimen politikoa kili-kolo zela batetik eta bestalde guk ez geneukala etorkizun elektoral eta politikorik, baizik eta EMK pentsamenduko korronte minoritario bat izatea beste helbururik ez geneukala, eragin ideologikoa eduki genezakeela baina inolaz ere ez lehia-tzea hauteskundeetan... Pentsamendu korrontea izateaz gain, interbentzio sozial bat ukan nahi izan dugu, ordea, eta hori gero maioritarioak izan diren mugimendu minoritarioetara bideratzen zen: emakume, ekologista, okupazioa, antimilitarismoa... Garai hartarako HBri botoa ematen hasiak geunden, EErekin gaizki (ez behar bada pertsonalki) bukatu eta gero. Hor ematen da etendura: erreformaren aldeko indarrak eta rupturista gisa jarraitzen dugunok, HBren inguruko munduan, jarrera kritiko batekin.

Eta PSOE iristen da lehenik eta GAL gero...
PSOE agintera ailegatzean, inguruko zenbait jendek, konfiatuenak benetako trantsizioa hasten dela pentsatzen du; "boto utila" eskatu zuten batzuek. Baina gu eszeptikoak ginen, (MCren munduak harreman handia zuen frankismoaren azkenetako oposizioarekin, "Platajuntan" egoteagatik-eta) eta bagenekien jende honengandik zer espero zitekeen. Horregatik, PSOE bere politika egiten hastean eta, batez ere, GALen gaiarekin, guk ia hasieratik nahiko garbi ikusten dugu Gobernua dagoela atzetik. Jendeak ez zuen sinesten, baina guk bagenekien horiek kapaz zirela, nahiko ausartak zirelako (ezjakituriaren ausardia) eta eskrupulorik ez zeukatelako. Eta GALen ekin- tzak etorri zirenean, berehalaxe ekin genion ikerketari. Zortea izan genuen, zeren 85. urtea amaitzerako bai baikenekien gutxi gorabehera GALen zer ari zen egosten. Txiripa bategatik Amedo ezagutu genuen eta garai hartako gure prentsa irakurriz ikus daiteke garbi geneukala; datuak geneuzkalako. Amedo atentatuekin lotzen zuten datuek. Michel Dominguez, Sancristobal, Danboreneak... zein funtzio betetzen zuten ere bagenekien.

Gerra zikinaren kontu ilunak arakatzean, beldurrik bai ala taldeak babesten du?
Arazo bat genuen. Gobernuak ondo saltzen zuen desmadratutako sektore ba-tzuen ekintzak zirela "galosoenak", baina guk hori ez genuen sekula sinetsi. Horrek, era berean, eragin politikoa zuen, zeren guk PSOE eta bere aliatuekiko izan dugun jarrera beti antiojo horiekin ikusia izan baita, pentsatuz PSOEko jaunek erantzukizun bat (generikoa eta politikoa) daukatela GALen istorioan. Zeren eta PSOEko zenbait mailatan egon eta GALekoa nola zen ez jakitea ezinezkoa zen. Beste kontu bat da batzuk antolakuntzan parte ez hartzea.
Baina niri PSOE-ko Euskadiko Komitean zegoen inork ez dit esango gertatzen ari zenaz ez zeukanik ideiarik ere. Behin ikertzen hasita, beldurra bagenuen hasiera batean. Honelako ikerketetan sartzean, ikerketa prozesuan dagoen bitartean izaten da arazo handiena, zeren orduan bai zaudela arriskuan. Telefonoz ari zara, zertan ari zaren esanez eta askotan zuk ez dakizu ikertua den horrek zenbateraino dakien zureaz. Amedorekin gertatu zaigu, jardunean ari zeneko garaian, topatu eta bere ondoan egotea; eta esaten duzu: "honelako tipo bat, eskuetan darabilkienarekin, ohartzen bada norbaitek edo norbaitzuk 'janda' daukatela bera zertan dabilen, ez du erreparo izugarririk izango zu tartetik kentzeko". Publikoa egiten denean joaten dira beldurrak. Jada 87an, Amedoren izena guk uste ez genuen leku batetik atera zen (Portugalen Visa-rekin ordaintzearen istorio hartatik); orduan bai esan genuela: bingo!

Eta, hain zuzen ere, kasinoko mugidak...
GALen gaia gutxi gorabehera antzemanda geneukanean, hiruzpalau lagun bildu eta zer egin behar zen planteatu genuen: edo segituan publiko egin, iker-tzen jarraitu edota beste zenbait jenderi filtratu horiek kaleratzeko. Eta azkenean soluzioa guk bilatu gabe etorri zen. Esaterako, Monbar-eko atentatuari haria berehalaxe hartu genion eta hura bezalako beste bat gertatu izan balitz, oso bestelakoa izango zen guk hartu beharreko jarrera. Baina 86ko otsailetik beste atentaturik izan ez eta GAL bera isiltzen joan zenez, bada arazo politiko gisa tratatzea deliberatu genuen, ikertzen jarraitu eta ondorio batzuetara iritsi. Portugaldik haria azaltzean, material bat bagenuen, zenbait mediotara pasa eta liburu bat kaleratu genuen (88an, oraindik Amedo kalean zela, lehenbizikoz barrura joan baino lehen). Baina honelako jendailarekin zabiltzanean, arriskua ebidentea da.

70eko bukaerako eta 80ko hasierako Amezola eta Alonsotegiko atentatuez dezente idatzi duzu azkenaldian... Mayor Oreja eta jende horri beldurrik bai?
Bai; nik errespetu handia diot zenbait jenderi. Hor badago arazo praktiko bat. Honelako aferetan interes handiak daude jokoan. Alonsotegiko eta Amezolako plazako atentatuen inguruan taka-taka idazten ari naiz prentsan. Zergatik egiten dudan? Neurri batean burutazio pertsonal bat da. Herri honek memoria historiko nahiko kaskarra du eta (askotan esan ohi den bezala, engaina-tzen erraza eta komentzitzen zaila da gurea, herri guztiak bezalaxe, seguraski), 40 urteko biolentzia-historian inoiz argitu eta zigortu gabe dauden atentatu nagusiak ez dira ETArenak, BVErenak baizik.
Bietan, 20 urte igaro dira eta aurten jada praktikoki preskribitu egiten dira. Oker ez banago, azkeneko mugimendu judizialetik 20 urte pasatzean gertatzen da hori. 7-8 hildako izan ziren Alonsotegikoan eta Amezolakoan. Orduan eta orain aginte handia duten pertsonaien inplikazio oso larriak daudenaren irudipena daukat. Konbentzituta nago, GAL PSOEren ekimen politiko bat izan zen moduan, Batailoia ere ez zela inkontrolatu batzuen gaia. Ekintza batzuk bai (liburudendak erre-tzea-eta), baina hilketak burutu, mugaz bestaldeko buruzagien kontrako atentatuak, Alonsotegi eta Amezolan bonbak ipintzea... eratutako zerbait izan zen.

GALen aurretik ere izan zela gerra zikina...
Egun, berez, GALeko arduradunek (Vera, Galindo eta gainerakoek) PPren aurrean daukaten palanka nagusia garai hartaz duten ezagutza da eta horrek Mayor Orejarengana darama. Gauza gutxi egin ziren garai hartan Euskal Herrian Orejatarrek jakin gabe. Amezola eta Alonsotegiko kasuan aurki-tzen den hari praktikoki bakarrak Molins-engana eramaten du. Molins, teorikoki desagertuta dagoen Donostiako tipo hura da. Liberiako Espainiako enbaxadan geratu eta "desagertu" omen zen. Jaun hori donostiar petoa da, Bizkaiko gobernu zibileko funtzionarioa zen orduan eta bere inguruko guztiek diote BVEko ekintzaileetako bat zela.
Mayorren jarrerak aztertzerakoan, jendeak askotan ez dakit zein burutazio estrategiko dauzkala pentsatzen du eta ez, edo behintzat hori bakarrik ez. Egon litezke gauza askoz "kutreagoak", zantarragoak, era honetakoak. Seguru nago Verak badakiela zer gertatu zen Alonsotegin eta Amezolan. Noski, isilik gera-tzen bada hori, herri honen etorkizunaren parte handi bat kontrolatzen ez ditugun korapilo ilunegietan ari da erabakitzen. Hori argitzeak interes politiko nabaria dauka.

"Munstroa"k desproportzionatua ez, baina bere neurria duela, ala?
Bai eta bere dinamika ere badauka. Alde horretatik nahiko esanguratsua da Santiago Bellochek orain urte eta erdi atera zuen liburukotea, ekintza parapolizialen inguruan idatzia. Galindo eta hauek errugabetzea zuen helburu eta pista ugari ematen du. Saenz de Santamariaren eskuizkribu bat dago, Hendayaisekoa nola gertatzen den argi kontatuz; Cheriden paperaz ere luze eta zabal dihardu, dena nahastuz. Jarduera parapoliziala ez da serioski sekula aztertu, prentsa minimo batean ez bada.

Aztia izatea ezinezkoa bada ere, nola bukatuko da Lasa eta Zabala kasuaren epaiketa?
Gertatzen ari dena ikusita, berriro optimista bihurtu naiz. Nik uste dut epaimahaiari kostako zaiola horiek libre uztea; seguraski Bayo eta Dorado Villalobos behintzat kondenatu egin beharko dituzte, baita Galindo ere. Galindo kondenatzen duten ala ez da hor benetan axola diona; libre uzten badute, bereei ahoa tapatuko die edozein modutan; aldiz, barrura sartzen badute, gerra zikinaren istorio guztia, UCD-PSOE garaietakoa eta PPrena barne, neurri batean, kolokan egongo da. Kili-kolo egon da beti, zeren Galindo istorio horretan 80.etik gaurdaino baitago. Hori da erabakiorra.

Joxi eta Joxeanek 4.100 egun baino gehiago zeramatzaten desagertuta. Zeuk egiten zenuen egun kontaketa haren arabera, gorpuzkinak Alacanten agertu eta kasua berpiztu zenean. Nolatan?
Amedoren GALena ikertzean, Joxi eta Joxeanen aztarna berezirik ez zen aurkitzen, GAL berdearen ekintza baitzen. Amedoren munduak ez zuen hori argitzen eta arra geratzen zitzaidan. Hala ere, Lasa-Zabala kasua dantzatzeko erabakia, batez ere, Iglesiasen bahiketakoan hartu nuen. Bahiketako egunen kontaketa ospetsu hura egiten hasi zirenean; herri honetan horrenbesteko tratamendua merezi zuten hainbat desagertu badela iruditu zitzaidan. Bi zirela pentsatuz aukeratu nituen. Oso egoera nabaria zen eta egunkarietako kolaborazioetan idazten nuen lelo hura. Hautsak harrotu ez dakit, baina aktualitatea bederen emango zion kasuari.
Halakoetan ikertzaileak dituen erremintak oso kaskarrak dira; bat eta kasik bakarra, eutsi; heldutakoari ez utzi. Egiazki ezin da dena ikertu, ez daukazu behar adinako iturririk eta orduan bizirik mantendu behar da gaia, ea une batean, zenbait gauzaren konfluentziak txispa bat sortzen duen. Lasa eta Zabalaren kasuan Amedo kare biziaz-eta hizketan hasi zen eta hara non agertzen den Alacantekoa! Ez zitzaidan harrigarria egin. Ikertzen ez, baina begiratzen ibiliak ginen, bagenekielako errebindikazioetako bat han gertatu zela eta beste daturik ezean, dena begiratu behar da. Egiantzekotasuna zuen gainera, Alacant alde horretan gauza xelebre dezente gertatu direlako eta halako aztarna batzuk badaudelako. Alonsotegi eta Amezolakoa ere horrela argitu beharko dira, egunen batean argitzen badira.

Su-etenaren haustura. Aztigintza berriro. Zer gerta liteke hemendik aurrera?
Berriro su-etenera itzuliko da. Eszenategi estrategikoa emana dago. Nik ez dakit ETAk etorkizuneko formula bat asmatuko ote duen, baina, behin baino gehiagotan burutazioa izan dut, zilegi eta posiblea ere izan litekeela erakunde paramilitar edo ez-aktibo bezala jarrai zezan. Hori estatu askotan izaten da, baita aurreratuenetan ere, herrialde anglosaxoietan. Indian, esate baterako, erakunde sozial handienetakoa, erakunde paramilitar semiklandestinoa da, RSSA. Horrelako egoerak posibleak dira.
Borroka armatua, berriz, ETAk 30 urtez praktikatu duen moduan desagertuko dena nahiko nabarmena da. Kontua epeak dira eta nola; eta gero, jakina, horrek zein dinamika politikori emango dion aterabidea. Estatua oso urduri dago. gauzak dauden moduan ohartzen da, EHn dinamika sezesionista bat politikoki martxan jarriz gero, oso zaila izango dela demokrazia hutsez hori geldiaraztea. Egoera hau eternizatzen saiatzen ari dira (orain dauden moduan mantentzea estrategikoki interesgarria zaiela ohartzen dira, ETA "erdi-kontrolatu" batekin, ekintzarik handienak egiteko ezinduta eta txikietara, politikoki gustukoenak ez zaizkionak egitera behartuta). Gaitzerdikoa jotzen dute egoera. Hortik aurrera, uda aurretik beharbada, beste su-eten bat izango da eta borroka armatuaren ondorengo saltsa guztiarekin aurkituko gara. Nola, zer? Ez dakit

Hamarrekoa
Hamarrekoa
JAIME MAYOR OREJA
"Abereek asko irabazi zuten politikagintzan sartu zenean (ingeniari agronomoa da)"

XABIER ARZALLUZ
"Aitarenari eusten dio: autobus txofertza du gogoko"

PEPE REI
"Santxo itxurako Kixote"

ARNALDO OTEGI
"Aitak izena aldatu omen zion. Egoerak izana aldatuko ote dio?"

GALINDO
"Gaiztoa eta azkarra. Zein baino zein gehiago"

"BIKILA"
"Beti korrika eta beti urrutirako bidean"

JONAN FERNANDEZ
"Autobidean Muñagorrirekin topo egin zuen"

MIKEL "ANTZA"
"Funtzio zailena eszenaratzea falta zaio"

ENRIKE MUJIKA HERZOG
"Judutarrez mozorrotutako donostiar burges tipikoa"

JULIO ANGUITA
"Kalea ez da eskola, zoritxarrez (irakaslea da)"

Tantoa
Tantoa
Langile porrokatua, jakinzalea, paper ugariren irakurlea dugu Mikel. Rosiren Kioskoan aspaldiko lagunak zirela esan zidaten. Aspaldian donostiartua bada ere, herri kidea eta lehengusu propioa dut. Gaztetan norbaitzuk "El pajas" deitzen ziotela badakit; bere "pajamentalak" egiteko ohiturari zorko zitzaiola pentsatzen dut.
Eta ez naiz harritzen, bere buruari bueltak emateko, daukan diskurtso antolatua edukitzeko eta hizketarako duen gaitasuna kontutan harturik. Duela urte dexentetatik hona ordaindu egiten diote gainera, komentarista eta artikulugile izateagatik. Abertzalea ez dakit, baina euskaltzale fina dugu bederik, irakurri egin behar dira bere artikulu landuak. EMK-ko alderdikideek kartel ikusgarriak eta txispadunak egiteko zuten ahalmenaren parekoa ikusten diot. Galbahe fin batetik iragazten ditu gertakizun txiki usteko asko eta iragandako hamarkadetako kontu piloa gordetzen du bere elefante-memoriak.
Harrigarriena bere azterketa eta sintesirako gaitasuna da, nire ustez, dakienaz aparte. Behin Donostiatik Goierriraino trenez gentozela, bera analista eta ni kazetari paperean, Jugoslavia ohiko gerra, aurrekariak eta historia argiro argitu zidan 45 minututan. Gure amaren etxera iristean jakin nuen eri zen bere ama bisitatzera etorria izango zena.
Hauteskundeetako arduradun legala zela 77an, bera kartzelara bidali zuen epailearekin topo egin eta hark ezagutu omen zuen. Klandestinitateko abentura politak kontatzen ere badaki hiztun egoki honek. Baserritar salatari, mafioso iruzurgile eta "pelaje" askotako jendailaren berri baduela esango nuke. Ezizen ugari erabili ditu ikerketa/salaketa kazetaritzan, "Badalamendi" edo "M. Larraz" kasu (busetik jaisten zeneko parean zegoen medikuaren atariko plakatik aukeratua. A ze ironiarekin kontatzen duen!). Beasaingo gorri historiko zen Gamarra, orain gutxi zenduaren alaba Amaiarekin egindako Manexen aita ere bada orain eta semearen argazki digitalizatua dauka ordenagailuko salbapantaila gisara internetzale honek.
Ez dut uste posteritatera pasatzeko gogo berezirik duenik, baina munduko jendeen gauzez konprentsio infinitu bat somatzen diot...


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude