ATERKI BAT ESKAINI NAHI DIEGU EUSKARAREN ALDEKO EKIMENEI

  • Iragan irailean sortu zen Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko Zuzendaritza Nagusia eta iaz euskarara bideratutako 82 milioiak 534era igo dira aurten. Horretaz jardun dugu Gotzon Lobera zuzendariarekin. Bilbotarrak, hala ere, hitzak baino ekintzak nahiago ditu.
Iragan urtean sortu zen Bizkaiko Foru Aldundian Euskara Sustatzeko Zuzendaritza Nagusia. Baina, aurretik nola bideratzen zuen Aldundiak hizkuntza politika?
Barrura begira, Lehendakaritza Sailetik bideratzen zen, horren barruan Hizkuntza Normalizazio atala baitzegoen. Bi lan nagusi egiten zituen atal honek: batetik, terminologia lanak (itzulpen lanak gehienbat) eta bestetik langileen hizkuntza eskakizunen inguruko lanak. Kanpora begira, euskararen aldeko ekimen bat diruz lagundu nahi zenean adibidez, Kultura Sailak bideratzen zuen Foru Dekretu Orokorren bidez

Gero, iragan irailean Zuzendaritza sortu zen. Nola eta zein helbururekin?
Zuzendaritza legegintzaldi honetarako Bizkaiko EAJren apustuetako bat izan da. Josu Bergara ahaldun nagusiak EAJren egitaraua aurkeztean, euskara Aldundian tratamendu bereziarekin sartuko zela azpimarratu zuen. Eta ez hori bakarrik: lau urte hauetan aurrekontu guztien %1,5etik %2ra euskararentzako emateko konpromisoa ere agertu zuen. Hizkuntza politika Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiaren barruan bideratzea erabaki zen, Euskal Herriko alderdi politiko ia guztien ordezkariek sinatua baita (HBk ez zuen hasiera batean sinatu, baina iaz bere oneritzia eman zion). Baina beti ere, lau printzipioei jarraituz: berezko hizkuntzaren aitortza; sorospide eta osagarritasun printzipioa erabiltzea; ahulenaren aldeko jokaera edo diskriminazio positiboa eta demokrazia

Une honetan zein egitura du Zuzendaritzak?
Une honetan Kultura Sailaren egitura organikoaren Foru Dekretua argitaratu barik dago. Zuzendaritza hau berria izanik, arazo bi sortzen zaizkigu: batetik, Lehendakaritza Sailean egon den Hizkuntza Normalizazioko langileak hona ekarri behar izan ditugu; baina, bestetik, kanpora begirako atal hori osatu barik dago oraindik. Orduan, lehenik, egitura organikoa behar dugu babes legala lortzeko eta horrekin atalak bideratuko ditugu. Guztira 20-25 bat izango gara

Bi ekintza esparru bereizi dituzu. Bata Aldundira bertara bideratua. Zeintzuk dira esparru honetako helburu nagusiak?
Barne jardueran bi helburu ditut nik oso garbi. Bata, terminologiaren alorra behingoz finkatzea. Une honetan hemen asko ekoizten dugu euskaraz. Sekulan onartzen ez den gauza bat da, baina, herri honetan inork euskaraz argitaratzen badu hori administrazioa da. Hainbat urtetan eginiko lana hor da eta bada sasoia horri etekina ateratzeko. Eginda dagoena berriz egiten ez dugu ahaleginik eta dirurik gastatu nahi eta bai, berriz, hizkuntzaren kalitatean.
Bestetik, hizkuntza eskakizunen arazoa dago hor. Goitik beherako ezarketa politikak ez du ezertarako balio. Baina hor dugu 2002 urterako plana eta hor eskatzen diren portzentaiak bete behar dira (%34). Horretaz gain asko dago egiteko, ordea. Eskakizuna ematen duen horri aukera eman behar zaio eguneroko lanean erabiltzeko. Lanabesak, laguntza eta konfiantza eman behar zaie. Eskatu baino eskaini egin behar zaie

Eta kanpora begira, berriz, zeintzuk dira helburuak?
Sorospide eta osagarritasun printzipioa kontuan hartu behar da hor. Alegia, zerbait ez dagoen lekuan geuk egin behar dugu eta zerbait egiten ari denean guk ez dugu zertan hori egiten hasi behar. Euskararen aldeko elkarte eta ekimenak hona hurbildu nahi ditugu, ez guk nahi duguna egiteko, baina bai diruz laguntzeko eta egitura orokorrago baten babesa emateko. Uste dugu euskararen aldeko lanak ghettotik irten behar duela.
Lantzeko beste puntu bat bizkaiera da. Baina bizkaierak batuari egin dakioken ekarpenaren ikuspuntutik eta ez bizkaiera versus batua planteamentutik. Hori antzinako kontua da. Bizkaiera baztertua izan da, baina nik garbi daukat bizkaitarron erruagatik izan dela. Bizkaieraz idatzi ez badugu izan da guk nahi izan ez dugulako. Baina testu klasikoak badaude eta horiek berreskuratzeko Euskaltzaindia, Labayru eta Mendebalderekin lanean ari gara dagoeneko. Hortik baturako ekarpenak etor daitezke.
Eta bizkaieraz idatzi nahi bada, tokian-tokian eta gauza konkretu batzuetarako, idatz bedi bizkaieraz, baina egoki. Hor herri aldizkari eta komunikabideak sartuko lirateke eta horiei babesa eman behar diegu eta hizkuntza ereduak eskaini

Udalekiko zein harreman planteatzen duzue?
Udalek dirulaguntzak eskatzen dituzte euren planetarako. Gu horretarako prest gaude, baina eurek ere konpromiso ekonomikoa ipintzea eskatuko diegu. Ez udalen kasuan, ez elkarteen kasuan, ez dugu %100eko laguntzarik emango. Bestalde, euskara enpresa munduan sartzeko dauden programetarako ere laguntzak emango ditugu

Eta dirulaguntzaz gain?
Sentiberatze kanpaina bat egingo dugu. Horretarako hainbat gauza izan behar da kontuan. Milioi bat bizilagun bizi gara Bilbo inguruan. Zonalde euskaldunenak ez dira guztira Bizkaia osoaren laurden edo bostenera iristen. Zonalde euskaldunenetan belaunetik belaunerako transmisioa bermatu behar da. Gainontzeko tokietan beste mezu bat eman behar da: eskaini zure seme-alabei zuk izan ez duzuna. Gure politika atxikimendua bilatze aldera bideratuko dugu

Euskararako aurrekontuak izugarri egin du gora Bizkaian.
Pentsa. Lehengo urtean, sustapenari begira, 82 milioi pezetako aurrekontua izan genuen eta aurtengoa 534 milioikoa da. Hor ageri da hemen badagoela borondate bat gauzak egiteko, ez dela gauza berbetan geratzen

Nola banatuko dira milioi horiek?
Euskara elkarteetan, komunikabideetan, enpresa munduan, hezkuntzaren inguruko munduan... aurrera begira pentsatu beharko dugu laguntza horiek nola zehaztu. Euskaltzaindiarekin, adibidez, lehengoan sinatu genuen bost urteko akordioa.
Gero, Euskararen Bizkaiko Sarea martxan jartzeko asmoa ere badugu. Zuzendaritza honetara etorri eta euskararen alde zer egiten den ikustean, konturatu gara Bizkaian gauza asko eta asko egiten dela. Baina arazo bat dago: bakoitza bere aldetik ari da eta ez dago elementu bateratzailerik. Gure ustez horiek guztiak proiektu baten barruan sartzeak merezi du, denek bertan nolabaiteko babesa izan dezaten. Euskara elkarteek, udalek eta guk, denek elkarrekin, behar egin dezakegu gauzak txukun aurkezteko eta guneak topatzeko. Berandu bagabiltza ere, proiektu hau martxan jarri nahi dugu, egutegi bat erabaki... Horrek ez du esan nahi euskararen alde egiten den guztiak hor barruan egon behar duenik. Guk nolabaiteko aterki bat eskaini nahi dugu.
Horrek balio dezake gainera gertatu ez dadin gertatu izan dena: Bizkaiko zonalde erdaldun batean aste beteko diferentziarekin bi bertso afari antolatu eta gero, urte osoan, basamortua

Nola hartu dute ekimen hau udal eta euskara elkarteek?
Oso pozik gaude orain arte elkarteekin-eta izan ditugun hartuemanekin. Ikusi da elkarrekin berba egiteko moduan gaudela. Beste gauza batzuk egon daitezke tartean, baina euskara euskara da

Aipatutako proiektuez gain ba al duzue besterik gogoan aurrera begira abian jartzeko?
Nahiago dut egin denaz hitz egin egingo denaz baino. Proiektuak baditut, baina horiek azalduz gero hasi beharko dut azaltzen zergatik, nola... egin behar ditudan eta esplikazioak ematen ez dut lanerako denborarik izango. Eta ez ditut egingo. Zoritxarrez gure herri honetako gaitza da: proiektugintza nagusi eta zergintza gutxi


Azkenak
Ekofeminismoaz, motozerra eskutan

Duela hilabete inguru, unibertsitateko kide gizonezko baten liburu aurkezpenean ginela, egoera bitxi samarra gertatu zitzaigun. Ekologiari buruzko liburua zen eta erreferentzien artean hainbat pentsalari ekofeminista zeuden. Egileak, baina, inongo momentuan ez zuen aipatu... [+]


2024-06-17 | Jakoba Errekondo
Udaberria jan dezagun mikatzetik

Arabako Errioxako udaberriak ez dauzkat ahazteko. Urte dezentetan harrapatu ditut sasoi horretako loraldi betean hango mahastiak eta harrigarria da; laburra da paisaia berria, baina iraupen motz horretan begien sabaia erretzen du eta ordura artekoak ahantzarazten.


2024-06-17 | Nagore Zaldua
Itsas dortokak lozorrotik esnatu ote dira euskal kostaldean?

Udako solstizioa gerturatzen ari den honetan, euskal kostaldean itsas dortokak ikusteko aukerak ugaritu dira. Gure uretan ezagunena Egiazko kareta (Caretta caretta) da. Ale helduen oskolaren batezbesteko tamaina, 120 cm-ko luzera zuzenera eta 200 kg-ko pisura irits daiteke... [+]


2024-06-17 | Garazi Zabaleta
Lurbizi
Lurraren bankua sortzen, nekazaritzarako oinarrizko baliabidea bermatzekoa

Oiartzunen nekazaritza bultzatzeko eta elikadura burujabetzarako bidean pausoak emateko sortu zen Lurbizi egitasmoa, 2016 urte inguruan. “Herritar talde batek denbora zeraman herrian nekazaritzaren eta lehen sektorearen egoera kaxkarraz hausnartzen”, adierazi du Ibon... [+]


Eguneraketa berriak daude