argia.eus
INPRIMATU
ZURIKERIATAN
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Eguberrietan etxeko gozoan Eguberriak igarotako izeia edo pinuarekin zer egin galdetu zidan entzule batek aurreko batean irratian. Lorategian edo mendian landatu, zabor pilaren aldamenean utzi bateren bat berataz ardura dadin... Eguberriak dezente gozatzen lagundua izango zion eta izeiaz beste egiteak bihotzeko hari mehea teinkatzen zion nonbait eta ez zekien zer egin. Azken hamazazpi urte hauetan garaitsu honetan hamaikak emandako erantzun bera eman nion nik. Inongo lotsa izpirik gabe zabor pilan utz zezala, alegia.
Urteroko kontua dugu izeiona. Gabonetako beroaldian edozer gauza etxeratzen dugu eta urtarrileko hotzarekin estrapozo egitean, txoroaldiak hutsegiten duenean, izeiarekin zer egin ez dakienaren mozolo muturraz harrapatzen gaitu urte berriak. 2.000.a sona handikoa izango da baina ez da desberdina izan.
Eguberritakoari zuhaitza beharrean arbola deituko diogu, frutuak oparo banatzen baititu. Bada, arbola hau honetarakoxe, zoko betegarri izan dadin, hazten da Euskal Herriko lursail hotzenak dituzten baserrietan. Gero beretzako izan daitekeen tortura gela okerrenean edukitzen dugu egun horietan: etxe barru beroa, aire lehorra, ureztatzeaz ahaztuta, zintzilikario eta argiz jantzia... Egunerokotasun arrunterako buelta patxadaz hartu eta izeia dela eta kopetik ez ilundu. Tira, tira, okerragoa litzateke lorategian edo basoan, nonahi landatzea, urte gutxi barru Eguberri kondarrak kolonizatua luke gure lurra