Bertizko mugaren zeharkaldia

  • Beraz, Jaurerri bezala ezagutzen dugun garaia istorio itzel horren ano biziki laburra besterik ez dela esan dezakegu. Urte horietan, ordea, bertako pagadi eta hariztiak harlauzazko hesi batez inguraturik geratu ziren, Bertizko Jaurerria mugatzen duena eta aste honetako mendi ibilaldian jarraituko duguna, hain zuzen ere.Bertizko ondare ere diren megalitoak topatuko ditugu gure bidean, denbora galdua eta gure garaiaren arteko zubia izango bailiran.

2000ko urtarrilaren 16an
Jaurerriaren aparkaleku zabalean autoa utzi ondoren, lorategiaren albotik pasa eta Aizkolegi aldera doan pistara aterako gara; ezkerretara joko dugu, ordea, Balangondoa aldera, Arbaztegiko hego-magaletik Oieregiko bidean. Herri honetako zubi ederraren albotik igaroz, baina bera zeharkatu gabe, berehala hartuko dugu eskuinera sortzen den Meateko bidea.
Sunbilla eta Bertizarana lotzen zituen bide zahar eta garrantsitzu honek Erreparatzea etxeko artzain txabola eta artegietara eramango gaitu. Eskuineko haitzetan geratuko da Amaburuko trikuharria, baina historiaurreko beste oroitgarriak aurkitu nahi baditugu, Otaltzuko lepotik Mallurketako patarra igotzea nahikoa izango da, gailurrerako bidean hiru trikuharri topatzeko. Otaltzuko lepoan bertan, Jaurerria mugatzeko altxatu zen harlauzazko hesia ikusiko dugu lehen aldiz, igoera osoan jarraituko duguna. Mallurketak ikusmira ederra eskainiko digu: Bertiz, Legate, Belateko mendiak, Mendaur.
Bai Mallurketatik bai Erreparatzea aldetik, aise iritsiko gara Meateko lepora. Gaur egun aurriak besterik ez badira ere, lepoan ikusiko ditugun txabolak eta trikuharriak igarobide honek mendetan zehar izandako garrantziaz hitz eginen digute. Zenbat lagunek, zein garaitan eta egoeratan iragan zuten leku hau? Gure bideetako mundruna existitzen ez zen garaietan herrien arteko mendi bide eta pasagune hauek izango ziren benetako errepideak.
Aurrera jarraituz, pistatik Suspiruko lepora jaitsiko gara orain. Bertan Bertizko mugarekin topo eginen dugu harzara eta miraritsuki pistaren hondamenaz salbatu den Suspiruko trikuharriarekin ere.
Harrizko muga alboan dugula, izerdi tantak aterako dizkigu Iruetako malda gogorrak. Hala ere, Iñarmeakan terrenoa leunduko da eta pagadi ederren lasaitasunaz gozatu ahalko dugu. Ezkiringo lepoa iragan ondoren, Aizkolegi aldera joko dugu, Bertizko gailurrik altuena izanik. Bertan, Aizkolegiko jauregi zaharra begiztatuko dugu.
Hemendik hasiko dugu jaitsiera, Plaxaxelaiko lepoa igaroz lehenbizi eta Oronoztik Otxondora doan errepidera ateraz geroxeago. Errepidetik metro bakan batzuk egin ondoren eta Errandonea baserriaren parera iritsiz, bidearen eskuinean dagoen ataka pasa eta berriro Bertizen sartzen den bidezidorra hartuko dugu.
Aukeratu dugun bidea zinez zaharra da eta zenbait zatitan haren aztarna galtzen da. Errekak iragaiten zituzten zubiak ere desagertu dira, beraz azken zati honetan adi egon beharko dugu arrastoa ez galtzeko. Dena den, bidetatik ez oso urrun aurkitzen diren megalitoek (Artola eta Aiansoro) Mugaire aldetik Plaxaxelaiko lepora igotzeko behialetik erabiltzen zen bidea dela erakusten digute.
Pagadi beltzean barna ibili ondoren, Aizkolegirako pistara aterako gara eta luzea eta astuna irudituko bazaigu ere, arazorik gabe eramango gaitu hasierako aparkalekura, lorategi ederraren paretik
126 zuhaitz eta landare mota Bertizko Jaurerrian

Bertizko Jaurerriari buruzko lehen berriek XIV. mendearen bukaera aldera eramaten gaituzte. Garai hartan, Karlos III.ak, «Prestua» izengoitiz ezaguna, Pedro Miguel Bertiz, hots, Bertizko jabea, mendialdeetarako merio izendatu zuen. Geroztik, Jaurerriaren ikurra Bertiz leinukoen armarria izanen da eta izena ere hortik datorkio.
1847. urtean, Jaurerriaren nagusiak ziren Bessollako markesek «jardin zaharra» deituriko 6.738 metro karratuko ingurua lorategi bihur zezala agindu zioten Felix Lambert lorazain frantsesari.
Mende erdi bat berantago, 1900. urtean, Pedro Zigak Jaurerria eskuratu zuen. Naturarekiko zaletasuna ukanik, etxaldeko zuhaitzen erraustea debekatu zuen. Honetaz landa, lorategia moldatu zuen garaiko gustu frantsestuaren arabera, hots, urmaela, glorietak eta behatokiak ugalduz.
Geroztik, lorategia botanikaren harribitxia bilakatu da, bertan mundu guztiko 126 zuhaitz eta landare mota biltzen baitira: sekuoia erraldoia, sekuoia gorria, likidanbarra, mendu-zumarra, kameliak, nekosta soila, banbua, ginkgo biloba, haginak...
Pedro Zigaren asmoa hura zela kontuan harturik, 1949. urtean, bera zendu zenean, Nafarroako Foru Aldundia bihurtu zen Jaurerriaren jabea. 1984. urtean Bertizko 2.040 hektarea Parke Natural izendatu ziren eta gaur egun, bide eta xenden barna galduz aurki daitezke lorategiko altxorrak, Jaurerriaren ondoan eraiki den interpretazio-gunea bisitatu ondoren. Alboko zelaietan Mauméjean anaien eskultura modernistek ere aberasten dute Nafarroako txoko maitagarri hau


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude