SUPRAESTATALISMOAZ ETA POSTMODERNITATEAZ

Gure artean zenbait hilabete pasatu eta gero, abuztu amaieran Reno aldera itzuli zen Joseba Zulaika antropologoa. Haatik, ez zen oharkabean igaro Euskal Herritik, udagoien hasieran Hegoaldeko makina bat aldizkaritan agertu baitziren berak esan eta idatzitakoak. Gauza asko aipatu zituen itziartarrak, interesgarriak batzuk, eztabaidagarriak besteak, eta, egia esan, lerrook idazten dituenak garai batean Joseba Arregik eta Jose Ramon Belokik iradokitako ideien traza hartu zien haren planteamendu batzuei. Irakurleak akorduan izango du nonbait Jose Ramon Beloki: 1990 inguruan, artean «Euskaldunon Egunkaria» jaiotzeke zela, Jaurlaritzak sortu gura izan zuen euskarazko egunerokoaren proiektua zuzentzen ibili zen gizona.
Tira, kontua da Belokik zuzendutako taldearen txostenetan ageri zen ideia nagusienetakoa honako hau zela: bestemoduzko egunkari bat egin beharra zegoen, euskarak huts egingo baitzuen gainerako hizkuntzetan idatzitako egunkarien bidetik joz gero. Edo haien berba berberekin esanda: «

(...) nolabait adierazteko, `desberdin', `berezi' eta, neurri batean `osagarri' ere izango den egunkaria izan beharko du euskarazko egunkariak sarbiderik aurkitu, tokirik harrapatu eta itsatsi nahi badu gizartean
». Garai hartan EAEko Kultura sailburu J. Arregi ere uste berekoa zen: «

Konklusio sinple ezezik ebidentera ailegatu gara, hau da, euskarazko egunkari bat ez dela inoiz izango lehen egunkaria, hau da, jendeak ez dio bere ohizko egunkaria erosteari utziko, eta, hori hala bada, ez du zentzurik egunkari konbentzional bat egiteak, euskaraz izan arren
».
Besteena ez bezalako formula baliatu beharra zegoela, alegia: etxeetan doan banatutako produktua, koadernilotan zatitutakoa, erakundeek sortu, gidatu eta finantziaturikoa, familia osoari zuzendutakoa...

BESTEENA
ez bezalako formula baliatu behar dugula diosku Zulaikak ere, globalizazio garaiotan estatu independienteen oinarriak sustraitik eraldatzen ari direla gogorarazi eta bere erreflexioari beste katebegi hau eranstean: «

Gauzarik inteligenteena izan daiteke diskurtso hori aldatu eta zera esatea: `ez zaigu guri interesatzen nazionalismorik: gu supraestatalistak gara'
». Zulaikari ez zaio interesatzen estatu konbentzionalik, Arregiri egunkari konbentzionalik interesatzen ez zitzaion moduan. Ez ote dago konbentzimendu berbera bataren zein bestearen esanen azpi-azpian? Hau da, sekula subirano izango ez garenez, euskarazko egunkari bat inoiz ez denez izango lehen egunkari inorentzat, izan gaitezen osagarri, desberdin, inteligente (besteak ez bezala?), supraestatalista.
Eta, behin hori iradokita, itauna bota du airera Zulaikak: «

Estatua, subiranotasunaren azkeneko sinbolo modura, mito bat baino ez da. Hotz-hotzean pentsatuz gero, horrenbestekoa ote da Estatuak gure bizitzen gain daukan kontrola?
». Ba bai, kontrol hori oraindik handia dela iruditzen zaio lerrook sinatzen dituenari, eta, horrez gain, (zoritxarrez) Europako eraikuntzan Estatua marko politiko erreferentziala izango dela uste du. Gogoan ditu halaber Joseba Agirreazkuenagak duela ia urtebete ARGIAn esanikoak: «

Europako Parlamentuan oraindik Estatu-nazioen erreferentziekin bozkatzen dute. Ez gara sinesberak izango, hortaz. (...) Estatu-nazioak dira gaur egun Europako Batasuneko eragile nagusiak
».
Lerrook sinatzen dituena ez da sobera Estatuzale, uzkur begiratzen die mugei, gogaitu egiten du abertzalekeriak, berak ere ez ditu gustuko eraikuntza europarrean nagusi diren irizpide merkantilistak, herri subirano eta solidarioen mundu-ordena gura du Estatuek ezarritako desordenaren kaltetan, baina ez die federik bidezidor faltsuei. Izan ere, jakin badaki zer gertatu zen azkenean Arregi eta Belokiren proiektuarekin. Apusturik egitekotan, beraz, hordago handira, enbido txikira beharrean: bide berririk urratu nahi badugu, urra dezagun Estatuak deuseztu eta herri eta hizkuntz-komunitate gutxituei periferiatik aldenduta zentralitatea ezartzen lagunduko dien bidea, baina ez ordea gehienera jota osagarri edo anekdotiko izatera eramango gaituen estrata.

POSTMODERNITATEAZ
ere mintzatu zen Zulaika uda partean. Aro horrek diskurtso, ideia eta misio handien gainbehera eta erlatibotasunaren berbalorazioa ekarri bide ditu. Hori osasuntsua ere bada, totalitarismoak erabateko ziurtasunen kume direlako gehien-gehienetan. Nolanahi dela, badirudi postmodernitateak azaletik baino ez dituela blaitu bazterrak erlatibismoz, inperio eta boteregune handiek hor baitiraute, setati, gure proiektu txiki, ñimiño, ezdeusak deitoratu eta zapalduz. Ez dut uste txikiok polizia-bokazio monopolista-uniformizatzailerik dugunik, baina badaezpada ere bizi-bizi mantenduko dugu gaitasun kritikoa. Kontuak kontu, guk Estaturik eduki ere ez daukagu; hortaz, hemen eta orain inor bere kontuak erlatibizatu beharrean baldin badago, hori inperio handi horietako bakoitza da, baina, kurioski, intelektual postmodernoak (domaia!) deus gutxitan joaten dira haiengana kontu eske


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude