argia.eus
INPRIMATU
XAINGORRIA ETA ASUNA
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Udaberriko izerdi eta odolen bor-borra aitatu nuen duela ale batzuk eta eguraldia berotu eta gu beratuz baretu baino lehen bor-bor horri poz gorrixeago bat somatzeko aukera jarri nahi dizut eskuera.
Odolak irakin egiten omen digu. Udaberriko irakinaldia hartzidurarena izanda ere ona da, legami eta lizunek eta bai baitute bere atze ona. Gurea irakiten, baina odolaren aldean izerdia, landareena alde ederrean.
Zubietako Torilenetik Beizamako Berdiletzara, astoz, jaiotzera amak sabelean eraman zuen Joxeparen iritziz irakite txorotxo hauxe zen barrunbeak garbitzeko urteko sasoi egokiena. Honetarako Barrenetxeko katuaren mugarrien barruan biltzen zituen bi landare arrunten zarbak, xaingorria (

Geranium robertianum)
eta asuna (

Urtica dioica
). Lehenengoa nahitaezkoa zen, bigarrena haizeak nondik jotzen zuen eta gogoak nondik jotzen zion.
Goizeko ihintzetan zarbak bildu, itzaletan lehortzen jarri eta hurrengo goizean ura prantatzen zuen. Ura irakiten jarri, zarbak oso osorik bota eta minutu gutxitan prest. Gero ur-zikin itxura zuena hoztu eta ahal izanez gero barau eginez egun guztian ur hori, raka-raka edan. Bat, bi, hiru... ahal zuen egun gehienetan eusten zion demari. Odol guztia garbitu eta berritzen omen zion edabeak. Gernuarekin batera joaten omen zen neguan itsatsitako zoko gustua. Ez da harritzekoa, gernua gorri-gorritzen baitu xaingorriak. Gorritu edo belztu, ez dago alde handirik...