Ugal garaian dauden bikote eukaldunen % 15 antzuak dira, Gipuzkoako Poliklinikan bertako kontsultategi ginekologikoak egindako azterketa batek adierazten duenez. Estresa eta alkohol eta tabakoaren kontsumoa agertu dira gizakien ugaltzeko ahalmenean eragin negatiboa duten faktoreak bezala, Fernando Cristobal ginekologoak esan zuenez. Bestalde, mediku berak alarma argiak piztu zituen, ikerketako datuak kezkatzeko modukoak direla esanez, kontuan hartzen baldin bada Euskal Herria dela Espainian jaiotze tasa edo indizerik baxuena duen eskualdea. Eta ahaztu behar ez den datua: Espainia da Europan tasarik baxuenetakoa duen herrialdea. Atera, beraz, hortik kontuak.
Cristobal doktoreak adierazi zuenez, era berean, antzutasunaren arrazoiak % 40an emakumearenak dira, gizonezkoarenak beste % 40an eta gainerako arrazoiak (% 20) batarenak nahiz bestearenak. Ikerketa horren emaitzak Donostian iazko udan burutu zen Ginekologiako eguneratzeari buruzko sinposium batean aurkeztu ziren. Bilera zientifiko horrek Espainia osoko medikuak bildu zituen laguntza bidezko erreprodukzioaren teknikak aztertzeko, eta baita teknika horiek gaur egun dituzten abantailak nahiz arriskuak ere. Beste gai batzuk ere jorratu ziren jardunaldi horietan: jaio aurreko diagnostikoa, eta baita emakumeen gernu-inkontinentzia ere, 40 urtetik 50era bitarteko zazpi emakumetatik bat afektatzen duen arazoa