argia.eus
INPRIMATU
HAIZEA HARTZERA
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Guk bezala etxe barrunbetan behar baino denbora gehiago egiten duen landareak, kanpoko haizeaz gozatzeko izugarrizko antsia izaten du. Etxe barruetan edukitzen ditugun ia landare denak tropikoetatik ekarritakoak dira eta ehunka urte batzuetan gurera egiten diren artean hango giroa izango dute beti, beti, amets. Gurea gogorra dela iruditzen bazaigu ere, gehienean, makutsik ibiltzeko moduko eguraldia dugu. Honek berak adierazten du etxe barruko zokoetan kopetilun, bizimodu eskas horretara etsita bizi diren landare gehienek ia urte osoa kanpoan ere ederki asko iraungo luketela. Eta kanpoan irauteak bizitzea esan nahi du, eta kanpoan bizitzeak alde ederreko bizipoza ematen duela...
Udaberriaren etorreran geronen buruari lizentziaren bat ematen diogun eran, hartu landareak eta balkoira, atarira, etxe-atzera... atera haizea hartzera. Landareak hostajea leuna badu egunero-egunero eman busti eder bat goitik-beheraino. Hosto bilotsuak baditu behetik ureztatu, neguan baino zerbait gehixeago eta maizago. Egun gutxi barru jabetuko zara beste distira bat duela, puja tentetu egin zaiola, tarteka irribarreren bat ere luzatuko dizu, zeurea haina bere gogoa betetzea eskertzen dizun seinale eta hurrengoan ere ahaztu ez dezazun, ez baita tontoa.
Landareei lore zikin horiek deitzen dien Mertxe ttikiaren seme handienak esaten duen eran, azkar eta, batez ere, sakon hitzegiten duenari azkar aditu behar omen zaio. Landareen irribarreari ere bai. Kanpoan eduki ezazu eta besteen putzekin ere gorritzen den lagun hori bixitara etortzean sartu etxera eta zeure gogoa bete; plantta egingo du bai landareak, baina gero azkar arraio kanpora ateratzekotan, bere-berean plantta eginez ez, ikusgarri egongo baita