argia.eus
INPRIMATU
URREAREN TRATUA
  • Udan bakarrik loratzen da eta ezti zakar samarra ekoizten du.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21a
Algarroba batik bat Mediterranio inguruan ezagutzen da, zuhaitz hau lantzeko ohitura arabeek zabaldu baitzuten. Aspaldiko garaietan haziendaren jaten preziatua eta gizakiaren neguko menuaren zati garrantzitsua zen bere hazia. Azukre asko du eta, batik bat, haurrei eman izan zaie. Bere azaleko taninoak larrua zurratu eta egurrak tindatzeko onenetakoak ziren. Euskal Herrian intxaurrondoak etxeko errietak entzun behar dituela esaten dugun eran, algarroboaren herrian itsasoa ikustea atsegin zaiola esan ohi da, neguko gauak izozten dituen lurretan landatuz gero penaz hilko dela adierazteko.
Bero-zale amorru honek uda-udan soilik loretuarazten du, beste landareen loreak urri diren sasoian. Erle eta liztorren pagotxa. Eztizale mokofinena ez izatea, lastima; eztia zakar samarra izaten omen da, azukre onenak bere hazientzat gordetzen baititu. Fruituak hurrengo urtean helduko dira. Indaba, ilarra, baba eta sasi-akazia bezala leguminosen familiakidea denez haziak leka batean bilduta ontzen ditu.

Ceratonia siliqua
izena ere hortik datorkio: keratonia grekoko

keras
hitzetik dator eta lekak duen adar itxura adierazten du. Algarroboaren haziak pisuari neurria hartzeko erabili izan dira. Urrea eta harri-bitxiak pisatzeko, adibidez. Hortik dator kilatea, arabierazko

querat
, algarroboaren hazia, hitzetik. Hazion kontura adar-jotze bat baino gehiago izanak izango dira, bai.
Gaur egun ia fruitutik ekoizten den gomagatik soilik mantentzen da, jatenen etiketatan irakurtzen den E- 410 aditiboa, alegia