argia.eus
INPRIMATU
Nola ekoizten dira landare transgenikoak?
1999ko urtarrilaren 10

Bi motatako azido nukleikoak ditugu bizidunok, ADNa bata eta ARNa bestea. Azido desoxirribonukleikoan (ADN), bizitzeko ezinbestekoak ditugun proteinen eraketa burutu ahal izateko informazioa aurkitzen da. Informazio hau, erreplikatu egiten da eta belaunaldiz-belaunaldi heredagarria da.
Azido erribonukleikoak (ARN) berriz, proteinen sintesian zuzenean parte hartzen du eta ADNan aurkitzen den informazioa itzuli egiten du. ADN horretan pilatzen diren sekuentzia ezberdinak dira geneak eta hauek bizidunen ezaugarrien erantzule dira. Ingeniaritza genetikoaren bidez, indibiduo baten genoma alda dezakegu, berau eraldatuz edo beste izaki baten material genetikoa txertatuz.
Esate baterako, zenbait herbiziden aurrean erresistente izango den landare transgeniko bat sortzeko honako urrats hauek eman behar dira:
Guraize gisa jokatzen duten entzima berezi batzuen bidez (Murrizte entzimak), herbiziden aurreko erresistentzia hori kokatzen deneko zatia "mozten" da.
Gene hau, antibiotikoekiko erresistente den gene batekin batera plasmido batean txertatzen da, aurrerago erresistentzia garatu duten landareskak hautatu ahal izateko.
Material genetiko berriaz hornituriko plasmidoa, aldibateko ostalari batean sartzen da erreplikatzeko, kasu konkretu honetan, E. coli bakterioan. Plasmidoak, ADNzko eraztun sinpleak dira eta bakterioen baitan autoerreplikatzeko gaitasuna dute.
Erreplikaturiko plasmidoak, Agrobacterium tumefaciens izeneko bakterioetan sartzen dira. Bakterio honek bektore gisa jokatzen du.
Bakterio honek, laborategian landaturiko landareak infektatzen ditu eta era horretara plasmidoak landarearen zeluletara transferitzea erdiesten da.
Zelulak hormonen bidez tratatzen dira landare osoak sortzeko.
Aldaska berriak, antibiotikoekin tratatzen dira, herbizidarekiko, nahiz antibiotikoarekiko erresistentzia genoman garatu duten landareak aukeratzeko.
Emaitza: Herbizida batekiko erresistente den landare transgenikoa