Julian Beloki: «Euskararen normalizazioa jorratzearen kontzientzia gero eta nabarmenagoa dugu»


1993ko abenduaren 26an
Julian Beloki, Euskadi Irratiko zuzendariari elkarrizketa
Julian Beloki: «Euskararen normalizazioa jorratzearen kontzientzia gero eta nabarmenagoa dugu»
Legazpiako Telleriarte auzuneko mendizale hau, Euskadi Irratiko zuzendaria da EITB sortu zenetik. CIESen azken txosten baten arabera, irrati honek gorakada itzela ezagutu du azken aldian. Irakurle porrokatua, Nepal ezagutuko luke gustura. Baita New York-eko kaleak ere. Baina oraingoz, ondoen ezagutzen dituenak, Euskadi Irratiko pasabideak dira, ziur.
ARGIA. 11 urte daramatzazu Euskadi Irratiko zuzendari legez. Zeintzuk dira urte hauetan lortu dituzuen helburu nagusiak?
JULIAN BELOKI. Bat behintzat bai: ahozko komunikabide garen neurrian, irratigintzaren esparruan leku bat egitea, euskara hutsean, eta hori zen hasierako apusturik handiena. Uste dut horri erantzun diogula, eta onespen maila on batera helduak garela hamaika urteren buruan.
A. CIESek azaroan egindako ikerketaren arabera, irrati kateen artean, EITBko emisorak EAEn entzunenak dira. 26.000 entzule irabazi dituzue martxotik azarora bitartean.
J.B. Hor bada datu guztiz garrantzitsu bat. Entzule euskaldunen artean, % 70 gurekin dagoela. Hori da, beharbada, guretzat garrantzitsuenetako datu bat.
Gainera, ikerketan ez da sartzen irrati askok gure informatiboak eskaintzen dituztela, adibidez Segura eta Arrate irratiek, eta horrek jende gehiagorengana hel gaitezen ahalbidetzen du.
A. EITBn zaudete. Telebista kate euskaldunak lortu ez duena irrati euskaldunak lortu du. Zer dela eta?
J.B. Ez dut ETBko daturik ezagutzen, baina uste dut bi medio oso desberdinak direla. Irrati entzule eta telebista ikusle izatea oso gauza desberdinak dira.
A. Entzuleen onespena lortu duzue. Zeintzuk dira orain lortu beharreko helburuak?
J.B. Irratia oso medio bizia da, ez dugulako atseden aldirik, eta hor badago eutsi beharreko martxa bat. Hori da erronka.
Bestea, euskara da. Hizkuntzaren normalizazio prozesuan gu ere sartuak gaude, gauzak erabaki gabe dauden garai honetan. Bide hori jorratzen dugu, eta askotan sumatzen dugu beharbada gehiago egin beharko ote genukeen. Uste dut, gure artean, kontzientzia hori gero eta nabarmenagoa dela.
A. Telebista ere probatu duzu, «Plazarik-Plaza» saioa aurkeztuz.
J.B. Baina gaur egun nahiko urrun sentitzen dut telebista. Eguneroko martxan maiteagoa dut irratiarena. Telebista elementu gehiegiz josia iruditzen zait, eta ezezaguna egiten zait alde horretatik. Egin dudan saioan ez naiz eroso sentitu. Nekez ikusten dut neure burua kamera aurrean. Beste gauza bat da gidoiak edota sorkuntza lanetan aritzea. Hori gustuko dut.
Amagoia Iban
63

GaiezKomunikabidIrratiaEuskadi irruzendariak
PertsonaiazBELOKI2
EgileezIBAIBARRIA1Komunikabid

Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude