«EHUn pertsona erosketa izugarria izan da, eta ez da diruaz egin»
2021eko uztailaren 19a
EHU, irakaskuntzaren inguruko solasaldia Koldo Gorostiarekin
«EHUn pertsona erosketa izugarria izan da, eta ez da diruaz egin»
KOLDO GOROSTIAGA
Aski ondo ezagutzen dute, Ipar Euskal Herrian, bertako mugimendu abertzale gehienetan parte hartu baitu. EHUko irakasle kaleratuetan seigarrena _edo lehenengoa_, joan den urrian 30 urte bete zituen unibertsitate irakaskuntzan. Koldo Gorostiaga EHUko sorreran eta honen euskalduntze prozesuan partehartzaile zuzena izan dugu; 1980an euskarazko lehen mintegiak burutu zituenetako bat da. Funtzionari bidearen aurka sutsu aritu zaigu.
ARGIA. Ipar Euskal Herrian bizi zara aspaldidanik, baina bilbotarra zara sortzez. Hala ere, lana Donostian izanik, egunero muga pasatu behar duzu. Hego eta Ipar Euskal Herria oso desberdinak al dira?
K. GOROSTIAGA. Desberdinak dira, jakina. Baina Donostia eta Bilbo edota Iruñea eta Goierri ala Araba desberdinak diren bezala. Euskal Herria oso anitza da. Hego Euskal Herrian komunean dagoena gaztelera, gobernua, instituzioak dira; Ipar Euskal Herrian frantsesa, gobernua eta beste hainbat gauza komun ditugun bezala. Horrek ere bere arrastoa uzten du. Baina euskal munduan mugitzen bazara guzti horrek bigarren mailako zentzua du. Euskaldun bezala aritzen bazara, eguneroko eginkizun gehienetan behintzat, gaztelera eta frantsesa bigarren mailan gelditzen dira. Norberak badu hori egiteko aukera. Horregatik Ipar eta Hego Euskal Herriko haustura bigarren mailakoa egiten zait niri. Arazoa da jende askok ez duela horrelako irizpiderik erabiltzen.
Haatik, ezberdintasunak ere badaude. Eta nahiz eta askotan gure batasunaren oztopo bezala aurkezten diren, euskaldun bezala ikusten badituzu ezberdintasun horiek, aberasgarriak, berritasunak bihurtzen dira.
A. Muga edo mugak?
K.G. Hori da egunero gainditu beharreko kontua. Nik egunero gainditzen dut lanera etortzeko. Oihala eta orratzaren teoria oso adierazgarria da kasu hau azaltzeko. Oihala orratz bakarrarekin zulatzen baduzu ez da gehiegi igerriko, baina milaka aldiz egiten badugu operazio bera izugarrizko zuloa egin daiteke oihalean. Beldurra dago muga pasatzeko, kontrolak egon direlako eta daudelako. Horregatik ohitura bezala hartu beharko genuke muga pasatzearena ipar zein hego euskal herritarrek, ea oihala zulatzen dugun. Beti ere euskal eta euskarazko errefentzia izanda.
A. Ipar Euskal Herriarekin jarraituz, aski ondo ezagutzen duzu langileria abertzalearen mugimendu eza. Zeintzuk dira hutsune honen arrazoiak?
K.G. Ez dugu ahantzi behar orain arte behintzat bi sindikatu nagusi izan ditugula Estatu frantziarrean, CGT eta CST; eta hitzarmen kolektiboa erabat zentralizatua dago. Honen ondorioz, ia ezinezkoa da euskal langile mugimendu bat eratzea.
Bestetik, Ipar Euskal Herrian industria gutxi dago eta zerbitzuetan sindikalgintza ahula da Europa osoan ere, lan egiten duten langileek sindikatu kontzientzia gutxi baitute. Dagoen sindikatu bakarra, Euskal Laborarien Biltzarraz gain, Euskal Langileen Elkartea da, baina egiturazko eragozpen izugarriak dituzte, ezintasuna.
A. Baionako unibertsitatean aritu zara irakasle. Nola dakusazu unibertsitate hau? Inoiz lortuko da Iparraldeak berezko unibertsitate bat izatea?
K.G. Baionako unibertsitate bat egiteko arazo asko daude. Egia da talde trinko bat dela horren alde ekiten, baina oso urrats txikia da. Unibertsitate bat sortzeko inbertsio handiak eta borondate politikoa behar dira. Hala ere, eskuin eta ezkerreko politikoek azken bi urteetan horren aldeko adierazpenak egin dituzte, baina oraingoz Pabeko Unibertsitatearen menpe gaude eta funtsean, hemen ez dago unibertsitaterik eta horregatik iparraldeko gazteen % 85ek kanpora joan behar du unibertsitate ikasketak egitera. Orokorrean nahiko ezkorra naiz Baionako unibertsitatearen inguruan.
A. Bartzelonako unibertsitatean hasi zenuen irakaskuntza bidea eta, hain zuzen ere, bi aldiz kaleratua izan zinen handik.
K.G. Lehenengoa 1966an izan zen, frankismo garaian. Ikasle abertzaleek Sindicato Democratico de Estudiantes sortzeko asanbleara gonbidatu ninduten. Jakin arren zein arrisku zekarren honek, beste 20 irakaslerekin batera agertu nintzen eta honen ondorioz, espedientea zabaldu eta unibertsitatetik bota gintuzten. Sei urteren buruan lortu nuen berriro ere Bartzelonako unibertsitatean sartzea, beste testiunguru batean. Handik urtebetera funtzionaritza izateko aukera eskaini zidaten eta berriro ere ezetza eman nuen. Kaleratu egin ninduten berriro, 1974ean.
A. EHUko estatutuen gauzatze prozesuan eta irakaslegoaren euskalduntze plangintzan partaide izan zinen. Garai haietako asmoak, zenbateraino bete dira?
K.G. Horretaz hobe da ez hitz egitea, oso ezkorrak garela aurpegiratzen digutelako. Batzuek esaten dute azken 10 urteetan izugarrizko urratsak eman direla garai hartako unibertsitatearekin konparatuz gero. Nik alderantziz planteatuko nuke. Franco hil eta hurrengo hilabeteetan norbaiti esanez gero 18 urteren buruan unibertsitatea horrela egongo zela, hark «ez izan hain ezkorra» erantzungo luke.
Unibertsitate honetan pertsona erosketa izugarria izan da, eta ez diruaren truke. 80ko hamarkadan jendeak uste zuen hemen irakaslego propioa sortzeko aukera bazegoela, garai hartan gehiengo nabarmena horren alde zegoelako. Estatutuak egitean funtzionariak gutxienak ziren, baina ordutik funtzionaritza izugarri hedatu da eta, gainera, horretarako erraztasun asko jarri dira. Irakaslego Batzordeko idazkari izan nintzen 4 urtez eta nire eskutik funtzionari plaza guztiak pasatzen ziren. Esango nuke eskatutakoen artean inork gutxi ez duela lortu. Espainiako beste inongo unibertsitateetan ez da hain erraza funtzionari izatea.
A. Horregatik utzi zenion organu horretako idazkari izateari?
K.G. Eta horrexegatik ez nindukeen batere harrituko bost edo sei urteren buruan irakaslego propioaren aldeko legea aurkeztea Legebiltzarrean; hori bai, unibertsitatean egoera normaldua eman dadinean. Normaldua, espainolen ikuspegitik, noski.
Bestetik, lege aldetik badago arazo latza: unibertsitateak autonomia du eta ezinezkoa zaio Gasteizko Legebiltzarrari autonomia horren kontra ezer egitea. Beraz, irakaslegoaren irudi horrek unibertsitatearen onespena behar du. Irakasle gehienak funtzionariak direnean, unibertsitateak demokratikoki irakaslego propiorik ez duela nahi erabakiko du, nahiz eta Legebiltzarrak hala nahi. Ez dakit horraino iritsi garen, baina hala ez bada, oso hurbil gaude.
A. Sindikatuek ez dute hori ikusten?
K.G. Nik uste dut LABek garbi ikusten duela hori, baina hau ere pertsonek osatuta dago eta bakoitzak bere arazo pertsonalak ditu: familia, helburu profesionalak eta abar. Bi urtez soldatarik gabe bizitzea ez da erraza eta horrelako aukera gutxik izan dugu. Hainbatek, euren borondatearen kontra, kontratu administratiboa sinatu behar izan dute. Hau funtzionaritzaren bidean dagoen behin-behineko egoera da, eta horrek bigarren mailako irakasleak bilakatzen ditu, irakasle morroiak esaten diegunak, zeren eta hori ez baita langilea, morroia baizik.
A. Sindikatuek zergatik ez dute ezer egin horren aurka?
K.G. Pertsonek osatuta daudelako.
A. Beldur dira, beraz.
K.G. Beldur, eta beharrak dituzte. Zentzu honetan erabat errespetatzen dut daramaten portaera, oso normala iruditzen zait. Nik, zorionez, seme-alabak nagusiak dauzt eta euren kabuz dabiltza, eta emazteak irabazten duerekin konpontzen gara.
A. 1990ean berriro ere unibertsitatetik kaleratua izan zinen, EHUtik, eta gaur egun beste bost irakaslerekin batera zaude.
K.G. Baina gure arazoa ez da lege aldetikoa, politikoa baizik. Autodeterminazioa lortzeko borondate politikoa balego, esaterako, biharamunean autodeterminazioa izango genuke. Legea tresna bat da eta legea egiten duenak erabakitzen du tresna horrekin zer egin. Gure borroka politikoa da, ez alderdi baten ikuspuntutik, esanahi sakonean baizik. Eta gure borroka hau batzuei ez zaie batere atsegina.
A. 30 urte eman dituzu unibertsitate irakaskuntzan, hiru aldiz kaleratu zaituzte... Denak bat datoz, ordea, funtzionaritzaren bidea hartuz gero etorkizun ona zenuela esaten, katedraduna izateko aukera, adibidez. Hartutako bidea, zeozer damutzen al zaizu?
K.G. Bizitzan egiten diren aukeren arabera, ondorioak desberdinak dira. Estatu Batuetara joateko pare bat eskaintza izan ditut, adibidez, lehenengoa Kennedy bizirik zela eta bigarrena Bartzelonako unibertsitatetik bota nindutenean, 1966an, New Yorkeko unibertsitatetik. Bestetik, funtzionari izatea ez da nire bizitza osoan bide egokia izan. Gogoratzen dut 1965ean Lopez Basaguren, Garcia Calvo eta Tierno Galvan katedradunak bota zituztela Madrileko unibertsitatetik, eta garai hartan estatu osoan soilik beste katedradun batek egin zuen haien alde. Orduan ohartu nintzen funtzionaritzaren sistema benetan ustela zela. Jipoia etortzen denean ahal den eta urrunen jartzea zure burua? Garai haietan euren burua ezkertiar eta aurrerakoitzat zuten haiek hori egin zuten, eta gaur egun oso pertsona ezagunak dira, eta ondo kokatuta daude.
Myriam Gartzia
34-38