ETBko "Erreportari" saioa aurkezten du Jasone Aretxabaletak
Jasone Aretxabaleta: «Albistegien mundua droga baten modukoa da»
ETBn 1985ean hasi zen lanean emisio arduradun gisa, gero Bilboko TVEn urtebetez euskarako saio bat egiten aritu zen. 1988an berriro ere ETBra bueltatu zen albiste zerbitzuetan lan egitera. Orain «Erreportari» saioaren aurkezle modura ikus dezakegu. Saio berri honi buruz solasean aritu gara.
ARGIA. Zein erizpidez aukeratzen dituzue egin beharreko erreportaiak?
J. ARETXABALETA. Egiten dugun saioa aktualitatearekin oso loturik dagoenez asteroko gai nagusia aukeratzen dugu.
A. Kazetariak, komunikabideetan eta zehazki ETBn, askatasuna al du?
J. A. Nere ustez neurri handi batean kazetariak askatasuna du hau nik ikusi dudanaren arabera diot, beste jende askok ezetz dioen arren. Kazetariok ezin dugu denon gustora aritu baina objetibo izaten saiatzen gara. Nere iritziz ez dago presio handirik kazetarien gain.
A. Zein da zuen saioaren helburua, informatzea ala gertakizunak aztertzea eta interpretatzea?
J.A. Albistegietan gehienbat zer gertatu den esaten da, denbora gutxi dagoelako. Gure saioan aldiz, informazioa bildu eta nolabait aztertu egiten dugu. Gero norberak bere interpretazio pertsonala egin dezan bidea emanez.
A. Zein da "Erreportari" egiterakoan aurkitzen duzuen oztoporik garrantzitsuena?
J.A. Trabarik handiena denbora faltarena da. Bi gai sakondu egiten ditugu, baina gaiok aktualitateari oso loturik daudenez azken unerarte ezin dugu erreportaia itxi, albiste berriak sor bait daitezke azken momentuan.
A. Zein saio mota egin nahiko zenuke etortizunean?
J.A. Ez dakit, albistegien mundua droga bat bezala da, harrapatu egiten zaitu. Baina telebista barnean beste gauza batzuk egitea ere atsegin izango litzaidake.
A. Zer suposatzen du zuentzat saioa bai ETB1n eta baita ETB2n emititzeak?
J.A. Guretzat, honek badu alde ona eta baita txarra ere. Alde batetik lan gehiago egin behar dugu, euskaraz eta gazteleraz egiten. Baina bestetik era honetara euskaraz ez dakien jendeak euskaldunek ikusten duten saio bera ikusteko aukera dute.
AITZIBER YARZA
61
GaiezKomunikabidTelebistaETBSaioak
GaiezKomunikabidTelebistaETBAurkezleak
PertsonaiazARETXABALE2
EgileezYARZA1Komunikabid