Su Ta Gar: «Oportunistatzat jo gaituztenek ez dute putzik balio»


1990ko abenduaren 09an
"Su Ta Gar" musika taldeari elkarrizketa

«Etsi gabe» diskoa grabatzen ari dira
Su Ta Gar: «Oportunistatzat jo gaituztenek ez dute putzik balio»
Entzun duten guztia hitz gozoak izan ez badira ere, sekula ez bezala ari dira Su Ta Gar-ekoak "etsi gabe" lanean IZko estudiotan.
Gauzek okerreko bidea hartzen ez badute, otsaila alderako izango da zer entzun laukoteak plazaratuko duen elepea aitzaki.
ARGIA. Noiz hasi zineten? Zenbat kontzertu eman dituzue tarte horretan?
SU TA GAR. 88an hasi ginen jotzen. Gure lehenengo kontzertua urte hortako Abuztuaren 14an eman genuen. Ordutik hona hirurogeita bost bat kontziertu egin ditugu.
A. Ez da lehenengo aldia estudioko lanei ekiten diezuela. Iaz kaleratutako maketa hor dago horren erakusgarri. Atzera begira, zer nolakoak izan ziren lehen emaitzak?
S.T.G. Egia esan bi maketa izan dira, baina jende gehienak bat baino ez du ezagutzen. Lehenengoa mahai bat erosi eta lokalean nola hala grabatutako zinta izan zen, Eibar eta ondoko herrietan lagunentzako zabaldutakoa. Bigarrena berriz, toki gehiagotara heldu zen, mila bat kopia edo salduko genituen.
A. Nola jaso zenuten diskoa grabatzeko eskaintza? Zein disketxek kaleratuko du zuen lana?
S.T.G. Gure kontaktua den Matxitxak deitu zigun, disketxekoak gure kantekin disko bat ateratzeko prest zeudela esanaz eta nahi ote genuen galdezka. Baietz erantzun genuen eta kantak prestatzeari ekin genion. Orain estudioan sartuta gaude, Kaki Arkarazo tekniko dugula. Hiru astetan zehar ariko gara «Etsi gabe» grabatzen.
A. Zenbat kanta izango dira?
S.T.G. Disko normalak hamar kantuz osatuta daude, baina Konpakt diskoan hamaika sartu ditugu. Singlea ere kaleratuko dugu, oraindik ze bi kantek osatuko duten jakin ez badakigu ere.
A. Euskarazko lehengo talde heavya izan zarete, hori dela eta oportunistatzat jo zaituztenak ere izan dira, egoeraz aprobetxatu nahi izan duzuela esan duenik...Doazela pikutara! Ergelak!. Ez da batere logikoa holakorik pentsatzea eta are gutxiago horrelakoak esaten hastea. Guk horrelako kritikak ez ditugu kontuan hartzen, tankera horretako jendeaz paso egiten dugu. Oportunistatzat jo gaituztenek ez dute putzik balio.
A. Dena den, zuen entzulegoa ez da entzulego heavy tradizionala...
S.T.G. Ez. Entzulegoa euskalduna dugu. Baina beste era batekoa. Delirium eta Hertzainak entzuten duenik etor daiteke gure kontzertu batera. Hizkuntza ulertzen ez duten heavyak ere etortzen dira.
A. Entzulego euskalduna aipatu duzue... hori zalantzarik gabe euskara erabiltzen duzuelako da. Zer moduz moldatzen dira Euskara eta heavya?
S.T.G. Beste gauza batzuk alde batera utziz, euskara erdara baino hobeto gelditzen da guk jotzen dugun musikan, lirikoagoa bait da. Honek muga batzuk ezartzen dizkigu kanpora ateratzeko orduan baina...
A. Zuen letretan–"Gudari" eta "Jo ta ke" kasu-Euskal Herriko egoerarekin loturiko gaiak jorratu dituzue, diskoa atera osteko etapan ildo beretik jarraituko al dute zuen hitzek? Maiz gertatzen den gauza izaten bait da famatu izan aurretik oso erradikalak izandakoak garai batetan esandakoetaz erabat ahaztea...
S.T.G. Gure letrak nahikoa fuerteak dira, tortura, Euskal Herrian gertatzen diren gauzak... Inguratzen gaituzten gaietaz aritzen gara, bai politikotaz bai gizarte mailakotaz. Gure hitzetan mitologia –heavyek hain erabilia–ere ageri da, beti ere hemengoan oinarrituta, hala ere. Honen adibidea «Mari» kanta duzu. Orain arte bezala segitzeko asmotan gara.
A. Gaztetxe eta antzeko toki txikitan kontzertu asko egin dituzue, hasi berriak diren taldeentzat jotzeko lekuak ba al daude? Infraestruktura aldetik ba al da non jo ?
S.T.G. Gaztetxoekin kriston aurrerapausua egin da. Gaztetxeak gero eta leku haundiago eta hobetan jo ahal izateko bidea dira, - udaletxeren batekin kontratu on bat lortzeko esate baterako.
A. Hala ere, garai batetan talde heavyek ez zuten Gaztetxeetan jotzen. Orain hasi zarete, zer dela eta aldaketa hori, ez al zarete beñarrak jota edo joaten hasi?
S.T.G. Gaztetxeetako kontzertuek punk eta antzerakoetara jo izan dute beti, eta horiek Heavyaren kontrakoena dira. Gaur egun pentsakera hori aldatu egin da, jendeak onartu egiten du talde Heavyek gaztetxetan jotzea, garai batetan jende askok ez zukeen hori onartuko! Talde heavyen aldetik harrokeria egon izan da akaso, baina baita horrelako tokitan jotzeko beldurra ere.
A. Gaztetxeak alde batera utzita eta heavyari dagokionez, gaur egun Trash Metal korrontea da indarrean dagoena, eta disketxe haundiak ere alde horretara jo dute nabarmen. Zuen heavya berriz, nahikoa tradizionala da...
S.T.G. Bai, Trash-Metal eta Hardcore aldera jo dute gehientsuek. Espazio berri bat ireki da eta horruntz jo da kriston mugimendua sortaraziz, beraz normala da konpainia haundiek joera hori bereganatzea. Nahiz eta mugimendua horrelako gauzen kontra joan berez, jende asko etorri da modak aginduta. Gu klasiko samarrak gara hala ere, Estigia, Soziedad Alkoholika eta holakoen ondoan.
A. Berehala egin duzue tartetxoa musika lokalean. Zein izan da hain azkar igotzearen arrazoia?
S.T.G. Gauza ezberdinak ateratzen direnean atentzioa deitzen dute. Guk euskaraz abesteak, herri honen egoeraz kontzientziatuta egoteak eta gainerakoa orain arte egin denarekiko ezberdina izan da, heavy mailan behintzat. Baliteke hori izatea.
Alberto Irazu
Eñaut Apaolaza

Hasiera hasieratik Heavy klasikoari lau Eibartarrek.
48-49


GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakSU TA GAR
EgileezIRAZU1Kultura
EgileezAPAOLAZA1Kultura

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude