Kepa Junkera: "Eskatzen dudan bakarra gure lana errespetatzea da"


1988ko urriaren 09an
Kepa Junkera trikitilariari elkarrizketa.

Kepa Junkera: "Eskatzen dudan bakarra gure lana errespetatzea da"
Kepa Junkera eta J.M. Santiago "Motriku"ditugu azken astean trikitixa munduan eztabaida eta solas gehientsuen eragin duten bikotea.
Txapelketan nahiko ezustean hirugarren egin eta hurrengo egunean "Motriku" soldaduskara joan zitzaiolarik, Kepa eseri genuen gure aurrean.
23 urteko trikitilari autodidakta bezain ikertzaile den honi familiatik dotorkio sena, Bilboko Errelkaldeberrikoa izanik ere; ez alferrik ama dantzaria du eta aitona panderojolea zuen. 1986ko txapelketan esagutarazi zuen molde berriz egindaho trikitiak kolokan jarri zuen ordu arteko trikitiaren bilakaera. Gaur, besteak beste, kritika zorrotzak eta sintzeroak plazaratu dizkizu txapelketaren inguruan.
GALDERA: Esan liteke "suizidio" bat zela txapelketa honetan erabili dituzun doinuak...
ERANTZUNA: Ez inola ere. Nik nere errepertorioaren barruan bilatzen hasi nintzenean zerbait originala edota klasikoagoa aukeratzen saiatu nintzen. Baina beti nere gustoari begira eta ez beste ezeri. Egia da irabaztera joan ginela eta konposatzerakoan entzulegoari gustatuko zaion ala ez begiratzen duzula baina kasu honetan bazterrean utzi ditut gehiengo handiago bati laket izango zitzaizkion doinu zenbait.
GALDERA: Belodromora eraman zenuena, trikitixa edo porrusalda edo fandango direla esan liteke? Ezin omen dira dantzatu...
GALDERA: Neretzat bai. Erritmoz hala dira eta dantza litezke. Besterik da nik jendea dantzan jartzeko horiek joko nituzkeen... Ez, noski; beste era bateko doinuak joko nituzke.
GALDERA: Trikiti doinuak badira ere zu zerbaitetan aldendu zara...
ERANTZUNA: Xehetasun batzuez gain (doinuak hiru kolpez bukatu ordez arpegio batzurekin edota kolpez bukatzea, eta beste gauzatxo nabarmen batzuk), jendea erne jarri duena da fandangoen egituraketa desberdina, zeren erritmoa betikoa da: 3X4 trikitixa eta fandangoan, eta 2X4 porrusalda eta arin-arinean, 2 kantukoak kantuarekin eta beste biak gabe, nahiz eta fandangoa eta arin-arinean ere kantua sartzea posible izan.
Gero, beste aldaketak izan litezke, tonu eta akorde zenbait jendea oraindik entzuten ohituta ez dagoena, doinua eramateko era desberdina... Entzulegoaren artean oso errotuak daude era jakin bateko doinuak, ez baita izan orain dagoen hainbateko sortze lanik. Orain doinu, kantu eta kopla berri asko sartzen ari gara. Hori dena asimilatzea zail egiten da. Baina ez hainbeste... Nik 86an jo nituenak jadanik klasiko bihurtu dira; mundu guztiak entzun ditu eta gaztetxoek jo egiten dituzte. Asko eskatzea da 32 pieza entzun, horietarik asko berriak, eta jendea kantari ateratzea txapelketatik horiek ikasita. Gainera ez da lekurik egokiena ere ezer entzuteko. Nik hobeto onartzen dut disko baten kritika eta ez egun honetan, 8000 lagun dauden lekuan, sonorizazio akatsekin, aldamenekoa hizketan ari dela edo bestea txistuka ari delarik; txapelketa giroa dago eta ez entzuketarakoa. Entzun on dorengo egunetan egiten da, grabaketan, erromerietan. Orain arte publikoaren eztabaida zen ea zein zen hobea edo okerragoa, eta aurten berriz tnkitixa zen ala ez. Neretzat argi dago trikitixa zela.
GALDERA: Entzuleak, zuek Belodromoan jotako guztia ondo harrapatzea zaila bada, epaimahaiaren lana ez da errezagoa izango.
ERANTZUNA: Artea ez dela zientzia kontsideratzetik abiatzen bagara, eta hori puntuatzen ausartzen direnez, lana erreztu egin behar zaie. Orain artekoan ordea, oso lan zaila izan dute; eta zergatia hauxe da: 8 bikote eta 32 pieza dituzte aurrean; 32 pieza horiek hiru bat ataletan bana litezke: agian errepikatu egiten diren batzuk; egituraketa bera izanik doinuz bakarrik direnak berriak; eta azkenik, beste batzuk, gutxienak, aurten esamesak sortu dituztenak eta juradoa epaitzeko erizpide gabean utzi dutenak. Berek, ez direla trikiti aireak esaten badidate ere ez dago inor hori esan diezadakeenik. Gustatuko litzaidake zergatik ez diren jakitea. Ez da nahikoa konpas bat jan duzula esatea –aitortzen dut akatsak egin ditudala–, kontua da, azken finean, edo zure piezak epaileen adina, ingurua edo beren gustoak kontutan hartuta egiten dituzun, edota bestela zuri atsegin zaizuna egiten duzun. Zure gustoak ez badira epaileenak zergatik ez dira "trikitixa" pieza horiek? Aniztasunak edo ideia desberdinek ez al dute lekurik? Beti taldetxo baten ideiek agindu behar al dute? Ez al da zilegi aurrerakuntzak egitea? Zergatik ezin dira beste tonu batzuk erabili, edo pieza beste era batera hasi, edo dantzari begira ez dauden piezak jo, jendeak entzun besterik egin ez dezan?.
GALDERA: Zergatik ez zaude gustora? Ez al duzue txapelketa antolatzen parterik izan?
ERANTZUNA: Pozik nago, egon, zenbat jende joan den ikusita eta entzuleari zenbateraino gustatzen zaion ikusita. Baina parte hartze aldetik, zero! Trikitilariok ez dugu ezertan parte hartzen, ez gara txapelketaren protagonista. Trikitixa beste zenbaitek erabiltzen du, sozial mailan bere burua agertzeko modu bezala, trikitilarion artean batasunik ez dagoela aprobetxatuz. Ikusi besterik ez sarien banaketan norena izan zen protagonismoa hainbeste goraipamenekin lehiakide ez zirenentzako. Aurten batu ez bagara –huts latza gure aldetik–, ea hurrengorako elkartzen garen behingoz eta argitzen dugun zer baloratuko den, zeren ,geuk, trikitilariok dauzkagu ideiarik argienak zer hartu behar den kontutan, alegia: erizpideak finkatu, sonorizazioa, bideoa, antolaketa, sarrerak, posterrak, Gipuzkoatik beste herrialdeetara zabaldu... Garbi bait dago akats larriak izan direla, eta horietan okerrena trikitilariok parte ez hartzearena. Guri eskatu zaigun laguntza bakarra epaimahaia hautatzerakoan izan da; izen batzuk eman genitzan saiatu ziren baina hortik aurrera ezer ez. Zartagiaren kirtena beste batzuren eskutan zegoen. Honek ez du esan nahi antolatzaileek lana gaizki egin dutenik halere.
Bestalde, erizpideak zein diren ondo argitzen ez diren bitartean, eztabaida eta nahasmendua seguru! Ez dakit trikiti klasikoarentzat edota berriarentzat egin beharko den txapelketa; baina garbi dago biak pertsona berak irabaz litzakeela, oso jende konpletoa dago eta. Orduan zer esango lukete? Baina nik galdetzen dudana da zergatik gu eramaten saiatu diren, deskalifikatu egin behar gintuztela aldez aurretik baldin bazekiten? Gu eta Tapia eta besteak erabili egin gaituzte jendea erakartzeko, –ahal izanez gero Laja etabar ere eramango zituzten– bai bait dakite trikitilariok garela benetako protagonistak, eta gero ez dira irekiak izan. Jakinik gure gustoak zein diren, aurretik deskalifikatu behar gintuzten, baina ez dira ausartu.
Horrezaz gain, zera usaindu dugu: alde batetik, azken urteotako trikitixa gustoen arabera joaz joan beharra geneukala eta, aldiz, joaten ez baginen entzulegoarekin izugarrizko zorra izango genuela. Anoetakoaren aurkezpenean bazirudien garbi zekitela zer den trikitixa, trikitixaren sustraiak, eta hortik ez aldentzeko esan zitzaigun. Gure jotzeko era zer den jakinda, beren ustetan trikitixa ez dena, zergatik nahi zuten gu joatea? Nik eskatzen dudan bakarra gure lana errespetatzea da. Orduan pentsatu behar duzu jotzen dugunok ez dakigula eta jotzen ez dutenek badakitela zer den trikitixa... Izugarria da!
Esan liteke epaimahaiaren tartean bazela gure ideia musikalen aurkako joera bat. Ez hori bakarrik ordea; trikitixak suposatzen duen mugimendu hori ideia berriez antolatzeko zenbaitek dugun gogoaren kontra ere joan dira gu deskalifikatzean, zeren orain artean montatzea lortu duten "amigismozko" zirkulo hori pikutara joan dakiekeela ikusten bait dute. Batzuk ditugun ideia progresista horiek ez zaizkie gehiegi gustatzen.
GALDERA: Txapelketa ahaztuta, jotzen duzuenaren aurkako erreakzioa ez ote da arriskutan ikusten dela trikitixa, galtzera doan dantza eta erromeria mundu baten ispilu bezala?
ERANTZUNA: Ez dut uste ezer galduko denik. Hori bai, aldaketa bat gertatuko da gizarte guztian bezala. Guk betikoa jotzen jarraituko dugu baina gauza berriak ere bai, eta baliapide tekniko berrietara egokitzen saiatuko gara: ekipoa, argiak, erritmo kutxa, diskoetan beste musika tresnak... Ikerketa- lan bat egin behar dugu gizarte maila guztietan dagoen etengabeko aldaketara egokitzeko.
GALDERA: Bestaldetik, erreakzio hori, ez da trikilarion arteko konpetentziaren isladapena?
ERANTZUNA: Hor gustoak agintzen du. Beti izango da, bat gehiago gustatzen delako gehiago deitua izatea. Baina hori ere oso aldakorra da; lan aldiak izaten diren bezelaxe geldialdiak ere izaten dira kontratatzen zaituenaren gustoen arabera.
GALDERA: Zuen berrikuntzak ez al dira adibidez Laja edo Martin baten estiloak ez duelako gehiagorako ematen?
ERANTZUNA: Hori ez da horrela. Estilo horren eskemen barruan doinu berriak muga gabe egin litezke. Gure kasuan, gauza berriak bilatzea hala gustatzen zaigulako da. Eta bilaketa hori ez da bakarrik doinuetan, akordeak bilatu, erritmoa landu, beste instrumentoekin akordeoi diatonikoa elkartzen saiatu, beste erritmo batzuetan frogak egin...
GALDERA: Berrikuntza horiek, benetan berriak dira musika mailan, hala gaur egungo musikara hurbiltzea besterik ez dira?
ERANTZUNA: Garbia da beste musiken eragina. Oso zaila da benetako musika berria asmatzea, ez dakit inbentatzeke ezer gelditzen den ala ez; baditut nere zalantzak.
GALDERA: Zure musika egiterakoan zeren kutsua egon liteke azpitik?
ERANTZUNA: Esate baterako, Astor Piazzolarena, nerea, musika klasikoarena, jazzarena... Zaila egiten zait jakiten. Neri era guztietako musika entzutea eta aztertzea gustatzen zait. Eskuetara etortzen zaidan disko orori errepasoa eman gabe ez naiz gelditzen.
Gero, entzuten duzun musikaz gain, eguneroko bizitzak, aldarteak, zure ideiek, gertaerek... izan dezakete zer esanik sortze lanean. Horretaz gain, gainetik estruktura batzuk ezartzen zaizkizu batez ere jendeak nahi duenaren aldetik. Neri, halabaina, gustatuko ez litzaidekana da pieza egiterakoan, adibidez, erromerian dantzatu behar denarekin pentsatu behar izatea; hori ere egin liteke baina beste era bateko gazte batekin ere berdin pentsa liteke... Beti gainetik presio izugarria dabilkizu zuk gustoko duzun hura ez egiteko, esate batera txapelketa honetan gertatu den bezala. Azkenean, horrek ere eragina du zuregan entzuten duzun musikak, txapelak, klaxon batek, kaleko zaratak, itsasoko murmurioak, bakardadeak edo lagunak ere eragiten zaituen moduan.
Aztertu beharko dut zer neurritan, musika, faktore horien menpean egon daitekeen, dokumentatu beharko dut hemendik aintzina; egon behar dute ikerketak nonbait faktore anitz horiek zer nolako eragina duten frogatzeko, zeren eraginak, izan, badute, ziur.
GALDERA: Soinu txikiaren posibilitate teknikoak hemengo trikitixa entzunez bakarrik atera al dituzu?
ERANTZUNA: Akordeoi diatonikoa, trikitixaz aparte, mundu guztian jotzen da, eta horiek entzuteak laguntzen dizu. Irlandan, Frantzian, Colombian jotzen diren erak hemen ere erabil litezkeela ikusten duzu. Beti dago zer ikasia haietarik.
Badugu asmoa mundu mailako soinu txiki jaialdia antolatzeko, beste estilo eta posibilitateak jendeak ikus ditzan.
ARTASO MIELANJEL HARANA
35-39




GaiezKulturaMusikaMusika tradTrikitixaTxapelketak
GaiezKulturaMusikaMusika tradTrikitixaTrikitilariJUNKERA1
PertsonaiazJUNKERA1
EgileezARTASO1Kultura
EgileezHARANA1Kultura

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude