Zuriz mozorrotzea

Xalba Ramirez / Irutxuloko Hitza CC BY SA

2026ko urtarrilaren 26an - 14:18
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Neguko iluntasuna atzean uzten ari garela erakutsiko digute beste behin inauteriek. Jada hasi gara ospatzen badatorrela udaberria, edo, behintzat, loraldiari lehenbailehen etortzera deituko diote herritarrek, Euskal Herriko hamaika txokotan. Tradizionalki, inauteriak izan dira garai ilunak uxatzeko eta ilusioari eta jolasari bidea irekitzeko ospakizunak, eta horretarako baliatzen ari dira aurten ere, jada kaleak alaitzen hasi diren maskaradetan nahiz Malerrekan. Dibertsiorako aitzakia izaten da, eta zenbaitek gustura hartzen dute pertsonaia baten azalean sartu eta ezkutatzea, eta egunerokoa apur batez albo batera uztea. Mozorrotu, eta beste norbait zarela antzeztu. Baina, mozorro guztiak dira onargarriak? Non daude mugak?

Batzuen dibertsioak besteen minak piztu ditzake, eta ezin dugu ahaztu mozorroek ere jendarteko botere eta zapalkuntzak agerian uzten dituztela. Ez zaigu arraro egiten Gipuzkoan errotuta dauden kaldereroetan ijitoz mozorrotzea, azala ilundu, eta zartaginak joaz kalean desfilatzea. Baina ez digu kontraesanik pizten irakasleak ijitoa den haurrari kaldereroetarako ijitoz mozorrotzeko eskatu behar izatea? Ez zaigu arraro egiten kuadrillan tribu afrikarrez janztea, hezur eta guzti; kubatarrez mozorrotzea ere jostaria da, ile-orde erraldoia buruan, eta bular eta ipurdi handiak irudikatzeko kuxinak jartzea. Txinatarrez mozorrotzeko begia margotu eta “jantzia txinoan erosi dut” esateak ez digu tripako minik sortzen? Aurpegia beltzez, horiz, marroiz margotzea ez da barregarria, iraingarria da.

SOS Arrazakeria elkarteak zein Gaz Kalo, Amuge eta Kera ijitoen elkarteek, besteak beste, behin eta berriz aldarrikatu dute euren kulturak eta etniak ez direla mozorroa. Hausnartzera bultzatzen gaituzte: zein da helburua? Ondo pasatzea eta dibertigarria izatea? Zeinen bizkar? Diskriminazioa jasaten duten pertsonak karikatura bihurtu eta haien gaineko estereotipoak puztuta, estigma elikatzen besterik ez gara ari. “Zeureak ez diren kulturak mozorro harturik, estereotipo horiei lotutako mehatxuak ezartzen dizkiozu jende horri berari, eta haien esperientziak gutxietsi”, ohartarazi digute arrazakeriaren aurkako elkarteek.

Tolosako Udalak, esaterako, elkarte antirrazisten mezuei oihartzuna eman izan die eta herritarrak bultzatu ditu arrazakeriarik gabeko inauteriak ospatzera eta blackface-ari buruz gogoetatzera. Horren aurrean, herritar batzuek defendatu dute “nahi dutenaz mozorrotzeko eskubidea” dutela. Umorearen izenean eta “asmo onez” egin dutela esanez hitz egiten dute zenbaitek, autokritikarako tarte gutxi utzita, baina gogoratu: goitik beherako umorea ez da umorea, boterea da.

Inauterietan ustez kaltebera diren mezu asko zabaltzen dira, festaren izenean, baina kontuan hartzekoa da gizarteko zapalkuntza guztiak erreproduzitzen direla egun horietan: arrazakeria, homofobia, sexismoa... Izan gaitezen originalagoak, eta saia gaitezen aurten umorea behetik gora egiten, pertsona zuriz mozorrotzeak jokoa eman dezake.


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.