Zupiriak uda hasieran aipaturiko bizikidetza arazoak “ezin faltsuagoak” direla argitu du GEBehatokiak

  • "Euskal gizartea gaixorik" egon izana eta "gaitz horren arrastoak" oraindik bizirik direla erranda, udarako istiluak aurreikusi zituen uztaila hastapenean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak. Adierazpen horiek "kezkaturik" bere irakurketa plazaratu du Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak, argi utzita ez dagoela gatazka soziopolitikoen kontakizuna berresten duen elementu bakar bat ere.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuaren uda hasierako adierazpenei buruzko desadostasuna adierazi du GEBehatokiak. Irekia

2026ko irailaren 3an - 11:04
Azken eguneraketa: 12:04
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"Ez dago bizikidetzaren hausturaren edo gatazka soziopolitikoen kontakizuna berresten duen elementu bakar bat ere, ezta estatistika irizpiderik edo gizarte pertzepziorik ere", Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiaren arabera. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak uztailaren 2an egindako adierazpenei erantzutek gisan plazaratu du bere oharra behatokiak. Hain zuzen, zeresana sortu zuen "Euskal gizartea gaixorik" egon izana eta gaur egun oraindik "gaitz horren arrastoak oraindik hor" daudela erran izanak. Baieztapen hori mamitzeko, GKSren eta Ernairen arteko harreman gatazkatsuak eta Poliziari buruzko eztabaidak edota kontrakotasunak eman zituen oinarri gisa.

GEBehatokiak zehaztu du "kezkatuta" entzun zituztela Zupiriaren adierazpen horiek, besteak beste "ezin faltsuagoak" direlako. Ondokoa ere nabarmentzen du zabalduriko oharrean: "Euskal gizartea ahalegin handia egiten ari da iraganeko logikak gainditzeko, eta biktima guztiak eta giza eskubideak aitortzearen inguruan bizikidetza demokratikorako itun sozial berri baten bila ari da".

Udan zehar istiluak egoteko aukera aipatu zuen orduan Zupiriak eta, finean, halakorik ez dela gertatu ohartarazi du GEBehatokiak, "pozarren" daudela zehaturik: "Inork ez du liskarrik, borrokarik edo indarkeriarik eta, oro har, eskubideen urraketarik nahi". Behatokiak egiaztatu egin du ez dagoela egon "aldez aurretik pentsatutako indarkeriazko jardueren bidez aldarrikapenak egin nahi dituen estrategia politikorik". Hala ere, "jai giroaren eta kontsumo neurrigabearen ondorio diren gorabeherak" egon badira ere, gutxi gertatu direla irakurri daiteke oharrean, eta gainera, helburu politikorik gabekoak direla: "Biktimengan eragin handia dute, baina ez dute dimentsio sozialik, ezta, are gutxiago, entitate politikorik ere".

"Eztabaida lasai" baten eskaera

Segurtasun ereduak adostasun zabala behar duela erranik, politikariek segurtasun zerbitzu publikoaren beharrei buruzko eztabaida "lasai" bat hastea nahi du Behatokiak, eta hori "alegatu okerrik gabe" eta "superlatiborik erabili gabe". 


Eusko Jaurlaritza kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.