Munduko Futbol Txapelketaren finaleko liskarren harira Ertzaintza 50 pertsona baino gehiago ikertzen ari da

  • Bingen Zupiriak iragarri du ikertuetako batzuk epailearen aurretik pasako direla "arau hauste larriak" egotzita. Halere, azpimarratu du kezkatzen duena indarkeria erabiltzeko "aitzakiak" erabiltzen dituzten "muturreko ezkerreko mugimenduak" direla. Aste honetan jazotako bi atxiloketen harira, sailburuak adierazi du Espainiako Poliziak "bere eginkizunen gainetik" jardun duela.


2026ko uztailaren 30ean - 09:14
Azken eguneraketa: 11:13
Bingen Zupiria orain egun batzuk. Irekia
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Euskadi Irratian elkarrizketa egin diote Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari, eta Espainiako Poliziak burututako atxiloketen harira, honakoa adierazi du: "Espainiako Poliziak bere eginkizunetatik kanpo jokatu du, guretzat onartezina da". Azaldu duenez, "ez da iritzi politikoa", aferak oinarri juridikoa du: 1979an Gernikako Estatutua adosterakoan zehaztu zen zein eginkizun zegozkien Ertzaintzari, Espainiako Poliziari eta Guardia Zibilari, eta gerora, sailburuaren arabera, adostutakoa berretsi zen 1986an, Estatuko Segurtasun Indarren Legean, baita Mozal Legearekin ere. Gauzak horrela, Zupiriak aurreratu du Espainiako Gobernuari jakinarazi diotela afera. 

Asteon jazo diren atxiloketak orain aste batzuk gertatutako Gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketako finalaren eguneko istiluetan ustez parte hartzeagatik izan dira. Espainiako Poliziak atxilotu ditu, eta hortik hika-mika. Halere, Zupiriak berretsi du Ertzaintzak operazioa abiatu duela istiluen "errudunak" ikertzeko. Esan duenez, 50 pertsona baino gehiago daude ikerketapean momentuon. "Ikertuak izateko hainbat material dago, tartean bideoak. Isunak izango dituzte eta batek baino gehiagok epaiketan deklaratu beharko du, egin diren arau hausteak larriak direlakoan gaudelako".

Baina sailburua harago joan da. Bere hitzetan, gizartean "gutxiengoa" badira ere, "zenbaitzuek batzuetan indarkeriaren erabileraren askatasuna" sartu nahi dute. "Egun batean dira faxistak, beste egun batean Israelen alde daudenak eta beste batean inperialismoaren alde omen daudenak. Ezin dugu onartu indarkeria erabiltzeko aitzakiak erabiltzea", esan du. Indarkeria "sustatu" nahi duten taldeak ote dauden galdetzean, zera erantzun du: "Talde jakin batzuk daude. Gutxiengoa diren ezker muturreko mugimenduekin identifikatzen ditut".


Herri mugimendua kanalean gehiago
2026ko abuztuaren 4
Basauriko Hamaikak
Abortuaren jazarpena, epaitua

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...