Rosalind Nashashibi artista palestinarraren aurkezpenean zegoela, publikoko emakume batek esan dio "bateraezina" dela Flotillako kideei Ertzaintzak emandako jarreraren "erantzule" izanda, Palestinaren aldeko ekitaldi horretan egotea. Horren ostean, sailburuak, publikoaren kexen artean, ekitaldia utzi behar izan du.
Ostiral honetan, Gasteizko Artium museoan, Rosalind Nashashibi artista palestinarraren margolan eta filme batek osatutako erakusketa inaguratu dute, solasaldi batekin. Palestinaren okupazioa eta erresistentzia dira artistaren lanaren gai nagusiak. Solasaldian Mahmoud Alshaer gazatar poetak ere hartu du parte.
Bertan izan den lekuko batek HALA BEDIri adierazi dionez, ekitaldia hastear zegoela Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua sartu eta lehen lerroan eseri da. Ekitaldia hasteko artistaren bideo bat eman dute. Ondoren, lekukoaren hitzetan, solasaldia hasi aurretik, publikoko emakume bat aurreratu eta bere ezinegona adierazi du egoera horretan: “Guztion aurrean azaldu du bera ezin dela han egon Bingen Zupiria Segurtasun sailburua bertan ikusita; eta Flotillako kideen kontrako indarkeriaren arduradun nagusia han lasai eserita nolatan egon zitekeen galdetu zuen, guztion aurrean”.
Hori azalduta, “lasaitasunez”, emakume horrek gonbidapena luzatu die bertan zeuden lagunei altxatu eta espazioa uzteko, protesta gisa. “Baten bat altxatu da, baina atzetik beste ikusle batek esan du norbaitek alde egitekotan sailburuak egin behar duela alde, ez beste guztiok. Bingen Zupiriak, orduan, alde egin du eta ekitaldiak aurrera jarraitu du”.
“Lasaitasunez eta argi” azaldu dio, lekukoaren hitzetan, “onartezina” dela Israelek atxilotu eta torturatutako lagunek Loiun jipoia jaso izana, eta sailburua dela gertakari horien arduradun nagusietako bat.
Loiuko gertakariak
Joan den maiatzaren 23an Global Sumud Flotillan parte hartu zuten kide euskal herritarrak Loiuko aireportura iritsi zirenean, Ertzaintzak bortizki kargatu zuen beraien eta ongi etorria egitera gerturatu ziren lagunen aurka. Gainera, sei lagun atxilotu zituzten. Bideoan grabatutako irudiak mundu osoan zehar zabaldu ziren.
Zupiriak egindako adierazpenetan Ertzaintzaren jokabidea justifikatu zuen, flotillako kideek edo haiei harrera egiten ari zen jendeak polizia “probokatu” zuela esanez. Flotillaren bozeramaieleetako batek “begi-bistakoa ukatzea” egotzi zion sailburuari, eta Global Sumud Flotillak Ertzaintzaren eta sailburuaren aurkako kereila bat aurkeztu du.