Ingelesez hasi du agerraldia Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak, nazioarteari mezua zabaltzeko: Israelen genozidioa salatu du. Euskaraz, gero, aurrekoan erabilitako hitzak egin ditu: "Sentitzen dugu gertatutakoa; ez zuen gertatu behar". Dena dela, kexa adierazi du, batetik, elkarretaratzea ez zegoelako aurrez jakinarazita; eta bestetik, Zupiriaren esanetan, operatiboaren buru izan zen ertzainak kide batekin "adostu" zituelako "gutxieneko batzuk", gerora ez zirenak bete.
Goizeroko buletin bat daukat, 'Goizean argi' deiturikoa. Dohainik harpidetu zaitezke.
EH Bilduren eta Sumarren eskariz, Eusko Legebiltzarreko Segurtasun batzordean agerraldia egin du Bingen Zupiria sailburuak astearte goiz honetan, iragan larunbatean Loiuko aireportuan gertaturikoaren inguruan mintzatzeko –Global Sumud Flotillan izan diren sei euskal herritarren etorreran istiluak izan ziren, kolpatu egin zituzten eta atxilo eraman–. Nazioartean hedatu dira irudiak, eta bai EH Bilduk eta bai Sumarrek, beste hainbat konturen artean, aurpegiratu diote munduari proiektatu zaion irudia "lotsagarria" dela, Euskal Herriaren irudia eta prestigioa "serioski zikindu" direlako.
Ideia hori borratu nahi izan du Zupiriak lehen unetik. "Israel Palestinan egiten ari den sarraskia ez da onargarria; eta ez dago beste biderik, bi estatuen aitortza ezinbestekoa da, bi herrien arteko bizikidetza baketsua egia bihurtu dadin", adierazi du Zupiriak, hain zuzen ere Imanol Pradales lehendakariak kurtso politikoaren hasieran erabili zuen diskurtsoa errepikatuta. "Horiek dira Jaurlaritzaren hitzak, eta hori da Jaurlaritzaren jarrera, bai lehen eta bai orain", azpimarratu du.
Aireportuen jabe den AENAk deitu zuen Ertzaintzara larunbat eguerdian, flotillako kideei harrera egitera joan ziren lagunak "pilatzen" ari zirelako Loiuko aireportuko irteeren atean, eta minutu eta ordu batzuetara helduko ziren bidaiariek "arazoak" izan ahal zituztelako. "Harrera egiteko elkarretaratze hori ez zegoen jakinarazita", esan du Zupiriak, eta horregatik ez zuen Ertzaintzak aurrez ezer prestatuta. Ulertzera eman du, hortaz, inprobisatua izan zela.
Baina Zupiriaren esanetan, aireportuek "azpiegitura kritiko" izaera dutenez, polizia operatiboaren buruak flotillakoei harrera egitera joan zen pertsonetako batekin "gutxieneko adostasun batzuk" zehaztu zituen. Besteak beste, sailburuaren arabera, adostu zuten harrera egitera joan zirenek ez zutela segurtasun hesia gurutzatuko, eta flotillako sei euskal herritarrek ere ez zutela "atea oztopatuko". Baina Zupiriaren esanetan, "ez ziren errespetatu". Tartean, harrera egiten ari zen kideetakoren batek "objektuak" eman zizkietelako flotillakoei.
ETAren komodina
Loiuko gertakarietan fokua ipini aurretik, Ertzaintzarekiko dagoen "jarreran" sakondu du Zupiria sailburuak. "Gure herrian, herritar batzuk ez dute Poliziarik nahi, ezta Polizia hori Euskal Polizia bada ere", esan du. Horri berehala lotu dio ETA, eta zera esan du: "Zorionez, indarkeriaren erabilera amaitu da, baina zoritxarrez ez da amaitu Ertzaintzaren aurkako iritzia; garai bateko suaren errautsek bizirik diraute batzuen buru-bihotzean".
Zupiriak, "hala ere" erabilita, Ertzaintzak "denak" defendatzen dituela azpimarratu du: "Libre da norberak nahi duena pentsatzea, libre da protesta, betiere ez badira besteen eskubideak mugatzen [kasuon, erreferentzia egiten zion aireportuko irteerako atea oztopatzeari]; Ertzaintzaren eginkizuna da guztien eskubideak errespetatzea eta errespetaraztea, baita Ertzaintzaren aurka daudenenak ere".
Loiukoari buruz esateko zeukana esan ondotik, esanguratsua izan da nola bukatu duen hitzaldia: "Ertzaintzaren aurka probokaziorik larrienak egin eta jarrera oldarkorrena izan zutenek, atxilo eraman zirenetatik bi, ETAko kide izandakoak dira; batek sei urte eman zituen kartzelan, eta besteak hamabi". Erreplikako tartean, EH Bilduk ez dio horri erantzun ere egin; Sumarrek, aldiz, iraingarritzat jo du sailburuak diskurtsoan hori erabiltzea.