Osasunbideak 1.878 pertsona artatu ditu 2025ean depresioagatik. Gehiengoa emakumeak dira. David Brugos Mirandak, Nafarroako Osasun Mentaleko Bitarteko Baliabideen Arloko zerbitzuburuak, arrazoiak azaldu ditu.
“Depresioa denboran mantentzen den tristura egoera bat da, zeinak, gauza askotan eragiten duen. Normalean galera batetik abiatzen da”. Hitz horiekin definitu du laburki depresioa Brugos Mirandak. Nafarroako Osasun Mentaleko Sareak urte hasieran emandako datuen arabera, 2025ean depresioagatik artaturiko 1.878 pertsonetatik %64 emakumeak dira.
Depresioan eragina duten hiru faktore nabarmendu ditu Brugosek: gertakaria, izaera eta sare falta. “Edozein galerak dolu eta prozesu bat dakar. Orduan, normalean jaitsieran sartzen gara. Tristura egoera hori iragaitzazkoa da, baina luzatzen bada depresioa deitzen diogu”, esan du. Pertsona guztiei ez die berdin eragiten, eta Brugosen arabera, izaerak eragin handia dauka. Horregatik, nabarmendu du ezkorrak izateko joera duten pertsonak “zaurgarriagoak” direla. Ezkorrak ez izan arren, sare faltak depresioa izateko arriskua handitu dezake. “Medikuek ere esaten dute faktore genetikoak daudela, eta patroi depresiboak egon daitezkeela familietan. Deprimituta dauden pertsonen seme-alabek probabilitate handiagoa dute depresioa garatzeko”.
Generoak eta sozializazio prozesuak ere eragiten dute. Brugosek azaldu du zergatik artatzen dituzten emakume gehiago. Babes faltarekin eta oztopoekin lotu du asko; horren barruan sartu ditu, besteak beste, zaintza lanak eta kristalezko sabaia: “Emakumeek askoz oztopo gehiago gainditu behar dituzte”. Aitortu du ere diagnostikoak begiradagatik baldintzatuta daudela: “Buruko patologia guztiak faltsuak dira. Hau da, ez dira gaixotasunak, baizik eta nahasmendu konstruktuak. Gizakiek ezinegona adierazko moduak dira. Konstruktu horiek begirada zuri eta maskulinoaren arabera eraikita daude. Eurek erabakitzen dute zer den osasuntsua eta zer ez”.
Hori dela-eta, azaldu du “naturalizatuago” dagoela emakume batek tristura adieraztea, eta gizonei baino zilegitasun “handiagoa” ematen zaiela negar egiteko. Gizonei aldiz, haserrea gehiagotan adierazteko espazioa ematen zaie: “Emakume batek txikitan agresibitatea adierazten badu, berehala moztuko diote. Zugandik espero dena egiten ez baduzu, errazagoa izanen da diagnostiko bat jasotzea. Emakume bat aztoratzeari berehala deituko diote mugako nahasmendua edo histeria”.
Jendea artatzen dutenean, tentuz ibili behar direla uste du, eta faktore guztiak hartu behar dituztela kontuan. Horregatik, testuingurua kontuan hartzea oso garrantzitsua da psikologoaren iritzia ez baldintzatzeko. Trans pertsonen kasuan adibidez, antsietate eta depresio kasu “gehiago” daude, eta horrek jazarpenarekin edo bazterkeriarekin zerikusi handia izan dezakeela dio: “Trans izateagatik baztertu edo desberdin tratatzen bazaituzte, horrek ezinegona eragin dezake. Hortaz, ezinegona ez da direnagatik, baizik eta inguruak ez duelako ulertzen nor diren. Orduan, patogenoa ez da pertsona, ingurua baizik”. Kontuz ibiltzeko gomendatu du, bestela, patologizatzeko joera egon daitekeelako.
Baliabideen kudeaketa
Osasunbideako osasun mentaleko zerbitzura jotzen dutenen kexetako bat itxaron zerrenda luzeak dira. Brugosek dio hori aldatu nahian dabiltzala, baina ezingo direla inoiz arreta pribatuaren mailan jardun: “Baliabideak indartzen goaz, baina ezin ditugu denak artatu”. Gaineratu du zerbitzua emateko bi eredu daudela: denei arreta iguala ematea edo kasurik larrienak lehenestea. Bi horien arteko orekan mugitzen dira: “Uste dut eredu publikoak kasurik larrienak tratatu behar dituela. Hau da, kanpoan geratzen dena. Adibidez, ez badut artatzen dirurik ez duen eta buruko patologia larri bat duen pertsona bat, guztiz baztertuta geratuko da. Orduan, arreta eman behar diot, baina hori egin dezaket baliabide gehiago dituen beste pertsona bat pribatura doalako”.
Haur eta gazteetan ere jarri du arreta, eta azpimarratu du gaztetatik artatzea prebentziorako neurria izan daitekeela. Izan ere, patologietako lehenengo susmoak edo adierazleak gaztaroan agertzen dira maiz. Horrekin batera, gizarte eragile aktiboak trebatu beharko liratekeela uste du: “Adibidez, etorkinen kasuan, jakinda kolektibo zaurgarri bat direla eta zein faktorek eragiten dieten, baldintza sozioekonomikoak, babes sareak eta kulturalki eta pertsonalki garatzeko aukera sortu beharko genituzke. Esaten dute etorkinek baliabide guztiak ustiatzen dituztela, baina beste gezur bat da. Ez dira gure baliabideetara iristen eta asko ematen digute”.