Zubietako erraustegira martxa egingo dute larunbatean Lasarte-Oriatik abiatuta

  • Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta, Zubietako erraustegiraino hurbiltzeko martxa burutuko da larunbatean, martxoak 27. Lasarte-Oriatik abiatuta joango dira agintariek Gipuzkoako Ingurumen Gunea bataiatu duten eremuraino.


2021eko martxoaren 23an - 09:36

Lasarte-Oriako Okendo plazatik 11:00etan abiatuta, asmoa da herria zeharkatu ostean Bugatiko bidegurutzetik barrena 12:00etarako iristea Zubietako erraustegiaren atariraino. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak bertan hiri hondakinez gain hondakin industrialak ere erretzeko hartu duen erabakiari erantzun nahi diote, horrela, errausketaren aurkako militanteek: "Hamaika akats, obskurantismo eta irregulartasunez inguratuta martxan da Donostiako erraustegia eta martxan jarri bezain pronto ikusi da Gipuzkoan ez dela sortzen munstroa elikatzeko nahiko zabor. Izan ere 2019an Gipuzkoan 138 000 tona errefus sortu ziren, 100 000 TMBtik pasa ondoren, eta erraustegia 200 000 tona erretzeko prestatu dute. Erraustegia martxan jartzen ari zenean, gertatu zen Zaldibarko krimena (ekologikoa eta langileen aurkakoa) eta Zaldibarrera eramaten ziren edozein motatako zaborrekin zer egin orain? PNV-PSEko politikariak hain azkarrak izanik, erraz aurkitu dute konponbidea: erdi hutsik dagoen erraustegian erre. Eta hala ere nahiko zabor ez baldin badute, hurrengo pausua Gipuzkoatik kanpoko hondakinak ekarriko dituzte, negozioa biribildu arte".

Honela dio EAMen deialdiak hitzez hitz:

EZ ERRAUSTU HIRI HONDAKINAK, EZTA INDUSTRIALAK ERE.

Hamaika akats, obskurantismo eta irregulartasunez inguratuta martxan da Donostiako erraustegia eta martxan jarri bezain pronto ikusi da Gipuzkoan ez dela sortzen munstroa elikatzeko nahiko zabor. Izan ere 2019an Gipuzkoan 138 000 tona errefus sortu ziren, 100 000 TMBtik pasa ondoren, eta erraustegia 200 000 tona erretzeko prestatu dute.

Erraustegia martxan jartzen ari zenean, gertatu zen Zaldibarko krimena (ekologikoa eta langileen aurkakoa) eta Zaldibarrera eramaten ziren edozein motatako zaborrekin zer egin orain? PNV-PSEko politikariak hain azkarrak izanik, erraz aurkitu dute konponbidea: erdi hutsik dagoen erraustegian erre. Eta hala ere nahiko zabor ez baldin badute, hurrengo pausua Gipuzkoatik kanpoko hondakinak ekarriko dituzte, negozioa biribildu arte.

Zaldibarko zabortegiaren eta erraustegiaren kudeaketak antza handia dute: biak dira enpresa pribatuak, ahalik eta diru gehien irabazteko helburuarekin. Eta Eusko Jaurlaritzak du enpresa hauen jarduna kontrolatzeko ardura. Garbi ikusi da Zaldibarren zein izan den enpresa eta EJren funtzionamendua eta zein ondorioak. Orain herritarrok sinistu egin behar al dugu erraustegian desberdina izango dela? Are gehiago, erraustegiaren kasuan eskrupulorik gabeko multinazional baten eskutan dagoenenan.

Gertatu zenaren ondoren jakin zen Zaldibarrera edozein zabor eramaten zela, arriskutsu ala ez, dena nahastuta, kontrolik gabe. Zabor hori erraustegiaren labeetan erretzen denean inork ez daki zer aterako den, eta jakin badakigu emisio arriskutsuenak, dioxina eta furanoak adibidez, urtean ordu gutxitan bakarrik neurtuko direla.

Ikusi da Gipuzkoako herri gehienetan posible dela errefusa asko murriztea. Zergatik ez da gauza bera egiten Donostia, Irun, Lasarte… bezalako herrietan? Herri hauek dira erraustegia gehien elikatzen dutenak; ez dute besteek txukun samar egiten dutena hondatzeko eskubiderik. Eta industria hondakinekin berdin: irtenbide bakarra hondakinak murriztea da. Industrien artean ere badira lanak txukun egiten dituztenak eta dena nahasirik botatzen dutenak ere bai. Eta Administrazio Publikoa beti bezala, beste aldera begira.

Egoera tamalgarri hau salatzeko asmotan Errausketaren Aurkako Mugimenduan martxoaren 27an erraustegira martxa antolatu du, goizeko 11etan Lasarte-Oriako Okendo plazatik irten eta 12etan erraustegiaren sarreran elkarretaratzea eginez. Bertan parte hartzeeko eskaria luzatzen zaie herritarrei, beste behin ere ozen esango diegu gure agintariei hondakinen errausketa ez dela arazo honen konponbidea.

ERRAUSTEGIA GELDITU!
HONDAKINAK MURRIZTU, BERRERABILI, BIRZIKLATU!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude