Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideetako sailburuak eta Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroak astelehenean inauguratuko dute Zubietako (Gipuzkoa) espetxe berria, Jaurlaritzaren eskuetara pasa eta 40 egunera. Orotara 450 presorentzako lekua du kartzela berriak; hasiera batean 280 bat lagun hartuko ditu, horietatik 230 Martuteneko espetxetik lekualdatuak.
Espetxe berriak, osotasunean, 284.200 metro koadro ditu –eraikinari 80.000 dagozkio–, eta 255 funtzionario arituko dira bertan lanean. Hilaren 11n eraikina bisitatu zuen María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak. Nabarmendu zuenez, "Gipuzkoako espetxe berria funtsezkoa izango da euskal eredua finkatzeko, gizarteratzean eta bizikidetzan oinarritua".
San Josék azaldu du zentro berriaren irekierarekin eta Martuteneren itxierarekin, euskal espetxe eredua sendotzen dela, eta “espetxe-betearazpen modernoago, espezializatuago eta pertsonak artatzeko gaitasun handiagokoaren aldeko apustua" egiten duela. Gaineratu du instalazio berriek eredu bati erantzuten diotela, "segurtasuna eta tratamendua elkar indartzen dutena, bizikidetza bermatzeko eta delitu bat egiten duten pertsonengan benetako aldaketa-prozesu bat sortzeko aukera emanez".
Zubietako Espetxea modulutan antolatuta dago, eta modulu horiek aukera ematen dute barne-sailkapen hobea egiteko, pertsona bakoitzari egokitutako ibilbideak egiteko eta profil desberdinetako programa espezifikoak egiteko, sailburuak ziurtatu duenez. Bere hitzetan, antolaketa horrek "Euskadiko espetxe ereduaren bilakaera adierazten du: bizikidetzarako espazio hobeak ditu, prestakuntzarako eta enplegurako aukera gehiago eta esku-hartze pertsonalizatuagoa". Helburua da gizarteratzen laguntzea, "segurtasun eta erantzukizun esparru batetik abiatuta".
Martutenen, 400 etxebizitza
Martuteneko kartzela hustuta, bertan garatzekoak diren hirigintza proiektua abiarazi ahal izango dute erakundeek, 400 etxebizitza ingurukoa. Hain zuzen ere, aurreikuspena da 2027ko lehenengo seihilekoan hastea kartzela zaharra eraisten. Martuteneko espetxea eraisteko proiektua Visesa Eusko Jaurlaritzaren mendeko enpresa publikoak idatziko du, eta eragiketa egiteaz arduratuko den estatuko Casa47 erakundeari emango diote ondoren. Esleipenaren aurrekontua 4 milioi euro ingurukoa izango da.