argia.eus
INPRIMATU
Zortzikoa eta dantza-jauziak ikasteko ikus-entzunezko materiala sarean
  • Dantza bakoitza pausoz pauso ikasteko ariketak eta adibideak jaso ditu Aritz Ibañez dantza-maisu iruindarrak "Pausoka dantzan: Klik eta dantza!" proiektuan, eta dagoeneko erabilgarri daude Dantzan.eus webgunean. Sortutakoak Tradizionalaren 9. edizioan material didaktikoa egiteko hautatutako proiektua Iruñeko Euskokultur eta Dantzan elkarteekin batera garatu du.

dantzan.eus 2023ko urtarrilaren 05

Pausoka dantzan

Dantzak pausoz-pauso irakasteko materiala jasotzen du Pausoka Dantzan proiektuak. Aurretik izan dira antzeko ekimen eta tutorialak. Patxi Laborda, Iparraldeko Dantzarien Biltzarra, Aiko Taldea eta bestelako hainbat elkarte eta erakundek sareratu izan dituzte dantzak ikasteko ikus-entzunezko materialak. Haien hariari tiraka, material eta baliabide berriak ekoitzi ditu Aritz Ibañezek, Euskokultur eta Dantzan elkarteekin burututako lanean.

Dantzarako material didaktikoaren beharra

Dantzan Ikasiren I. Topaketetan bistaratu zen dantza irakasteko material didaktiko urria dagoela. Behar horri erantzuteko ahaleginean, Sortutakoak Tradizionalaren hurrengo deialdian jarri zen abian irakasteko materiala sortzeko lerroa.

Bideo-tutorialen bidez, gailu digitaletara bideratutako lengoaian, zortzikoaren eta dantza-jauzien elementuak definitu, eta hutsetik ikasteko moduan sareratu ditu Ibañezek: musikaren neurria eta hura lantzeko ariketak, oinarrizko gorputz mugimendua, mugimendutik urratserako definizioa, urratsen konbinazioa… Dantzarientzako aproposa izateaz gain, irakaskuntza arautuan ari diren irakasleentzako egokiak suerta litezke bideo-tutorialak eta idatzitako azalpenak.  

Dantza-jauziak eta zortzikoa

Azken hamarkadetan Nafarroako iparraldetik Euskal Herri osora hedatutako bi dantza hautatu ditu Aritz Ibañezek Pausoko Dantzan abiatzeko. Zortzikoa batetik, ezagunena Lantzeko inauterietan dantzatua izanagatik, Baztan, Malerreka edota Bortzirietako herrietan dantzatzen dena; bestetik dantza-jauziak (toki askotan muxiko izenez ezagunak), izen propioa duten puntuak konbinatuta, neurri irregularreko doinuekin dantzatzen direnak.

Pausoka dantzan notazioa

 

Hala zortzikoa, nola dantza-jauziak azaltzeko notazio-sistema bat baliatu du, ikasketa prozesuari laguntzeko. Gorputzaren mugimenduak dantzaeran duen eraginaren azalpen xehekin, dantzon inolako ezagutzarik gabe ere ikas liteke dantza bakoitza.

 

Aritz Ibañez (Iruñea, 1979)

Duguna dantza-taldeko zuzendari eta dantza-maisua. Iruñerrian eta Nafarroan kultur ondarea jasotzen eta sortzen ibilbide luzea egiten dihardu. Duguna taldearen buruan, Iruñeko urte errituala osatzen ari da: Iruñeko ezpata-dantza (2009), San Blas eta San Juan egunetako soka-dantzak (2013), Trokeo-dantzak (2017). Halaber, zenbait elkarte eta eragilerekin sortu zituen Bidador pastorala (2015) eta Iruinkokoa (2019). Argia taldeko ikuskizunetan eta sorkuntza-prozesuetan parte hartzen du 2007tik.