Badirudi otsailaren 21ean izandako eraso polizialaren harira egin dituztela atxiloketak. Atxilotuak aske geratu dira deklaratu ondoren.
Indar Gorriren aurkako atxiloketak izan dira beste behin ere. Osasunako zaleen taldeak sare sozialen bidez jakinarazi du gutxienez hiru kide atxilotu dituela Espainiako Poliziak, otsailaren 21eko gertakariei lotuta, eta hedabide batzuek gerora adierazi dute zortzi atxilotu izan direla guztira. Aske utzi dituzte deklaratu eta gero. Martxoaren 18an ere atxilotu zituzten lau lagun gertaera horiengatik.
Otsailaren 21ean, Osasunak Sadarren (Iruñea, Nafarroa) jokatu zuen Madrilen aurka, eta partida amaitzean, zaleen aurka oldartu ziren segurtasun-indarreko eta Espainiako Poliziako agenteak. Estadio barruan zein kanpoan egin zituzten karga polizialak, eta gutxienez 30 pertsona zauritu zituzten. Konortea galdu zuen haietako batek.
Gau hartako biolentzia polizialak haserre handia sortu zuen Osasunako zalegoan eta jendartean. Martxoaren 7an, esaterako, manifestazio jendetsu bat egin zuten Iruñean, Sadarren izandako interbentzio polizial bortitza salatzeko.