Zisterna kamioiak ura Karrantzara eramaten hasi dira, hornidura faltagatik

  • Lehorteak udalerriaren egoera larriagotu du, urez hornitzeko erabiltzen zituen bi baltsetako bakarra baitago martxan. Hortaz, abuztuan 250.000 litro ur jasoko ditu egunean, astelehenetik ortziralera. Busturialdeko eta Lea-Artibaiko 21 udalerritan ere murrizketak ezarri dituzte.


2026ko abuztuaren 4an - 12:23
Zisterna kamioiak ura Karrantzara eramaten hasi dira, hornidura bermatzeko. RTVE.es
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Zisterna kamioiak ura Karrantzara (Bizkaia) eramaten hasi dira, hornidura bermatzeko. Abuztuan 250.000 litro ur jasoko ditu egunean, astelehenetik ortziralera. Izan ere, Karrantzako Udalak uda hasieran bizilagunei "uraren kontsumoa ahalik eta gehien murrizteko" eskatu arren, ur falta handia dauka herriak; batetik, uda honetako beroak eta lehorteak uraren kontsumoa areagotu duelako; eta, bertzetik, udalerri hori hornitzen duen bi urtegietako bat, Argañedakoa, itxi egin dutelako lur mugimenduen ondorioz. Hortaz, orain arte, Karrantzak La Cerrojako urmaeleko ura soilik zeukan eskuragai, ez baitago Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren sarera konektatuta; hau da, Arabako Zadorrako urtegietara.

Uraren banaketa bi zisterna kamioiren bidez eginen dute. Ibilgailuek egunean sei aldiz eginen dute bidea, eta garraioa Bizkaiko Foru Aldundiak ordainduko du. Kamioiek Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren Zallako (Bizkaia) ur biltegitik San Estebango (Bizkaia) ur biltegira eramanen dute ura. San Esteban izanen da ur hornidura jasotzeko gune nagusia, baina, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, sistemaren beharrek hala eskatzen dutenean, Ubaleko (Bizkaia) ur biltegia ere bideratuko dute.

Karrantzako Udalak ordainduko du ura, eta hark erabakiko du une bakoitzean zertarako erabiliko den, erreserben egoeraren eta udal horniduraren beharren arabera. Ura hilabete baterako eramatea aurreikusi dute, baina egoerak hala eskatzen badu, gehiago luza dezakete. 2022an Kantabriako Ramales de la Victoria udalerritik eraman behar izan zuten ura, ez zutelako Bizkaiko Foru Aldundiarekin akordiorik lortu.

Murrizketak, 21 herritan

Karrantza ez da hornikuntzan arazoak dituen Bizkaiko eskualde bakarra; Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren sarera konektatuta ez dauden gunetan arazoak edukitzen ari dira tenperatura altuen eta lehortearen ondorioz. Ur eskasiari aitzin egiteko, partzuergoak ur kontsumoa mugatzeko neurriak hartzeko eskatu die Busturialdeko eta Lea-Artibaiko 21 udalei.

Zehazki, udalei eskatu die debekatzeko igerileku pribatuak betetzea, lorategiak eta baratzeak ureztatzea, eta ibilgailuak eta espazio pribatuak garbitzea. Horrez gain, dei egin die herritarrei "arduraz" jokatzeko, "hornidura aldi baterako etetea ekar lezaketen neurri zorrotzagoak hartzea saihesteko helburuarekin”.


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...