Zisjordanian 480 kilometroko beste harresi bat eraikitzen hasi da Israel, lur emankorrenak bereganatzeko

  • Israelgo Gobernuak, harresiaren lehen 22 kilometroak eraikitzeko, inguruko herrietan bizi diren palestinarren aurkako kanporatze aginduak eman ditu jadanik. Jordan bailarako iparraldeko nekazaritza eta abeltzaintza lur emankorretan "milaka hektarea lur eskuraezin geratuko dira palestinarrentzat", salatu du Kerem Navot GKEak.

Atuf herrixkan lubakiak eta errepideak eraikitzen hasi da Israelgo Armada. EFE / Patricia Martinez

2026ko uztailaren 8an - 11:07
Azken eguneraketa: 13:23
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hari gorrimina, izen hori eman diote Israelek Zisjordaniako lurrak okupatzen eta bereganatzen jarraitzeko esku artean duen proiektu erraldoiari. Benjamin Netanyahuren gobernuak 480 kilometroko harresia eraiki nahi du Zisjordaniak Jordaniarekin muga egiten duen lerrotik 12 kilometro inguru mendebalderantz, haren paraleloan, Golango gainetatik Itsaso Gorriraino luzatuko litzatekeena.

Lehen 22 kilometroak eraikitzen hasi da jadanik. Horretarako, inguru horretan dagoen Atuf herrian 116 hektarea konfiskatu eta hango palestinarrak kanporatzeko agindua eman du, EFE agentziak jakinarazi duenez. Israelgo Armadak lubaki bat ireki du eta judutar kolonoek soilik erabili dezaketen errepidea eginarazi du. Atufko herritarrez gain, inguruko beste etxalde askotako herritarrak ere kanporatze mehatxupean daude, Khirbet Yarzakoak eta Ein al Hilwehkoak kasu.

Lur horiek Jordan bailararen iparraldeko nekazaritza eremua dira, "Zisjordaniaren bihitegia" moduan ere ezaguna, eta plastikozko negutegiz josita daude. Palestinarrek datilak, tomateak eta bestelako jangaiak lantzen dituzte bertan. Hortaz, Israelek Zisjordaniako lur emankorrenak 'de facto' anexionatuko lituzke

Israelek Zisjordaniako okupazioan duen eragina monitorizatzen duen Kerem Navot GKEko fundatzaile Dror Etkesek EFEri azaldu dionez, "milaka hektarea lur palestinarrentzat eskuraezin" geratuko dira, behin harresia eraikita. Hango herritarrek egunero egiten dute Jordaniako mugan dauden lurretara bidea, laborantzan aritzeko, baina soldadu israeldarren kontrol ugari igaro behar izaten dituzte horretarako; harresia eraikitzen denean, are isolatuago geratuko dira.

Lur horiek Jordan bailararen iparraldeko nekazaritza eremua dira, "Zisjordaniaren bihitegia" moduan ere ezaguna, eta plastikozko negutegiz josita daude. Palestinarrek datilak, tomateak eta bestelako jangaiak lantzen dituzte bertan. Hortaz, Israelek Zisjordaniako lur emankorrenak de facto anexionatuko lituzke.

Segurtasunaren aitzakia

Harresi horren proiektua aspaldikoa bada ere, 2024an jarri zuen martxan Israelgo Gobernuak, Israel Katz Defentsa ministroaren aginduz. Segurtasuna izan zen argudioa; baina agindu horri helegitea jarri ondoren, Israelgo Auzitegi Gorenak kanporatzeak eta etxe eraisketak etetea ebatzi zuen, Israelgo armadak epaiari entzungor egin badio ere.

2026ko martxotik, ordea, berriz ere segurtasunaren argudioa erabilita –oraingoan gobernuak dio Iranek kontrabandorako erabiltzen duela muga hori– proiektua berrabiarazi du Tel Avivek. 

Zisjordania lehendik ere porlanezko kaiola baten modukoa da: duela hogei urte baino gehiago hasi ziren eraikitzen Israeldar Harresia, lurraldea mendebaldetik inguratzen duen 721 kilometroko horma; zenbait kasutan judutar kolonietaraino 20 kilometro barneratzen da mapan lerro gorri hori. 2004an, Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen ilegala dela.  


Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...